Geroa

Gure hezkuntzan zutabe izandakoa, itota gaituen nozio irreala: geroa. Horrela kantatzen du Lehiotikan talde nafarrak Munduaren Leihoa diskoan. Aspaldian ez nuela kanta entzuten, baina aurrekoan, lanera bidean nindoala, berriro iritsi ziren doinu horiek nire belarrietara. Eta ez hori bakarrik, mezuak berak orain arteko bestelako esanahia ere hartu zuen.

Urte batzuk badira hezkuntza munduan nabilela, eta orain arte konturatu gabe nengoen alderdi garrantzitsu batekin aurrez-aurre jarri ninduen: ikasleak beti gerora begira hezten ditugula, alegia. Egiten ditugun lan eta ahalegin guztiak ikasleen etorkizun “oparo” bati begira egiten dugula iruditzen zait. Askotan, ikasleen gurasoekin hitz egiterakoan, bide horretara jotzen dudala iruditzen zait: “zure seme-alabak orain hartzen dituen ardurak eta ohiturak oso onuragarriak izango ditu etorkizun batean”. Eta lasai asko geratzen naiz.

Etorkizunari begira jartze horretan, iruditzen zait, oraindik eta garrantzitsuagoa den zerbait galtzen dugula bidean: oraina. Geroari begira jarrita, orainaz gozatzea ahazten dugu. Orainari ez diogu denborarik eskaintzen, eta modu horretan, denborak ihes egiten digu, beti biharkoari begira, etorri daitekeenari (edo ez!) begira. Eta oraina, pasa ahala, ez da berriro bueltatzen. Ez dut nahi inurriaren eta txitxarraren ipuinaren irakaskuntza bertan behera utzi nahi. Ez dut uste txitxarraren lasaitasunaz bizi behar dugula, mundua bihar bukatuko balitz bezala; baina ezta ere inurri langile etengabe bezalakoa izan. Nik, bien arteko hibridoa proposatzen dut: etorkizuna landuz, egun egiten duenaz gozatuko duena.

Sinesten dut oraina gehiago landu behar dugula. Unean unekoari etekin ateratzen, disfrutatzen ikasi behar dugu, eta gero gerokoak! Has gaitezen, orain!