“En el mejor de los casos, al docente lo dejarán a su aire en el claustro; en el peor, tendrá que enfrentarse a las reticencias de compañeros y/o padres, y acostumbrarse a ser el bicho raro. Ni va a ganar más ni va a estar mejor considerado. Y si un día se cansa y lo deja, también dará igual.”
Etiketa: berrikuntza
Eskola hobeak denentzat (3)
Aurreko egunotan Donostian izandako “Eskola hobeak denentzat” izeneko uda ikastaroaren inguruan bi mezu (1 eta 2) argitaratu genituen, baina ikastaroaren amaieran burututako mahai-inguruan ateratako gai garrantzitsuenak aipatu gabe gelditu ginen eta gaur saiatuko gara hori bukatzen.
Esan genuen bezala, J. F. Lukas moderatuta, Abel Ariznabarreta (Ikastolen Elkartea), Xabier Mendizabal (BIHE) eta Pello Aramendi (EHU) izan ziren mahai inguru horretan aritu zirenak. Kristau eskolen ordezkari bat ere aurreikusita zegoen, baina ez zuen etortzerik izan eta hiru horiek izan ziren “Euskal Curriculuma eta eskolen hobekuntza” gaiaren inguruan mintzatu zirenak.
Lehen txandan Pello Aramendi izan zen hitza hartu zuena eta jarraian doazen aspektuak aipatu zituen:
- OCDEk bere kanpo ebaluazioetan erabiltzen dituen adierazleak ez dira nahikoak eskola bat ona den edo ez esateko. Beraz, emaitza horiek tentu handiz hartu eta aztertu behar dira.
- Espainian zor historikoa dago hezkuntzarekiko. Izan ere, oso gutxi inbertitu da eta oraindik ere egoera ez da hobetu.
- Euskadin eta Nafarroan, hobeto gauden arren, gure erreferenteak diren beste lurraldeekin alderatuz, urruti samar gaude.
- Eskola porrotaren datuak negargarriak Espainian eta EAEn nabarmen hobeak, baina oraindik ere bide luze bat dago eremu horretan hobetzeko.
- 0-2 urteko etapa EAEn eta Nafarroan hedatzen eta indartzen jarraitu beharko genuke.
- Ikastetxeek autonomia eskasa (publikoetan areagotu egiten da arazoa) dute eta administrazioak duen jarrera zurruna aldatu beharko luke.
- Gertuko administrazioari (udalak eta diputazioak) rol garrantzitsuagoa eman behar zaie.
- Irakasleen rola derrigorrez aldatu beharra. Proiektuarekiko atxikimendua eta konpromisoa azaltzen duten irakasleak zaindu eta mantendu.
- Ebaluazioaren (barnekoa nahiz kanpokoa) kultura garatu behar da hobekuntza tresna gisa.
- Curriculuma egokituta landu eta ez finkatuta datorrena argitaletxeetatik edo administraziotik. Gutxieneko ezagutzak finkatu, zehar lerroetan jorratzen dena ere aintzat hartu (bizikidetza, osasuna, euskal izaera…).
- Testu liburu kontsumitzaile hutsak diren irakasleekin amaitu eta irakasle sortzaileak bultzatu behar dira.
- Inertziaz egiten diren hainbat gauza birplanteatu behar dira, hala nola; aniztasunaren trataera, orientazioa, ikasturteak promozionatzeko edo errepikatzeko gaia, harrera programak…
Jarraian, Abel Ariznabarretaren txanda iritsi zen. Honek zituen 10 minutu horietan dena sartu nahi izan zuen eta, jakina, formula bateko kotxe baten abiaduran mintzatu zen eta oso zaila egin zitzaigun oso ondo prestatuta eta egituratuta ekarri zuen diskurtsoa jarraitzea. Noski, apunteak hartzea zailagoa izan zen. Hala ere, nik uste dut esandako ideia garrantzitsuenak jaso ahal izan nituela. Horra hor:
- Oro har, EAEn eta Nafarroan eskola onak ditugu. Ez horren onak, ordea, gure antzeko beste lurraldeekin alderatuz gero.
