Apatridak

Haur garaietako lagun batekin egin nuen topo kalean atzo. OHOko garaietako ikaskidea. Aspaldian ez nuela ikusten. Gordeta ditudan oroitzapenetan bezala aurkitu nuen: alai, oso alai. Mutiko txiki bat zeraman ume-kotxe bati egiten zion bultza, haurtxoari hitz jolastiak egiten zizkion bitartean. Eta bere irudi bera ikusi nuen txikiaren aurpegian. Azken urteetan egindakoez eta bizitzak nola tratatzen gaituen moduaz hitz egin genuen, eta gero, agurtu ostean, bere bideari ekin zion, beti bezain irribarretsu, haurrari kontutxoak eginez.

Kotxean lanerantz nindoala, izandako elkartera eraman ninduten pentsamenduek, eta nire lagunaren haurtzaroa ekarri nuen gogora. Esan bezala, gu OHOko garaietakoak izan ginen, ume ginen garai haietan. Nire lagun honek ikaragarri gustuko zuen jostailu zehatz batekin jolasean aritzea, pieza askotariko horietakoa, osagarri asko duena, istorioak asmatzeko eta imajinazioari bide ematen duten horietakoa. Aukera zuen guztietan aritzen zen, etxeko bakardadean, bere “laguntxoei” bizitza ematen eta abentura ikaragarriak bizitzen. Baina denborak aurrera egiten zuen heinean, gainontzeko ikaskideek beste mota bateko jolasak eta interesak genituela konturatu zen, eta etxeko egongelako lurrean etzanda sartzen ez zela ere ikusi zuen.

Sasoi zaila izan zen hura. Nahiak aldatzen joan zitzaizkion eta, orduko BBB ikasketak hasi behar zituela konturatu zenean, jolas horiek alboratzea erabaki zuen. Agian ez zen erabaki kontzientea izan. Ala agian bai. Agian egoerak berak bultzatuta, edo agian hainbeste darabilgun heldutasuna iritsi zitzaion. Heldutasun madarikatua berarentzat! Modu batean ala bestean, jadanik haurra ez zela jabetu zen, ez gorpuzkeran, ez gustuetan eta are gutxiago ingurukokin zituen harremanetan. Eta nerabe desorekatu bilakatu zen, bat-batean. Bizitza goitik behera aldatu zitzaion. 14 urte zituen ordurako.

“Heldutasun madarikatua!” errepikatu nuen neure barrenerako. Nire burua ikusten nuen orduan, gaur egun, nire ikasleen gurasoei ebaluazio txostena emateko elkartzen garenean, euren seme-alaben “heldutasun puntuari” buruz hitz egiten. Heldutasuna ezinbesteko baldintza balitz bezala. Eta posible da hala izatea, baina pertsona helduak direnean. Orain haurrak dira, eta haur izaten jarraitzea ahalbideratu beharko genuke. Guztiok. Gurasook, irakasleok, finean, gizarte osoak.

Duela hainbat urte OHO, BBB eta halakoak desagertu eta LH eta DBH bezalako terminoak eta, okerrena dena, etapak ezarri ziren. Lehen Hezkuntza. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Eta gure haurrak, 12 urterekin, institutura bidaltzen hasi ginen, ordura arteko irakasleen goxotasunetik urrun, erabat arrotza zaien toki batera. Zorrotza. Ihesbiderik gabekoa. Beren adinerako exijentzia maila altuegia duen sistemara. Haurtzaroa behin-betirako lapurtuko dien sistemara. Baina, lehenago, etorriko zaien horretarako prestatu nahian edo, LHko hirugarren zikloan jada umezaro hori baldintzatzen hasten gara, eta heldutasuna ote duten ala ez borroka horretara eramaten ditugu.

Askotan entzun dut, eta baita esan ere (mea culpa!) ikasle bati buruz halako esaldiak: “oso ume da, DBHn ez du erritmoa hartuko”, “oso jolastia da, haurtxoa da”, “Buf! DBHn jan egingo dute, hain da umea eta!” eta halako beste mila “perlatxo” ere.

Eta halakoetan, nire lagun horrekin akordatzen naiz, 14 urte arte haur izateari eustea lortu zuen harekin. Gaurko neska-mutilei ez bezala, hari ez zioten haurtzaroa lapurtu. Gogorra da, bai, baina onartu dezagun, seme-alabei duten altxorrik preziatuena lapurtzen ari gatzaizkie: haurtzaroa. Sekulan itzuliko ez den aroa ahalik eta azkarren pasarazten diegu, gero, urteekin, betirako galdu dela konturatzeko.

Haurtzaroa jolas egitea beste derrigorrik izan beharko ez lukeen garai izan behar du. Eta hori guztia da kentzen dieguna. Rainer Maria Rilke idazleak zioen gizakiaren aberri bakarra haurtzaroa dela. Eta hala bada, zoritxarrez, mundua apatrida txikiz betetzen ari garela sinesten dut.