Laister beteko dira bi urte, Urola Ikastola BHI-tik jaso nuen gonbidapenari erantzunez, Azkoitian izan nintzela gure ikastolan IKTen inguruan egindako ibilbidearen inguruan hitz egiten. Prestatu nuen aurkezpenaren lehen zatian aurreko hamar urteetan gure ikastolan egindakoaz jardun nintzen, fase desberdin bakoitzean aurkitutako oztopo edo arazoak azalduz. Bigarren zatian, orduko egoera abiapuntu bezala hartuz, prospektiba ariketa txiki bat egitera ausartu nintzen, etorkizunari begira eragite ardatz nagusienk zeintzuk izan zitezkeen labur-labur aurkeztuz. Azpian daukazue Azkoitiko hitzaldian erabili nuen aurkezpena:
Lehenengo aldia zen aurkezpenari izenburua, behin diapositiba guztiak amaituta nituela, ipintzen niola. Izenburu deigarri bat ipini nahi nion, atentzioa deitzeko modukoa eta kontutan izanik oraindik bero-bero nituela buruan azkeneko bi diapositbetan agertzen diren ideiak, onartzen dut izenburua “apokaliptiko” samarra atera zitzaidala 🙂 Kontua da jada duela bi urte kezkatuta nenbilela IKTen gehiegizko protagonismoarekin (ikus 36. diapoa). Eskolaren berrikuntza IKTen ezarpen eta erabilerarekin nahasten genuen, praktika onak teknologiaren erabilera “orijinalekin” lotuta zeudenak kontsideratzen genituen eta irakasle aurrerakoiak teknologian euren trebetasuna adierazten zutenak (inguruko irakasleak liluratuta geratzen ziren hauekin) kontsideratzen genituen. Baina nire esperientzia pertsonalak esaten zidan hori ez zela eskola berriak behar zuena edo behintzat horrekin bakarrik ez zen nahikoa eskolak behar zuen benetako berrikuntzarako. IKTen erabilerari lotutako “boom”-ak, teknologiaren gehiegizko protagonismo horrek, onura baino gehiago kalte egiten zuela iruditzen zitzaidan; gure ikastolaren errealitateari begira behintzat, hala sentitzen nuen.
Jada orduan gure ikastolan eraldaketa didaktiko sakon baten beharra genuela proposatzen nuen (ikus 40. diapoa) eta proposatzen nituen bost eragite ardatzen artean, azkenekoan hauxe botatzen nuen: IKTen integrazio gardena gure eguneroko praktikan (ikus 45. diapoa). Kontua da, orduan intuizio bat bakarrik zena, denborarekin forma hartzen joan dela, orduan sentitzen nuen hura oso garbi azaltzen ez banekien ere, poliki-poliki konkretatzen joan da.
Gaur bertan Angeles Araguz-en blogan “No son las TIC es la pedaggía” artikuluan ipini duen azpiko bideoan oso ondo laburbiltzen da duela bi urte aipatzen nuen “aldaketa didaktiko” harrekin adierazi nahi nuena:
Egia esan, ez ditu gauza berri askorik esaten, blog honetan azkenaldian behin baino gehiagotan azaldu diren kontuak jasotzen ditu, baina uste dut oso interesgarria dela ematen behar den aldaketaren perspektiba global bat ematen duelako. Uste dut, eskoletan oraindik gertatzeke dagoen aldaketaren kudeaketa nondik nora joan beharko litzatekeen ulertzeko oso bideo baligarria izan daitekeela. Bertan botatzen diren ideia asko gainera, ikasle-irakasle testuingurutik kanpo ere zentzua badutela esango nuke. Uste dut irakasleon artean ere, gure eskola barruko lan-esparru eta harremaneta ere kontsideratu beharreko ideia ugari ipintzen dituela mahai gainean.
Bideoan aipatzen den XXI. mendeko hezkuntza eredu berri hori hain dago urruti pasa den mendean ezagutu genuenarekiko ze sistema horren protagonistak garen ikasle eta irakasleon oinarrizko trebetasunak ere derrigorrezkoa da, eredu berriarekin batera, aldatzea. Eta bideoan trebetasun berri horiek zeintzuk izan behar diren sumatzen bada ere, uste dut Aitor Lazpitak azken asteotan argitaratu dituen bi dekalogoetan oso ondo azaltzen dituela.
Lehenengo aurkezpenean George Siemens-en ekarpenak hartzen ditu aitzakia bezala, XXI. mendeko ikasle batek menperatu behar dituen trebetasunen dekalogoa azaltzeko:
Bigarrenen aurkezpenean aro postdigitalean (alegia, IKTen protagonismoarekin amaitu den garai honetan) irakasleok garatu beharko genituzkeen trebetasunei buruz hausnartzen du.
Uste dut aurreko bideo eta aurkezpenekin nahiko ondo zehaztuta geratzen dela zeintzuk izan beharko liratekeen eskola modernoaren ezaugarriak, gure seme-alaben beharretara (eta ez alderantziz) eta hedaduraz, gizarte osoaren beharretara egokitutakoa.
Kontu honen inguruan bueltaka ibili nintzen duela hilabete batzuk. Ordenagailuaren aurrean eserita nengoela, zera galdetu nion nire buruari: nire semeak ikastolan egingo duen ibilbidean zer balore/gaitasun/konpetentzia garatzea nahiko nuke? Zeintzu balore/gaitasun/konpetentzia nahiko nuke semeak garatzea ikastolan nahiz etxean, bere hezte prozesuan? Zer bultzatu nahiko nuke guraso bezala etxean, ikastolarekin sintonian? (Ikastoletan azkenaldian hainbestetan entzuten ari garen “ikaslearen irteera profilaz” buruz ari nintzela jakin nuen gero)
Hortxe ibili nintzen burutik pasatzen zitzaizkidan kontu guztiak paper batean idatziz jasotzen. Horietako asko goiko bideo eta aurkezpenetan azaldutako asko dira, beste batzuk indarrean jartzen ari diren estrategia didaktikoekin zerikusia gordetzen zuten, beste askok konpetentzien garapenarekin. Batiburrillo guztia ahalik eta modu sinpleenean grafikoki laburbiltzen ahalegindu nintzen. Aspalditik daukat gordeta iruditxoa, txorrada bat delakoan, karpeta batean hautsa biltzen ;). Agian redukzionistegia da planteamendua. Seguraski gauza asko utzi ditut kanpoan. Baliteke ere askorentzat Euskal Curriculumean agertzen denaren bertsio kutre eta osatugabea izatea. Hala izango da, ez dakit. Nire lankide ohi batek askotan esaten zuen bezala, “erositako prezion saltzen dizuet”. Hortxe daukazue azpian aspalditik egindako tontakeritxoa.
Laister sartuko da nire semea nerabezaroan. Eskola etapa berri batean murgilduko da, bere helduarorako bidean kritikoa izango dena. Ez dut uste goian azaltzen den bideoan deskribatzen den XXI. mendeko eskola ezagutuko duenik. Dekalogo horiek ere oraindik urruti ikusten ditut. Konformatuko nintzateke gure ikastolaren ikuspegian (bisioan) nire eskematxo tonto horretan datozen alderdiak kontenplatu eta langileok gureak egingo bagenitu. Ez litzateke gutxi izango.