- PISA bezalako proben emaitzak epe labur batean hobetzea ez da gauza zaila. Administrazioak helburu hori lortzeko politika bat bultzatuz gero, lortzen da. Hori frogatzeko hori egin duten lurralde batzuen adibideak jarri zituen.
- Horregatik, ezinbestekoa da goitik beherako inpultso hori, behetik datorrena alboratu gabe.
- Izugarrizko balioa eman zion Ebaluazio diagnostikoari. Izan ere, irakurketa sakon bat eginez, oso ondorio esanguratsuak atera daitezke. Ikastolen Elkartean bide horri heldu omen diote.
- Ikastetxeen autonomiaz asko hitz egiten bada ere, kontu handiz tratatu beharreko gaia eta ez du begi onez ikusten gai hori besterik gabe planteatzea. Beste aspektu gehiago aintzat hartu beharko lirateke eta.
- Hobekuntzarako klabe garrantzitsuena gela da. Izan ere, bertan gauzatzen dira prozesu guztiak.
- Antolaketari dagokionez, garrantzia handia lidergoari eta irakasleen gaitasunari eman zien.
- Antolaketa orokorrak koherentzia izan behar du bilatzen dugun ikasle irteera profilarekin eta lortu nahi ditugun emaitzekin.
- Euskal Curriculuma ikastolen ikurra baino gehiago da. Euskal ikuspegia bermatzeaz gain, konpetentzietan oinarrituta dago.
- Materialgintzan Ikastolen Elkartearen lana goraipatu zuen eta arestian aipatutako helburuen lorpenaren mesedean ekoizten direla adierazi zuen.
- Horrekin batera, irakasleentzat formazio sakona eskaintzen dute. Ekoiztutako unitate berriak esperimentatu eta ebaluatu egin dira. Hobekuntzak ondorioztatu dira eta dena prest dute DBH 1eko eguneroko lanean txertatzeko.
- Ikastolek “Integrazioaren Pedagogia”ren aldeko hautua egin dute.
- Finkatutako ikasleen irteera profila konpetentzien bidez lortu nahi da.
- Azken finean, lortu nahi dena hauxe da: emaitzak hobetu, ikastolak gaitze prozesuan jarri eta egun dauden tarteak murriztu ekitatea hobetuz.
Abelen “zaparrada”ren ondoren, Xabier Mendizabalen txanda iritsi zen. Hau lasaiago eta inongo aurkezpenik gabe aritu zen. Hori bai, gauzak ozenkiago esan daitezke, baina argiago…
- Ikastetxe publikoek eskola inklusiboaren aldeko apustu garbia egiten dute. Horrek markatzen euren zeregina.
- Hezkuntza kalitatea konpetentzia kognitiboaz harago doan zerbait izanik, emaitza hutsetatik harago ez doazen planteamenduek ez dute lekurik eta ez datoz bat euren printzipioekin.
- “Instrukzioa” bakarrik ebaluatzea ez da bidezkoa. Ikuspegi integrala behar da.
- Administrazioan sartzen diren guztiek “euren arrastoa” utzi nahi izaten dutenez, indarrean dauden proiektu batzuk baztertzen dituzte inongo irizpide garbirik gabe eta egitasmo berri batzuk ezartzen dituzte. Horrek berrikuntza prozesuak oztopatu besterik ez ditu egiten.
- Zerbitzu publiko bezala, baliabideen erabilera eraginkorra egin behar dugu. Erantzukizuna gure gain hartu eta ez administrazioaren gain utzi. Azken finean, administrazioaren baliabideak GUZTIONAK dira.
- Konpetentzia “ez kognitiboak” gartuz gero, konpetentzia kognitiboak ere hobetuko dira. Horregatik, azken hauetan gehiegi zentratzeak ez du merezi.
- Kalitatezko ikastetxe batean, denek dakite zer egin, nola jokatu… Ez dago zalantzarako tokirik.
- Ebaluazioaren kultura beharrezkoa da, baina barnean eta gure errealitatera egokituta dagoena egiten dena, batez ere.
