Askotan, txakurren eta haurren heziketa non bereizten den ikustea zaila egiten zait. Lagunen eta familiartekoen artean askotan izan dugun eztabaida da hau: zer da hobe, haurrak izan ala txakurra edukitzea? Lehenik eta behin esan behar dut biak maite ditudala, bai haurrak eta baita txakurrak ere. Baina gaur egun hauen arteko aukeraketa eta desberdintzea zailagoa egien den lana da.
Beti nahi izan dut txakur baten jabe izan. Gustuko dudan animalia da: alaia, jolastia eta beti esan ohi da oso fidelak direla. Badakit oso zoriontsu nintzatekeela halako baten ondoan, kalean paseatuz eta mendian txangoak eginez. Baina sekulako lana ematen dutela iruditzen zait ere: garbitu, elikatu, paseatu, hezi… Eta niretzat okerrena dena: negua, hotza, euria, arratsaldeko zortziak… nork aterako du txakurra kalera?
Haurrek beste lan batzuk ematen dituzte eta, gainera, “gaizki” ateraz gero, ezin dira txakurtegian utzi, oparitu, abandonatu edo, okerreneko kasuan, hil. Ez. Haurrak bizitza osorako dira. Edo haurra izateari utzi eta nerabe bilakatu arte. Egoera are eta zailagoa. Baina hori beste baterako utziko dut.
Aipatu ditut elikadura eta higienea: txakurren eta umeen artean komunak direnak. Baina badute partekatzen duten beste zerbait: heziketa. Bai, jauna! (edo andrea!) Txakurrak ere “hezi” behar omen dira!
Ez naiz ausartzen txakurren horri heziketa deitzen. Erakutsiko diegu gure alboan egoten, deitutakoan etortzen, zapatilak hortzen artean ez apurtzen… baina hori ez da heziketa. Hala ere, jendea tematuta dago txakurrak pertsonak balira tratatzen. Ikusi ditut bere artzain-txakurrarekin dialogatzen eta negoziatzen dutenak. Txakurrak kontzientzia balute bezala! Hala hasten dira: “Goazen etxera Tobi! Berandu da eta!” Txakurrari bost axola zaio zer den! Edo beste hau: “Sultan, aska ezazu gizonaren besoa, min egingo diozu eta…” Mesedez! Zer uste du? txakurrak besoa askatuko duela honakoa esango duela? “Oh! Barkatu! Konturatu gabe egin dut. Badakizu, sena…” Baina okerrena, aurreko egunean kalean emakume bati entzun niona bere txakur txikiari deitzen: “Zatoz amarenagana!” Baina zer da hau? Edo txakurra ez da txakurra, edo emakume hori ez da gizakia, edo bietako bati burua joan zaio! (Edo biei!)
Hala ere, gaitza ez dago soilik zabalduta txakurren jabeen artea. Sentitzen dut esatea, baina guraso batzuek euren seme alabak txakurrak balira tratatzen dituzte. Eta irakasle batzuek ere bai. Baina ez hartu nire hitzak zentzu okerrean. Ez dut esan nahi euren umetxoak gaizki tratatzen dituztenik, txakurrekin baleude bezala jokatzen dutela baizik: “Ixo! Jan” Geldi”Zatoz!…” Aurrekoan beste emakume batek zera esan zion bere seme txikiari: “Azkenean lotu beharko zaitut…”
Gure seme alaben heziketa eredua hain konduktibista bilakatu dugu, ezen, askotan, hezi baino, derrigortzen ditugula ematen duela. Hitz baten aurrean erantzun zehatz bat nahi dugu. Eta gainera, momentuan nahi dugu. Ez dut esan nahi batzuetan arau zehatzak beharrezkoak ez direnik. Baina gure gelak automatak diren ikasleez bete nahi ditugula ematen du. Ez diegu mugitzen eta hitz egiten uzten. Batzuetan, pentsatzen ere ez diegu uzten. Oso pozik jartzen gara eskatutakoa eskatuta bezala egiten dutenean. Etxeko zapatilak ahoan ekartzea bakarrik falta zaie.
Haurrek haur izan behar dute. Erortzen eta berriro altxatzen utzi behar diegu. Altxatzen lagundu beharko diegu. Mundua erakutsi behar diegu, euren modura interpretatu dezaten. Zikindu daitezela. Gozokiak jan ditzatela. Tarteka etxerako lanak ez ditzatela egin. Haserretu daitezela. Guk, bakarrik, gidatu behar ditugu. Baina garrantzitsuena: haur izaten utzi behar diegu. Etorriko da bizitza (eta hezkuntza sistema) eta kenduko die hori guztia. Ez dazagun prozesua azkartu…
Amaitzeko, sekretu txiki bat kontatu nahi dut: nire aitak heziketarena erabat kontrolatuta zuen: gauero bere etxeko zapatilak eramaten nizkion…