Ezetz, gakoa ez dela ikasmateriala, irakasleak baizik!

“It is important to remember that educational software, like textbooks, is only one tool in the learning process. Neither can be a substitute for well-trained teachers, leadership, and parental involvement.”

Keith R. Krueger

Eskola hobeak nahi ditugu?

Mezu hau aspaldi argitaratu nahi nuen, baina gure ikastolan izandako gertaera larriak ez zidan uzten. Gai hauei heltzeko burua behar bezala ez dudan arren, ahalegina egingo dut eta bukatutzat joko dut gai honen inguruan idatzitako mezu sorta.

Aurreko mezuetan “Eskola hobeak denentzat” izeneko uda-ikastaroan esandakoa jasotzen ahalegindu nintzen. Gaur, nire bizipenen eta nire iritziaren txanda iritsi da.

Aitortu beharra daukat nire lehen inpresioa ez zela oso ona izan. Alde batetik, hizlarien aurkezpen negargarriek eta, bestetik, eginiko ikerketa ezberdinen inguruan eman zituzten datu kopuru ikaragarriek, grafikoek, formula estatistikek… jota utzi ninduten. Zorionez, lehen bi saio astun horiek pasa eta gero, hirugarrenean, ikerketen emaitzak eta ondorioak mahai gainean jartzen hasi ziren. Hortxe hasi zen hoberena. Hala ere, nire gusturako, interesgarriena bigarren egunean iritsi zen F. Javier Murillo irakasle madrildarraren eskutik. Bera izan zen bakarra zutik hitz egin zuena eta, nire ustez, komunikazio mailarik hoberena lortu zuena.

Dena den, bi egun horiek pasatu eta gero, ez dira aspektu formal horiek nire arreta irabazi dutenak. Bertan atera ziren gai interesgarriak eta mahai gainean jarritako ebidentzien aurrean, ikastetxeei eta hezkuntzan dihardugun guztioi planteatzen dizkiguten erronkak izan ziren nire interesa piztu zutenak eta izan nuen hasiera kaskarra ahaztera eraman nindutenak.

Goazen bada, gai horiek aztertzen hastera!

Hasteko, ikerketa ezberdinek, testuinguru eta egoera ezberdinetan, emaitza antzekoak islatzeak pentsarazten dit oso oker ez direla egongo. Eta, beste alde batetik, jasotzen diren datuen irakurketa ezberdinak egin diren arren, eta irakurketa horiek egin dituztenen ideologia, jatorria, eskarmentua… ezberdina eta anitza izan arren, antzekotasun handiak daudela ere agerian gelditu da. Beraz, aintzat hartu beharreko emaitzak eta ondorioak iruditzen zaizkit niri.

Hori dela eta, ISEI egiten ari den eta oraindik bukatu ez duen ikerketa baten datuetatik aurkeztu zizkiguten ondorioak izango dira nire idatziaren ardatz.

EAEn 3 urtetan eginiko Diagnostiko Frogen emaitzak hartuta, nabarmendutako ikastetxeen ikerketa bat da. Laginak, sare, lurralde eta maila sozioekonomiko ezberdineko ikastetxeak hartzen ditu bere baitan eta horrek nolabaiteko fidagarritasuna ematen du. Bada, ISEIk egiten zituen planteamendua, ondorengoa zen: zer dute komunean ikastetxe hauek gisa horretako emaitzak lortzeko? Ba al dago zer edo zer besteengandik bereizten dituena? Euren eredua beste ikastetxeetara eraman al daiteke?…

Ikastetxe horiei eginiko bisitetan, egindako elkarrizketatan eta abarretan jasotako informazioarekin eta bildutako datu guztiekin, interpretazioaren garaia iritsi zenean, bost puntu nabarmentzen ziren gainontzeko guztien gainetik:

  • Ikasleen arreta pertsonalizatua
  • Irakasleen arteko koordinazioa eta formazioa
  • Zuzendaritza taldearen lidergo sendoa
  • Denboraren kudeaketa
  • Eskola giroa

Arestian esan dudan bezala, ondorio hauek, edo oso antzekoak, dira beste ikerketetan errepikatzen direnak. Horregatik, ez naiz beste xehetasunetan sartuko eta hauek aztertuko ditut.

Ikasleen arreta pertsonalizatua

Ikastetxe guztien Hezkuntza Proiektua irakurriz gero, gai honen inguruan egiten diren aipamenak txalotzekoak diren arren, errealitatea, zoritxarrez, oso bestelakoa da. “Fastfood” eredua izan da aspalditik nagusitu dena eta oraindik ere, ibilbide oso luzea falta da “Michelin” eredura hurbiltzeko.

Gai hauen inguruan gertatzen ohi den bezala, batek baino gehiagok baliabide eskasien edo denbora faltaren gaiak plazaratuko dituzte. Ni ez naiz izango orain bizi garen garai zail hauetan murrizketen alde aterako dena, ezta gutxiagorik ere, baina oso garbi daukat ditugun baliabide eskas horiekin ere, orain egiten duguna baino askoz ere gehiago egin dezakegula. Bestela, nola liteke ikastetxe horiek atal horretan horrelako balorazioa izatea? Akaso, besteok baino baliabide gehiago dute? Garbi dago ezetz. Gehiago esango dut, ikastetxe horietako batzuk zerbaitegatik nabarmentzen badira, hain zuzen ere, ez da luxuzko ikastetxeak izateagatik edo ratio estratosferikoak izateagatik, borondate irmo bat izateagatik baizik.