- Zuzendariaz ez dute hitz egiten. Bakarrik “Zuzendaritza Taldea” ulertzen dute eta horri ematen diote garrantzia. Horrekin batera, taldeak aurkezten duen “Zuzendaritza Proiektua” izugarrizko balioa du.
- Ezinbestean, erantzukizun kolektiboa behar da (administrazioa, ikuskaritza, berritzeguneak, ikastetxeak…
- Noski, horretan sinisten dutenek AUTONOMIA eskatzen dute, baina ez dute ulertzen autonomia hori nolabaiteko diskriminazioak sortzeko (pribilegiatuak), prozesu integratzaileak (ekitatea bermatzeko) garatzeko baizik.
- Administrazioaren zurruntasunarekin AMAITU beharra dago.
- Ez da posible irakasle bat konprometituta dagoenean, proiektu berritzailetan murgilduta dabilenean, ikastetxeari ekarpen ugari egiten dionean… ikastetxeak inongo eskumenik ez izatea bere jarraipena bermatzeko.
- Egun dauden formazio zirkuituetan, teoriko eta aditu asko ikusten da, baina nekez ikusten dira praktika onak, berritzaileak eta arrakastaz burutu dituzten irakasleak. Ezinbestekoa da pertsona horiek hor sartzea formazio praktikoagoa eta irakasleen errealitateari lotutakoa izateko.
Hiru mahaikideek hitz egin ondoren, galderen txanda iritsi zen. Baina gehienetan gertatzen den bezala, horretarako oso denbora gutxi gelditu zen eta saioa ia ordu erdiz luzatu behar izan zuten.
Egia esan, jendeak eginiko galderen aurrean, mahaikideen erantzun gehienek aurreko saioetan esandakoa berresten zuten eta oso gauza berri gutxi atera zen. beharbada, deigarria egin zitzaidan ikastola batean aritutako eta orain publiko batean dabilen andereño baten iruzkina. Berak esan zuenez, publikoa ezagutu duenetik maitemintzen ari dela bertan arnasten den giroarekin eta askatasunarekin, baina faltan botatzen duela ikastoletan bizi den euskaltasuna. Bere iritziz, Eskola Publikoak ahalegin berezi bat egin beharko lukeela hori konpontzeko.
Iruzkin horren aurrean, noski, ikastetxe publikoen ordezkariak aipatu zuen horren inguruan lan handia egin dela eta euren printzipioetan hori beti presente dagoela eta ados zegoela bere adierazpen horrekin, baina era askotako oztopoei aurre egin behar izaten dietela eta bidean daudela. Adibide gisa, “A” ereduarena aipatu zuen. Administrazioak eredu hori kentzen ez badu, ezinezkoa egingo zaie aipatutako euskal izaera hori bermatzea. Beste alde batetik, ikastetxe publiko askotan gertatzen ari da etorkin kopuru izugarri handia dutela eta, hori gutxi balitz, bazterketa sozialetik datozen ikasle gehienak ere hartzen dituztela. Horrekin egiten duten esfortzua ere aitortu behar zaiela eta esfortzu hori beste sareetako ikastetxeekin partekatu beharko litzatekeela. Hau da, lan horren zamarik handiena ikastetxe publikoen esku gelditzen bada, ezin da gero kritikatu euskal izaera hori bultzatzen ez dutenik.
Tira, horraino bi egun horietan jaso nuena. Ahaleginak egin ditut hizlariek adierazitakoa islatzen eta, batez ere, esan zutenaren espiritua jasotzen. Konturatuko zinetenez, nire iritzi pertsonala ez dut eman eta aseptikoa izaten ahalegindu naiz. Horregatik, nire hurrengo asmoa bertan bizi izandakoa eta entzundako guztiaren aurrean sentitu nuena eta pentsatzen dudana esatea izango da. Ea bihar hori argitaratzeko astirik dudan.
