Onartu behar dut ez naizela ni test moduko galdetegiak ebaluazio tresna bezala erabiltzearen oso aldekoa. Galderetan oinarritutako jarduera bat diseinatu behar badut nahiago izaten dut galdera irekietan oinarritutako zerbait prestatzea, ahal bada, erantzun posible anitzak onartzen dituzten galderak. Zuzenketek lan gehiago suposatzen dutela garbi dago baina ikaslearen gaitasunak askoz hobe islatzen dira mota honetako galdetegiekin.
Dena den, onartzen dut, hainbat egoera konkretuetan (une puntual eta ikasle jakinekin, ez modu sistematiko batean, IKASYSekin gertatzen den bezala) horrelako galdetegiek aplikazio interesgarriak izan ditzaketela, talde berri batekin lehenengoz topatu eta halako aurreebaluazio moduko bat egin nahi dugunean, adibidez. Taldearen diagnostiko azkar eta sinple bat egin nahi badugu ondo etor daiteke horrelako frogatxo bat diseinatzea.
IKASYSen koska moduko bat prestatzea aukera bat litzateke. Bertan daukagun galdera bateria zabaletik sorta bat esleitu eta ikasleak galdetegiaren aurrean ipintzea izan daiteke aukera interesgarri bat. Edozein arrazoirengatik prestatu nahi dugun galdetegia zerbait pertsonalizatuagoa izatea nahi badugu (diseinatutako sekuentzia baten ataza zehatz eta konkretu baten aurrean ikasleek dituzten aurreezagutzak aztertzea) agian nahiago dugu gure galdera bateria propioa prestatzea. horretarako Google Docs-era joan gaitezke, adibidez, eta bertan gure galdetegi pertsonalizatua diseinatu. Google-en tresna potente honekin dagoeneko lanean aritu dena badaki zeinen sinplea den galdera mota anitzeko formulario bat prestatu eta ikasleei helaraztea. Erantzun guztiak modu zentralizatu eta antolatu batean biltzen ditugu kalkulu orri batean gero. Nekeza izan daitekeena da, datuak bildu ondoren, erantzun guztiak banan-bana zuzendu behar izatea (IKASYSek modu automatikoan egiten duena, adibidez)
Bada arazo hori oso modu errazean konpon dezakegu Flubaroo izeneko script bat erabiliz gure kalkulu orrian. Galdetegiaren autozuzenketa oso modu sinplean burutzen da. Hauxe da prozesua labur-labur esplikatuta:
- Galdetegi pertsonalizatua diseinatu eta prestatu
- Formularioa banatu aurretik, guk geuk beteko dugu lehenengo aldiz formularioa, erantzun zuzen guztiekin.
- Formularioa banatu eta ikasleen erantzunen zain geratuko gara. guztiak bilduta geratuko dira kalkulu orrian, gureraren azpian.
- Zuzenketarekin hasteko Flubaroo script-a kargatu beharko dugu erantzunen kalkulu orrian: Insert>>Script>>Education>>Flubaroo
- Spreadsheet-en menuan Flubaroo izeneko aukera berri bat ikusiko dugu. “Grade Assigment” aukeratuko dugu. Zuzenketa automatikoarekin hasi baino lehen, galdera sinple batzuei erantzun beharko diegu, horien artean zein den erreferentziazko erantzun bezala hartuko dugun errenkada. Hortxe guk egindako lehen erantzuna hautatuko dugu.
- Flubarro-k emaitzak kalkulu orriaren eskuinean agertuko diren zutabeetan prestatuko ditu. Galdera bakoitzean “1” edo “0” ipiniko digu zuzena edo okerra den erantzun bakoitzarentzat. Datuen interpretazioa modu askotara egiteko aukera ematen du: galdera bakoitzean ikasleen %60a baina gehiagok gaizki erantzuten badu zutabea laranjaz agertuko zaigu, grafikoak eraiki ahal izango ditugu ikasle guztien erantzunak galderako nola joan diren azalduz, galdetegiaren eremu batean ikasleei euren posta helbidea idaztea eskatzen badiegu, emaitzak posta elektronikoz bidaltzeko aukera izango dugu… Niri behintzat oso tresna erabilgarria iruditu zait.
Azpian daukazue aurreko prozesua azaltzen duen bideoa:
Oso tresna interesgarria iruditu zait Flubaroo. Google Docs-ek irudi, audio, bideo edo beste edozein motatako elementuak galdetegian txertatzeko aukera ematen badu egunen batean, nik esango nuke IKASYS bezain potentea den tresna bat izango dugula eskuartean.