Egun hauetan amaiera emango diogu ikasturte berri honen hasieran esku artean izan dugun lehenengo proiektuari. Talde berri honekin lanean hasi nintzenean nituen helburu guztien artean nagusienetako bat gazte hauek bizitzarako prestatzea zen. Horrela, ikaskuntza prozesuen ardatza ikasleak eurak bilakatzea eta ikaskuntza bera esanguratsua bihurtzea bilatzen aritu naiz hilabete hauetan.
Aspalditik nabil kezkatuta ikasleek ikastolan egiten dituzten jendaurreko ahozko aurkezpenekin, bai komunikazioaren ikuspegitik baita hauetarako prestatzen dituzten ekoizpen digitalarekin ere. Geroz eta gehiago dira hezkuntza ertainean ikasleek egiten dituzten aurkezpenak gelakideen aurrean eta zalantza asko ditut irakasleok aurkezpen hauek planteatzeko dugun moduarekin.
Kontutan izanik nire taldeko ikasleek datorren urtean euren ikasketekin jarraituko dutela gure ikastolatik kanpo eta ikastetxe berri horietan jendaurrean aurkezpenak egiten jarraitu beharko dutela (eta baliteke lanean hasten direnean ere horrelakorik egin behar izatea), garrantzitsua iruditu zitzaidan aurkezpenak egiteko prozesuari buelta batzuk ematea nire ikasleekin. Laister izango dituzue proiektutxo honi buruzko xehetasun gehiago. Oraingo honetan asteburu honetan gertatutako anekdota bati buruz hitz egin nahi dizuet.
Aste batzuk lanean gogor aritu ondoren, azken bi aste hauetan prestatutakoa gelakide guztien aurrean aurkezteko tokatzen zen. Aurrekoan, entsegu orokorren txanda izan zen. Ikasle bakoitzak bere aurkezpena nire aurrean egin behar zuen. Entsegurako prestatutako kontrol zerrenda baten bitartez, aurkezpenaren aurrebaluazioa egin nien. Euren aurkezpena bideoan grabatu nuen eta amaieran ikasle bakoitzari bere aurkezpenaren kopia bana eman nien, USB batean, hutsik zegoen kontrol zerrenda batekin. Nire asmoa euren saioa etxean ikusi eta ondoren autoebaluazioa egitea zen, euren balorazio pertsonala nirearekin kontrastatuz.
Ez zen lehenengo aldia jendaurrean aurkezpen bat egiten zutela. Egia da, oraingo honek ezaugarri propio eta desberdinak zituela orain arte egindakoekiko eta gainera, bideoan grabatuta geratu behar zela. Baina, tira, ni bakarrik egonda entzule bezala, konfiantzazko giro nahikoa izango genuela uste nuen hitzaldian lasaitasunez aritzeko. Horregatik ez nuen imajinatuko hain urduri jarriko zirenik entsegu orokorrerako.
Halere, honi buruz ere aurretik hitz eginda geunden. Urduri egotea normala dela baina hori kontrolatzen ikastea ere egiten ari ginen lanaren helburu bat zela esan nien. Gauzak perpespektiba piska batekin ikustea eskatu nien. Askotan aipatu diedan bezala, bizitzarako prestatzea zela honen guztiaren helburua eta, etorkizun laburrean horrelako egoeren aurrean behin baino gehiagotan topatuko zirenez, aukera hau ikasten joateko aprobetxa zezatela esan nien.
Edonola ere, entseguekin amaitu genuen. Orokorrean gustura geratu nintzen ikasleek egindako lanekin, kontutan izanik lehenengoz heltzen ziotela aurkezpenak egiteko modu “berri” honi. Guztiek izan zituzten hobetu beharreko alderdiak baina askok eurentzat ezezagunak ziren alderdi positibo desberdinetaz jabetu ziren. Eta horrelaxe azaltzen ahalegindu nintzen guztiei.