Gutun irekia nire batxilergoko fisikako ikasleei
Datorren urtean fisikan izango zaituztedan ikasle agurgarriok
Aurtengo hainbat klaseetan entzun didazuen moduan, badakizue ez nagoela oso gustura nire klaseak antolatzen ditudan moduarekin ezta hauei ateratzen diegun etekinarekin, ez zuek, ezta nik ere. Askotan azaldu naiz kritiko zuen aurrean, kexu eta etsipen puntu batekin, egiten dudan lanaren baliagarritasuna baloratzerakoan. Ez da aurtengo kontua, ez da zuekin zuzenean erlazionatutako zerbait. Azken sei urte hauetan kontu berdinarekin joan natzaie aurretik pasa diren promozio guztiei, zuek baino zaharragoak diren ikasle-ohiei galdetzea besterik ez duzue.
Pentsa zenezakete sei urte hauek besoak gurutzatuta ezer egin gabe pasa ditudala, ezer aldatzen ez duen jarrera ezkor batean murgilduta denbora guztian. Ez da erabat egia. Duela bost urte gauzak aldatzeko ahalegina egin nuen. Denbora asko kendu zidan lan bat izan zen eta emaitzak ez ziren izan espero nituenak. Espero nituen hobekuntzak teknologiaren eskutik etorriko zirela sinesten nuen orduan. Baina oker nenbilen. Gaur badakit funtzionatzen ez duen eredu didaktiko batean, teknologiak eredu hori oraindik okerragoa bihurtzen duela, mesede baino gehiago kalte egiten duela. Ez da hori ikasi nuen gauza bakarra. Irakasle bakar batek aurrera eramandako berrikuntzak anekdota hutsean geratzen direla ere konturatu nintzen, hauetako asko zuentzat oztopo bihurtzen dira eta beste batzuk balio gehiegirik gabeko anekdota batean.
Hiru urte pasa dira froga hura alde batera utzi nuenetik eta hemen nator berriro ere aldaketa proposamen batekin. Orduan izandako erroreetatik ikastea espero dut eta gauzak beste modu batera egitea. Bai badakit oraingoan ere bidea bakarrik egitera noala eta ez dela hori zuzenena asmoak egi bihurtzeko. Egokiagoa litzateke proposamen hau etapa bezala edo, hobe oraindik, zentro bezala aurrera ateratako estrategia berritzaile baten testuinguruan kokatuta egongo balitz baina hori ez da posiblea orain eta, gauzak erabat aldatzen ez badira, ez dut uste posible izango denik datozen urteetan ere.
Beraz, urtero kexatzen jarraitzea baino gauza berriak frogatzea nahiago dudala erabaki dut, nahiz eta aurretik jakin bidea koskaz beteta egongo dela. Proposamen zehatza aurrerago bidaliko badizuet ere, gutun honetan aldaketaren zergatia azaldu nahi dizuet ez baitut nahi pentsatzea hau guztia beroaldi baten ondorioa izan dela. Hementxe azpian uzten dizkizuet nire argumentuak:
- Legeak, curriculum berriak… baita gizarteak ere, enfoke metodologikoa aldatu behar dugula agintzen badigute ere, oso urruti gaude oraindik errealitate horretatik. Nik ezagutzen dudan Bigarren Hezkuntzako errealitatea, behintzat, oso urruti dago oraindik egoera horretatik. Legeak agindu eta gizarteak eskatzen duen ikaskuntza eredu berri bat jasotzea ezin da borondate kontua izan. Uste dut, gaurkotutako ikaskuntza eredu bat jasotzeko eskubide guztia daukazuela eta ikastolak ahalegin bat egin beharko lukeela horretarako. Proposamen zehatz eta egituratu baten zain zaudeten bitartean (etapa eta ikastola osoa inplikatuko duena), nik koherentea izan nahi dut aurrean esandakoarekin eta bide berriak urratzen hasi nahi ditut, zuen beharrei hobeto erantzuteko, aurretik jakinda ere, bakarkako ekimen hauek konplikatuak izaten direla aurrera ateratzea, beste irakasle guztiekin elkarlanean ez bada.