Hortxe dago gakoa. Ikastetxe batzuk arazoari aurre egiteko borondatea erakutsi eta bide desberdinak urratuz, dokumentuetan agertzen dena errealitatea bihurtzeko ahalegin sendo bat egin dute. Zalantzarik gabe, errazena, horientzat ere, baliabide eskasiarekin kexu azaltzea eta berdin jarraitzea litzateke, baina hori lortu bitartean ikasleak gure geletan daudenez, beste zerbait egitea erabaki eta lortu dute. Besteok zergatik ez?

Eta zer da egin daitekeena borondate hori dagoenean? Nik oso garbi daukat formula magikorik ez dagoela, baina ikasleen gertuko arreta pertsonalizatu hori lortzeko oztopoak izan daitezkeen faktore batzuk bai:

  • Homogeneizazioa sustatzen duten ereduak, hau da, ikasle guztientzat eduki, helburu eta irizpide berdinak planteatzen dituztenak.
  • Ikasleekiko kezka ordu lektiboetara eta gai akademikoetara mugatzen denean.
  • Betiko arlo akademikoei egundoko garrantzia ematen zaienean, gainontzeko arloen kalterako.
  • Ikasle batek izan ditzakeen arazoen aurrean, ebaluazioaren emaitzak izan arte inongo erabakirik hartzen ez denean.
  • Irakaslea bere apunteak diktatzera edo testu liburua irakurtzera eta azpimarratzera dedikatzen denean.
  • Ikasle bakoitzaren ikas-estiloa aintzat hartzen ez denean.
  • Zailtasunak dituzten ikasleak, beste ezer aintzat hartu gabe, “talde berezietara” bidaltzen direnean.
  • Gaitasun handiko ikasleak detektatzen ez direnean eta urtetan aspertzen uzten direnean.

Irakasleen arteko koordinazioa eta formazioa

Aurreko puntuarekin gertatzen den bezala, ikastetxe gehienek goraipatzen dute euren irakasleek duten koordinazioa, egiten dituzten ikastaroak… Hori bai, ikastetxe horiek koordinazioaz eta formazioaz ulertzen dutena jakin nahiko nuke nik zer den. Izan ere, horrenbeste goraipatzen dituzten aspektu horiek eguneroko praxian nekez ikusten dira.

Koordinazioari dagokionez, zenbait ikastetxetan, etengabeko bileren maratoi bat ikusten bada ere, agerikoa da irakasle bakoitza bere “irla pribatuan” (gelan) sartzen denean, ez dut esango sudur puntan jartzen zaiona egiten duenik, baina ez da oso urruti ibiliko. Zenbat kasu ezagutzen ditugu non irakasle talde batek proiektu bat planifikatu, diseinatu, burutu eta ebaluatzen duen? Zenbat kasutan ikusten da irakasle talde bat 2, 3 edo 4 gela batera hartuta, espazio komun batean elkarlanean?

Koordinazio eraginkor bat lortzeko, hezkuntza munduan horren ohikoak diren bilera sorta horiek ez dira beharrezkoak. Behar beharrezkoa dena beste zerbait da; lehena, ikasleei eskatzen dizkiegun konpetentzietan trebatzea (talde lanerako teknika eraginkorrak erabiltzea, IKT baliabideak elkarlanerako erabiltzea, komunikaziorako kanal eraginkorrak izatea…), bigarrena, gure jardunaren ardatza ikasleak direla burutik ez kentzea, hirugarrena, ikastetxearen planifikazioan espazioak eta denbora lan ordutan aurreikustea proiektu baten inguruan lanean ari diren guztiak elkartu ahal izateko…

Daquella manera

Formazioari dagokionez, ikastetxe gehienetan, ordu kopuru izugarri eskaintzen zaio betiko formazio arautuari. Hori bai, formazio horrek ikastetxeari egin dion ekarpenaren inguruan ikertzen hasten garenean, segituan ohartzen gara oso eskasa edo nulua dela.

Maiz entzuten dugu irakasleon lanak duen desprestigioa eta horrek gure jardunean duen eragina. Bada, nik uste dut merezi dugun desprestigioa dugula.

Zergatik? Bada, oso lanbide gutxitan gertatzen delako gurean gertatzen dena. Norbaitek imajina dezake mediku bat esanez teknologia ez duela erabili nahi zaila egiten zaiolako? Edo, medikuntzan ematen ari diren aurrerapenen berri ezagutzeko inongo ahalegina egiten ez duen zirujau bat? Edo, duela 40-50 urteko teknikak erabiltzen dituen dentista bat? Ez, ezta? Bada, zoritxarrez, irakaskuntzan hori oso ohikoa da. Beste inon baino “denbora libre” gehiago dugun arren, oso gutxi dira euren garapen profesionalari denbora eskaintzen diotenak. Horregatik, opor luzeegiak ditugula, lan gutxi egiten dugula… eta antzekoak esaten dizkigutenean, kasu askotan, egia da eta aitortu beharra daukagu.