Baina ikasleak nonbait ni baino askoz ere zorrotzagoak dira euren burua ebaluatu behar dutenean. Izan ere, bakoitzak bere pendrive-ean zuen bideoa etxera eraman eta egindakoaren analisia egin ondoren, batek baino gehiagok azaldu zidan aste honetarako zehaztutako aurkezpen ofizialean parte ez hartzeko asmoa.
Ikasle batzuk galdetu zidaten ea behartuta zeuden azken eguneko aurkezpena egitera. Nik ezezkoa esan nien. Ikaslea bere ikaskuntza prozesuaren arduraduna bihurtu nahi baditut (hamasei hamazazpi urteko ikasleak ditut), ikaskuntza prozesuaren ondorioa berak (eta ez nik) jasotzen duen zerbait ulertarazi nahi badiot, zenbateraino du zentzua ikaslearen partehartzea behartzea, egin nahi ez duen zerbaitera derrigortzea? Irudipena daukat askoz ere hezitzaileagoa dela ikasleei jabearaztea horrelako zereginak burutzea euren ikas-prozesuan duten eraginetaz, “por dekreto” derrigortzeaz baino.
Onartzen dut erabaki hau polemiko samarra izan daitekeela irakasleon artean. Are gehiago, nire lankide batzuk uste dut ez zetozela bat nire kriterioarekin. Tira, asko eztabaida daiteke gai honen inguruan, ikaslearen heldutasun akademiko eta autonomiarekin lotura zuzena duen atala baita. Kontua da, aurkeztu edo ez aurkeztearen erabakia ikasleengan utzi nuela.
Igandean ikasle batek zera galdetu zidan: “Zerbait gertatuko litzateke gutako norbaitek aurkezpenik egingo ez balu?” Elkarrekin hainbeste denbora egin ondoren, hainbeste azalpen eman ondoren gelan egiten dugun lanketaren metodologia eta helburuen inguruan, horrelako galdera bat ikasle batengandik jasotzea desilusio puntu bat suposatu zidan. Zer adierazi nahi zuen ikasleak “ondoriorik” egongo ote ziren galdetzen zuenean? Neurri berezirik hartuko ote nituen? Zigorrik egongo ote zen? “Gutxi” jarriko ote nion kalifikazio buletinean? Errekuperaziorik egin beharko ote zuen? Ez al da oraindik nahikoa elkarrekin egin dugun bidea planteamendu zahar eta konduktista horiek ahazteko? Hain konplikatua egiten al zaie ulertzea ikastea euren esku dagoela? Ikas-prozesuaren emaria beraiek hartutako konpromisoaren ondorioa dela eta inondik inora ez direla helburuak lortuko irakasleak behartuta ere?
Ikasleak egindako galderari “Noski baietz” erantzun nion. Ez zen denbora asko igaro bere erantzuna jaso nuenerarte: “Eta jakin al dateke zeintzuk izango diren ondorio horiek?” galdetu zidan.
“Ba nagusiki bi”, erantzun nion. “Alde batetik, zure gelakideekiko ez zenuke oso zintzo jokatuko. Besteen ahalegina hor dago, hortxe daude guztiak aurkezpena prestatzen biharko. Zuk atzera egiten baduzu, ez dut uste leialtasunez jokatzen ari zarenik beraiekiko. Eta bestetik, niretzat dezepzio handia izango litzateke. Hainbeste hilabeteren ondoren ez baitzaitut konbentzitu gauzak zuk uste duzuna baino hobeto egiteko gai zarenik eta zailtasunen aurrean, atzera egin baino, aurrera egiten ikasi behar dugula.”
Atzo gelakide eta irakasleen aurrean aurkezpen ofiziala egiteko eguna zen. Hamar ikasleetatik bostek bakarrik egin dute aurkezpena. Dezepzioa bost bider handiagoa izan da. Zerbait gaizki egin dut.