- Hautaprobek inoiz zentzurik izan badute, egun froga honen izaera eta helburuak erabat desbirtualizatuta daude. Eta fisikako gaiarekin gertatzen ari dena “sinsentido” horren puntako adibidea da. Ez dakit nahita edo nahi gabe bilatutako zerbait ote den baina azken urteotan gertatzen ari diren aldaketek bidea ireki diote gaia beste modu batera jorratzeko aukerari. Orain ezin dizuet selektibitatea ipini nire klaseko jarduna ez berritzeko arrazoi nagusi bezala.
- Beti esan dut “bizitzarako ondo prestatu” nahi izan zaituztedala, baina gero nire benetako helburua “unibertsitaterako ondo prestatuta” bidaltzea izan da. Eta argumentu horrekin, gela barruan egin dudan gauza bakarra txapa sartu, ariketak zuzendu eta azterketak ipintzea izan da. Banekien horrek bizitzarako balio gutxi duela baina gutxienez, unibertsitatean “jasoko” zenutenerako ondo prestatuta joango zinetela. Baina hori ere orain aldatzen ari da. Nire gaia aukeratzen duzuenon (bai, badakit askori nire gaia aukeratzea derrigortzen zaituztegula) gehiengo batek gradu teknikoetatik egiten duzue aurrera eta hor gauzak aldatzen ari dira. Oraindik orokorra ez bada ere, goi mailako ikasketa tekniko askotan ezartzen hasi dira konpetentzietan oinarritutako metodologia berriak, PBL bezalakoak, adibidez, eta konpetentzien lorpen maila azaltzen dituzten ebaluazio modu berriak. Beraz, unibertsitaterako ondo prestatuta egotea nahi badut, uste dut nire ardura dela egoera berri honetara egokitzen zuei laguntzea. Hori ere ikastea da (oraindik askori zaila egiten bazaizue hori horrela ulertzea) eta ziur nago gainera, ikaskuntza hori bizitzarako hobeto prestatuta egoteko orain arte nigandik jaso duzuena baino askoz ere baliagarriagoa dela.
- Gure gizartean zientzia eta teknologia alorretan aldakuntzak ziztu bizian gertatzen ari diren bitartean, bokazio zientifikoen gainbehera errealitate bat da. Ez hori bakarrik, kontu hauetaz dakitenek aipatzen dutenaren arabera, ezagutza zientifikoa zuen artean oso kaxkarra omen da, halako “analfabetismo zientifiko” batera heldu garelarik zuen belaunaldietan (egun bizi dugun sasi-zientzien gorakadarekin kointziditzen duena, gainera). Eta horrek asko kezkatzen nau. Jakinda asko direla egoera horren atzean egon daitezkeen arrazoiak, garbi daukat nagusienetako bat ikasgai zientifikoetan irakasleok erabili dugun metodologia akademizista klasikoa izan dela. Tira, ez dago ondo orokortzea, badakit baina Batxilergoko fisikaren lanketan, nik behintzat, ez dizuet aukerarik eman fenomenoen analisi, ebaluazio edota ikerketarako, hipotesien planteamenduetarako, ereduen eraikuntzarako. Uste dut badela nire zeregina zuen eta zientzia eta teknologiaren artean eman den eten hori konpontzea.
- Azkena harreman eta elkarreragin pertsonalekin erlazionatuta dago. Nire lankide batek askotan aipatzen zuen bezala, “erositako prezioan saltzen zaituztet” ;-). Bi urteko ibilbidea egiten duzue nirekin eta ikastolatik irteten zaretenean, ezer gutxi eskaini dizuedala sentitzen dut. Etorri zineten bezala zoazte aurrera. Aspaldi, edukiz ondo bustita bidaltzen zintuztedala sinesten nuen behintzat. Gaur hori ere ez. Nire ondotik pasatzen zarete baina berdin dio ni edo beste norbait izatea ondoan. Eta horrek ez nau asetzen irakasle bezala eta are gutxiago pertsona bezala. Elkarrekin egin behar dugun ibilbide horretan, zuekiko interakzioa areagotu nahiko nuke, aurretik zinetena baina hobeagoak izaten lagundu nahiko nizueke. Baina hori horrela izateko, elkarrekin egin behar dugun bide hori birplanteatzea ezinbestekoa da. Horregatik proposamen hau.
