Batxilergoko irakaslea izanik, urtero esan behar izaten diet agur ikastolako ibilbidea amaitu duen ikasle promozio bati. Urtero pentsamendu berdina izaten dut: etorkizunerako ondo prestatuta irtengo ote dira? Lehen ikasleak zakuan gordeta zeramatzan edukiak aurrerantzean behar bezala moldatzeko nahikoak izango ote ziren galdetzen nion nire buruari. Duela urte batzuetatik hona beste gauza batzuk kezkatzen naute gehiago.
Gure Hezkuntza Proiektuaren 1.3 atalean zera esaten dugu:
Ikasle erantzule eta arduratsuak izan daitezen arduratzen da ikastola.
Eta zinez horretan ahalegintzen garela baina bada zerbait erabat ondo egiten ez duguna, edo hala iruditzen zait niri behintzat. Badakit goiko notatxoan agertzen den helburu hori ezin dela utzi bakarrik ikastolaren esku, familak eta gizarteak zer esan handia daukala horretan ere. Baina, gure ikasleek ikastolan 30 ordu baino gehiago egin ondoren, itxuarena egitea izango litzateke gai hortan gure erantzukizuna onartuko ez bagenu.
Arazo global honen atzean badago bereziki puntu bat kezkatuta naukana, izenburuan idatzita datorrena, hain zuzen ere. Uste dut ez diogula gai horri behar bezala heltzen. Ikastolako eremuan ikasleek jasotzen duten informazioa oso bideratuta dator: ikastolako lau pareten barruan ikasleek kontsumituko duten informazioa “latan” sartuta dago eta “jan” ere irakaslearen goilaratik jaten dute. Tira, errealitate hori ez da bakarrik gurea, nik neuk ere horrela “jaten” nuen herriko institutura joan nintzenean eta garbi dago, hezkuntza eredua horrelakoa izan dela aspalditik. Gure ikastolan internetera irtetzea librea da, ez daukagu iragazirik jarrita, ez daukagu debekatutako webgunerik ezarrita. Nohizbehinka, ikasleak kanpora irten nahi izaten dute, ikastolako lau pareten artetik mundu birtual askera eta hortxe ibiltzen gara, irakasle eta zaintzaileak non eta zertan dabiltzan jarraitzen eta, beharrezkoa denean, gure hezitzaile lana aurrera eramaten. Baina, egia esan, orain arte behintzat, nahiko gauza anekdotikoa izaten da.
Baina ikastolako ateetatik ikasleak atera bezain pronto, egoera zeharo aldatzen da. Ez dut denbora gehiegi behar izaten bazkaldu edo etxekolanak egin eta ordenagailua pizteko. Eta hortxe ditugu bederatzi, hamar… urtetik gorako ikasleak interneteko maremagnumean murgilduta, etengabeko informazio uholde baten aurrean, batzuetan bakarrik, gehienetan ondoan eserita dauden beste lagunekin, ia beti pantailaren beste aldean dituzten lagun birtualekin. Gurasook badakigu zer gai diren gure haurrak informaziora heltzeko, harrotu egiten gara askotan aurkitzeko gai ez garen gauza asko gure seme-alabek aurkitzen dutenean. Lagunen arteko informazio fluxua etengabekoa izaten da; honek hari YouTuben aurkitu duen azkeneko bideoa, hark honi ikastolako ikasle bati egindako iseka jasotzen duen argazkia.
- Nola interpretatzen du hamar urteko haur batek sarean aurkitutako bideo pornografiko bat? Zer ulertzen du, zer imajinatzen du?
- Nola interpretatzen du hamabi urteko ume batek sare-sozial bat? Nola jokatzen du bertan jasotzen dituen informazio eta hauek sortzen dioten estimuluen aurrean? Nola ulertzen du lagun kontzeptua sareetan? Zer imajinatzen du sareko timeline-a etengabe korritzen iksuetn duenean?
- Nola interpretatzen dute nire hamazazpi urteko ikasleek Sinde legea eta honek euren bizitza digitalean duen eragina? Zer ulertzen dute pirateriari buruz? Zer imajinatzen dute dela kanona? Inporta al zaie?
Eta nola interpretatzen dugu irakasleok hori guztia? Zer ulertzen dugu hori ikusten dugunean? Nola jokatzen dugu honen aurrean?
Ikastola ezin da egon ikasleak ikastetxetik kanpo bizi duen errealitate horri bizkarra ematen, hori garbi dago. Baina, tamalez, akziora bakarrik pasatzen gara arautegia aplikatu eta disziplina neurriak hartzeko. Ez gaude prestatuta informazio uholde horren aurrean ikasleek behar duten kritikotasun eta heldutasunarekin hezteko. Kanpotik barrura datozkigu arazoak baina ez gara gai irtenbide hezitzaileak barutik kanpora eskaintzeko, ikastolatik gizarteram gure funtzio sozialak eskatzen duen bezala.
Gure ikasleen pentsamendu krtikoa garatzea gure ardura da. Informazioaren maremagnumean bidea bilatzen erakustea gure ardura da. Eredu zaharrek ez dute balio dagoeneko (oker ez banago, gure ikasleek iruzkin kritikoak batxilergoan egiten dituzte lehenik), modu berriak imajinatu/martxan ipini behar ditugu.
Azpian uzten dizuet pentsamendu kritikoa zer den azaltzen duen bideo bat. Azpitituluak erdaraz ditu. Azpititulurik gabe nahi duenak, hemen dauka bertsio orijinala.