Eskola eta gizartea: eskaintzak eskariari erantzuten ez dionean

Aurrekoan Mikelek Google+-en partekatu zituen hiru irudiekin osatuko dut gaurko ekarpena. Oraingo artikulua ederki asko izan zitekeen aurrekoan idatzitakoaren jarraipena, izan ere, hiru argazki hauen bitartez begibistan geratzen da zein den, XXI. mende hasiera honetan, eskolaren eskaintza eta bizitza modernoak dituen benetako eskakizunen arteko aldea. Irudi sinpleak baina mezu potenteak transmititzen dituzten argazkiak dira, bakoitzaren atzean egungo curriculumak dituen hutsuneak garbi geratzen direlarik.

EDUKIAK

Geroz eta garbiago geratzen ari da edukiak konpartimentu isolatuetan antolatzeak ez duela inongo zentzurik. Lehen Hezkuntzan edukiak modu globalizatuan egiteko saiakera desberdinak egin badira ere (Amaraberri metodoa, Txanela proiektua…) Bigarren Hezkuntzan jarraitzen dugu edukien banaketaren ikuskera klasikoarekin. Eta hori, gaurko gizarteak eskatzen duenarengandik ikaragarri urruti dago. Gure lanbidera begiratzea besterik ez daukagu; jakingai batean adituak diren irakasle mintegietan oinarrituta antolatzen dira egungo eskolak. Baina bistan da egun irakaskuntzan ditugun erronkei arrakastaz aurre egiteko, espezialistetan oinarritzen den egitura batetik multidisziplinarrak diren profesionalez eraikitako eskola batera aldatu beharra dagoela, non jakintzagai tradizionaletan bustita dauden irakasle horiek, hizkuntzak behar bezala menperatu behar dituzte (ahoz nahiz idatziz), teknologian trebatuak izan behar dire, pedagogian adituak, psikologiaren eta emozioen esparruan bustiak… eta, garrantzitsuena, taldean lan egiten jakin behar duten. Jakintzagai konkretu batean soilik bustiak diren irakasleek, zaila izango dute bere lekua aurkitzea etorkizunean. Eta hau bizi garen girzatearen ezaugarri propioa da; egokitu dezagun curriculuma bada, egoera berri honetara.

METODOLOGIA

Egungo hezkuntza ereduaren bigarren anakronismoa azaltzen da goiko irudian. Garai batean, goi-mailako ezagutzak jakintzaren tenpluetan bakarrik jasotzen ziren hartan, edukiak buruan izatea balio garrantzitsu bat izan zitekeen eta ziurrenik, lanbide askotan kritikoa izan zitekeen. Gaur egun, informazioa eta ezagutzaren gizartean, horrek bere balioa erabat galdu. Gaurko gizarte aldakorrean, denbora epe laburrean hainbeste aldatzen ari den gizarte honetan, egoera berrietatik arrakastaz irtetea da eskatzen dena. Eta hor, batek dakiena baino garrantzitsuagoa da batek egiten dakiena. Tira, kontu honetan ez daukat gehiago esan beharrik; aspalditik dakigu irakasleok gure lana ezagutza biltegiak sortzea baino ikasle konpetenteak bilatzea dela eta konpetentzia oionarritutako hezkuntza eredu berri honen gakoa arazoen ebazpena dela. Eta horretarako prozesu didaktiko aktiboak garatu behar ditugu gela barruan.

EBALUAZIOA

Goikoarekin lotuta doa azken irudi hau. Metodologia klasikoan, edukiak zenbateraino barneratuta daukaten egiaztatzeko daukagun sistemak ikasle “azkarrak” eta “ez hain azkarrak” bereiztera eramaten gaitu eta horren arabera sailkatzen ditugu “ikasle onak” eta “ikasle txarrak”. Etiketa hori gainean dutela urteak eta urteak egiten dituzte ikasle askok euren ibilbidea ikastolan. Baina lan-mundura irteten direnean jabetzen dira, bai batzuk baita besteak ere, gizartean klixe horiek ez dutelako gehiegirako balio. Adimen mota ugari daudela jabetzen dira eta gizartean adimen desberdi horiei ordurarte eskolan eman ez zaien garrantzia ematen zaiela. Zorte piska bat dutenak euren gaitasun ezkutuak aurkitzera heltzen dira hezkuntza sistema formaletik irteten direnean. Beste batzuk ordea, eskolan jasotako “marka” horrekin egiten dute aurrera euren bizitza guztian. Aurrekoan idatzitako iruzkinean bezala, ikasleak, oilotegi batean ekoizten diren arraultzak bezala sailkatzen ditugu: S, M, L edo XL (gure kasuan GU, NA, O, OO edo BI). Sailkatu baino gehiago, euren indarguneak agerian utzi eta ahuleziak hobetzen ahalegindu beharko ginateke irakasleok, talde homogeneoak bilatzen ahalegindu baino, aniztasunari behar duen garrantzia emanez. Horixe da eta, gaurko gizartearen beste ezaugarri garrantzitsuetako bat.

Ez dakit oraindik Espainiako gobernuak ostiral honetan aurrera eramango dituen erreformek nola eragingo diguten guri. Han hemenka irakurri ditudan iritzien arabera, neurri hauek (ikasle kopurua handitu, lan-orduak igo, lanpostuak jaitsi…) irakaskuntzaren “kalitatea” jaitsi besterik ez dute egingo. Ziurrenik, neurri hauek irakasleen mobilizazioak eragingo dituzte, kalitatezko hezkuntza sistema baten aldeko aldarrikapena lema nagusi bezala hartuta. Mobilizazio hauek guztiz bidezkoak eta beharrezkoak iruditzen zaizkidala esanda, tristuraz aiapatu beharra daukat ere ez dudala horrelako mobilizaziorik ikusi, lan-baldintzak orain izango direnak baina hobeagoak izan direnean, gure hezkuntza sistema anakronikoaren “kalitatea” hobetu behar izan dugunean, bizi garen gizarte modernoak dituen exijentzietara egokituz. Uste dut gure lanbidearekin eta gure ikasleekin zintzoagoak izaten ikasi beharrean gaudela oraindik.

Irudien jatorria: La Pastilla roja