Inguruan ikusi eta bizitzen dudanak kontrakoa adierazten badit ere, gauzak beste modu batera egin daitezkeela sinisten dut, orain egiten dudana baina onuragarria dena zuentzat baina baita niretzat ere. Eta horixe da datorren ikasturtean zuekin egiaztatu nahi dudana, gaizki iruditzen ez bazaizue. Horixe da hurrengo egunetan egingo duguna, alegia, zuen iritzia jaso eta izan ditzakezuen kezka eta galderei erantzuna eman.
Bitartean, hemen azaldu dizuedanarekin enpatia puntu bat izatea besterik ez dizuet eskatzen. Horrekin bakarrik konformatzen naiz.
Ulertuko didazuelakoan
Jokin
Sor innovación
Montserrat del Pozo, Bartzelonako Montserrat Ikastetxeko irakasle berezi horietako bat da. Horregatik, batzuk “Sor innovación” batailatu dute eta nik izenburu hori jartzea erabaki dut.
Ay ene, erakunde batzuk oso aurrerakoitzat jotzen dute euren burua, baina moja honengandik gauza asko ikasi beharko lukete. Izan ere, honen ondoan, agerian gelditzen da eskola eredu zaharkituta eta usain kerratua dariona praktikatzen dutela, nahiz eta gero apaindu eta kolorez jantzi.
Beharbada, berrikuntza hitza eta moja baten abituak ikusteak kontraesan baten aurrean egon gaitezkeela pentsa arazi diezaguke, baina kasu honetan errealitatea oso bestelakoa da. Bere ideia erlijiosoak alde batera utzita (norberaren esparruan utzi behar baititugu), oso interesgarriak dira hezkuntzan eman beharreko aldaketari buruz egiten dituen ekarpenak.
Bere kemena eta lanari esker, ikur bat bilakatu da hezkuntzaren aldaketa aldarrikatzen dugunontzat. Baina aldarrikatzen den aldaketa ez da gelako lau hormetan gelditzen den horietako bat, ez da irakasle baten edo talde baten ekimenetara mugatzen dena, komunitate osoaren aldaketa bilatzen duen aldaketa eta antolakuntza berri bat eskatzen duen aldaketa bat baizik.
Montserrat, zorionez, ez da aldarrikapen hutsean gelditu eta bere ikastetxea hezkuntza komunitate osoarentzat erreferente garbi bat bihurtzera iritsi da.
Jarraian doazen bideoek, Ikastetxe Kristauen Kongresuan, 2011ko azaroan, eman zuen hitzaldi bat jasotzen dute eta euren interesa dela eta, hemen jartzea otu zait. Ea zer iruditzen zaizkizuen.
Bideo guztiak Think1.tv gunetik hartu ditugu.
Jakintza ikastolaren barne-antolaketa berria: azalpena
Lanbide guztietan gertatzen den moduan, gurean ere gorabehera handiak izaten dira irakasleok egite dugun ibilbide profesionalean. Alderdi horretatik, gure lanbidea ez da besteekiko desberdina. Nire kasu pertsonalean, behin edo behin adierazi izan dudan moduan, azken hiru urte hauek ez dira oso positiboak izan. Ariketa sanoa da, tartean behin, norberak egiten duenaren inguruan hausnartzea, beti ere hausnarketa hori hobekuntzaren abiapuntua bezala kontsideratuta eta ez kontuak inori eskatzeko asmoz.
Egia da gero ez dela erraza izaten balorazio horren emaitzak ingurukoekin partekatzea eta askok, kontuak eskatzera datozela uste dugunean “a la defensiva” jartzen gara, zaila izaten delarik gero eztabaida eraikitzaile minimo bat izatea. Gure lanaren ebaluazioa egiten zaigunean eta ebaluazio horren emaitzak komunikatzen zaizkigunean, ez gara ez, oso irekiak agertzen kasu askotan. Erroreak edo hain ondo egiten ez ditugunak frakasotzat hartzeko joera daukagu oraindik, hobetze prozesu baten abiapuntua izan daiteeen aukera bat baino gehiago. Eta nik uste dut hori bera dela gure ikasleei transmititzen dieguna euren ebaluazioa egiten dugunean. Baina tira, hori beste gai bat da.
Nire kasuan, ikusita teknologiaren arloan nituen espektatibak eta bultzatu nahi nituen baloreak lortzea zaila egiten ari zitzaidala, 2008an IKT dinamizatzaile bezala nituen ardura eta helburuen inguruko hausnarketa egiten hasi nintzen. Antzeman nituen arazoetako asko nire pertsonarekin zuzenean erlazionatuta zeuden, nire lan-egiteko eta izateko moduarekin. Baina beste askok arazo estrukturalak zirela garbi ikusten nuen, pedagogia, kudeaketa, antolaketa, baliabideen kudeaketa… eta antzekoekin erlazionatuta zeudenak. Askotan errazagoa egiten zaigu inguruan daukaguna aldatzea gu geu aldatzea baino eta baliteke hori ere nire erruetako bat izatea. Beraz, nire ikuspegiaren arabera ikastolak zer behar zituen aztertzen hasi nintzen eta 2009ko otsailaren hasieran zuzendaritzan izandako bilera batean azaldu nuen. Ziurrenik bilera hartan aurretik egin behareko lanak egin gabe eraman nituen, baliteke ere testuinguru hartan tonua eta moduak egokienak izatea, ziurrenik ere ez nuen jakin izan besteen lekuan ipintzen… kontua da bileratik nahiko frustratuta atera nintzela.
Frustrazio eta ezkortasun sentsazio horrekin ia urtebete egin nuen. Baina izatez nahiko kaxkagorra naiz eta niretzat hain ebidenteak ziren hobekuntza askoren inguruan eztabaidatu beharra genuen. Mikelek eta biok eman genizkion buelta batzuk gai horri. Analisi eta diagnostiko partekatu baten beharra ikusten genuen, gure ikuspegia osatu eta zuzenduko zuten irirtziak entzun nahi genituen eta, era berean, zein hobekuntza proposamen genituen besteek ere entzutea nahi genuen. Pertsonak, kanalak, moduak eta tonuak oraingoan desberdinak izan ziren eta emaitzak ere desberdinak izan ziren. Askoz ere asertiboagoak aurkeztu ginen eta bilerak ere, askoz ere aberatsagoak izan ziren.
2010eko martxotik ikasturte amaiera arte bilera ugari izan genituen eta gauza askotaz hitz egin genuen. Normala den moduan, gai potolo askotan ikuspegi desberdinak genituen, beste batzuetan irudipena daukat ere gauzak desberdin ulertzen genituela. Baina egon ziren baita ere, elkarguneak eta adostasunak hainbat puntutan. Hauek guztiak webgune batean biltzen joan ginen, poliki-poliki forma ematen.
Denbora pasa da bilera haiek izan genituenetik eta orain, denborak ematen duen perspektibarekin, nik esango nuke ondorengo biak izan zirela izan genituen adostasun puntu nagusiena:
- Egun daukagun zuzendaritzaren egiturak eta funtzioek ez dutela gehiegi laguntzen gizartean eta irakaskuntzan gertatzen ari diren aldaketak modu eraginkor eta adimentsuan kudeatzeko: gure zuzendariak dioen moduan “zuzendaritzak nahi baino gehiagotan, suhiltzaile lana betetzen gastatzen ditu denbora eta energiak” eta aukera gutxi geratzen zaizkio gero berrikuntza prozesuei eskaini behar zaien dedikazioa eskaintzeko.
- Langileok orohar aurkezten ditugun lan-ohiturak, lan-estiloak, aldaketak behar dituela, berrikuntza pedagogikoa gure ikastolan errelitate bat izatea nahi badugu behintzat: duela hamarkada batzuetatik hona ez da gehiegi aldatu gure eguneroko jarduna, ez gela barruan ezta langileon artean egiten ditugun bileren sistematika ere. Garai berriak bizi ditugu, gizartean aldakuntza sakonak gertatu dira, irakasle gazte berriak etorri dira ikastolara, baliabide teknologiko berriak ditugu eskura, zer den lana, zer formazioa eta zer aisia ez dago garai batean bezain garbi…
Abiapuntu horretatik, aukera desberdinak mahai gainean ipintzen joan ginen, egin zitekeenari buelta batzuk ematen hasi ginen, zer zen bideragarria eta zer ez, nola hasi gintezke beharrezkoa ikusten genuen aldaketa hori bideratzen.
Horrela, kontzienteak izanik aldaketak ez direla etorriko egun batetik bestera, aldaketaren kudeaketaren lehen urratsak ematen hasi ginen. Lehenengoa zera izan zen: aurrean ditugun erronkei arrakastaz erantzuteko egitura berri bat diseinatzea, ikastolak dituen lehentasunen arabera eratuko den eta beharezkoa ikusten genuen irakasleon jardun profesionalaren berrikuntza bultzatzeko ardura nagusiena izango duena. Bigarrena eta garrantzitsuena hauxe izan zen: ikastolako langileei diseinatutako egitura berria aurkeztu eta hauen oniritzia jasotzea.
Egindako bilera guztietan jasotako ekarpenekin, proposamenaren ildo nagusiak jasoko zituen txosten bat prestatzeko enkargua jaso nuen. Jakina denez zeinen luzeak eta astunak diren nire idatziak askotan, gehienera lau orri zituen txostena prestatzeko agindua jaso nuen. Tira, zin egiten dut inoiz baina gehiago ahalegindu nintzen gauzak laburbiltzen baina, hala eta guztiz ere, bost orri bete behar izan nituen azkenean 😉
Txostena, esan bezala, abiapuntu bat izan nahi zuen soilik. Bertan agertzen diren puntuetako gehienek azterketa eta analisi sakonagoa behar zutela garbi genuen, aurrera eramateko estrategia eta bide berrik aztertu eta zehaztea ezinbestekoa zela garbi zegoen, baina “declaración de principios” bezala uste dut baliagarria izan zela. Azpian daukazue txostenaren kopia bat irakurri nahi baduzue:
Behin lehenengo urratsarekin amaitu ondoren, irakasleen onespena jasotzea geratzen zen. Giza-baliabideen kudeaketa eta berrikuntza kontuetan dabiltzan profesionalek esaten dutenez, hauxe izaten omen da aldaketaren kudeaketan puntu kritikoenetako bat: langileek aldaketaren aurrean adierazten duten erresitentzia, nolabaiteko “konfort-egoeratik” irteteko azaltzen duten kontrako jarrera. Ekainean izan genuen asanblada batean aurkeztu zen proposamena eta bertan geunden irakasleen gehiengoaren oniritzia jaso zuen. Nik pertsonalki jaso nuen sentsazioa da irakasleok kontzienteak garela gauzak modu desberdinean egin beharrean gaudela, pixkanaka-pixkanaka gure lan egiteko modu “klasikoa” aldatu beharrean gaudela. Alderdi horretatik, uste dut, ikastolako irakasleek, beste behin, euren profesionaltasuna garbi adierazi zutela.
Beraz, amaitu berri den 2010-2011 ikasturtea izan da lehena modu berri honetan antolatu garena. Normala den bezala, bide berriak urratzen direnean, aurrean zer topatuko dugun jakitea ezinezkoa izaten da. Hori izaten da, kasu gehienetan, aurrera ez egitearen arrazoi nagusietako bat. Nik nahiago dut bidea egiten hastea; etapak gainditzen goazen bitartean, izandako akatsetatik ikasten joateko gai bagara, urte gutxi batzuren bueltan lorpenak agerian geratuko dira, beste askok bidea egiten hasi baino lehen oraindik motxila prestatzen dabiltzan bitartean. Nire balorazio pertsonla beste baterako uzten dut. Jarraituko du…