Bestalde, formazioaren gaia, batzuentzat negozio borobila bihurtu da eta, irakasle askorentzat, aitzakia perfektua inongo aldaketarik ez emateko. Edozein motako aldaketaren aurrean, ikastetxe gehienetan entzuten den erretolika “formazioa behar dugu” da. Bada, zergatik ez diogu gure erantzukizunari heltzen eta auto-formazioari tarte bat eskaintzen? Zergatik ez dugu gure lankideen laguntza bilatzen? Zergatik administrazioaren esku utzi gure ardura den hori? Ardura hori hartu ezean, zer argudio daukagu beste sektoreetan dituzten 500-600 lanordu gehiago ez izateko?

Nire ustez, lanordu gutxiago izateak ez du esan nahi lan gutxiago egiten dugunik, baina batzuen jarrera ikusita, zaila egiten da hori defendatzea.

Formazioarekin lotuta edo, hobeto esanda, garapen eta kualifikazio profesionalarekin lotuta, irakaskuntzan irakasleon lana baloratzeko egun dagoen sistemak ez du gehiegi motibatzen. Hasteko, ikasle helduekin lan egiten baduzu, soldata handiagoa daukazu, nahiz eta pedagogiaz edo irakaskuntzaz ezer ez jakin eta inongo interesik ez izan. Imajinatzen duzue pediatra batek geriatra batek baino gutxiago kobratzen eta lanordu gehiago sartzen umeekin lan egiten duelako? Hori eta lanean daramagun denbora besterik ez da aintzat hartzen irakasleen balorazioa egiteko. Sistema horrekin, normala da irakaskuntzarekiko inongo interesik ez duen jendeaz betetzea gure ikastetxeak. Adibidez, Ingeniaritza teknikoa edo beste ikasketa batzuk egiten dituenak, ez dut uste irakaskuntzan aritzeko egiten duenik. Bada, horietako askok, bestelako lanik aurkitzen ez dutenean, gure ikastetxeetan bukatzen dute eta, automatikoki, Haur Hezkuntzan edo Lehen Hezkuntzan sekulako ilusioz eta energia eskainiz ari den irakasle batena baino kualifikazio handiagoa ematen zaio. Gauzak diren bezala, eta justuak izateko, horietako askok hezkuntzaren munduan sartu bezain pronto “engantxatu” egiten dira eta sekulako ekarpena egiten dute. Baina nik esan nahi dudana ez doa hortik, hezkuntza munduan irakasleen kualifikazioa eta garapen profesionala sustatzeko dugun sistemak dituen gabeziak eta kontraesanak baizik. Beste inongo lanbiderik ez da horrelakorik gertatzen. Adibide gori bat jartzearren, 30 urte lanean daraman irakasle batek inongo formazio osagarririk gabe edota inongo proiektu berritzailean murgildu gabe eta 5 urte daramatzan eta etengabe formatzen ari den eta proiektu desberdinen ardura edo partaidetza hartu dituen beste batek baino 200-300 € gehiago jaso ditzake.

Garapen pertsonalerako aukera eza horrekin eta formazio formalarekiko dagoen jarrera konformistarekin, oso zaila egiten dira auto-ikaskuntza edo formazio informalaren alde egiten diren ahalegin guztiak.

Zuzendaritza taldearen lidergo sendoa

Hamed Saber

Gai honen inguruan zalantza gehiago datozkit burura. Izan ere, ikastaroan aipatu zutenez, era guztietako zuzendaritza estiloekin topatu dira eta berdin lidergo banatua zein zentralizatua zuten ikastetxeetan antzematen omen zen lidergoaren eragina.

Nik ez dakit zein den estilorik egokiena, nahiz eta lidergo banatuaren aldekoa izan, baina oso garbi daukat zuzendaritza taldeen osaketan aldaketa sakonak behar-beharrezkoak direla. Ez da posible gaur egun gertatzen denarekin jarraitzea. Ikastetxe askotan, “deskartea” edo errotazioa da erabiltzen den metodologia taldeak osatzeko edo zuzendaria izendatzeko. Jakina, gogoz kontra edo inongo motibaziorik gabe sartzen den jendeak buruan noiz aterako ote diren besterik ez dute. Ez dut uste lidergo sendo hori ezartzeko oso egoera ona denik.

Bestalde, talde horien iraupenak ere berrikuspen bat merezi duela uste dut. Ez da posible ardura horien gako garrantzitsuenak ikasten hasita daudenean eta ekarpenik handiena egin dezaketen unean, kargua uztea. Modu berean, beste inork saltsa horietan sartu nahi ez duelako, horretarako prest dauden pertsonak karguan eperik gabe luzatzea. Izan ere, karguan luzatzeak “bizio” ezberdinak hartzea, ekimena galtzea, pertsona horrekiko mendekotasuna haztea… dakar. Horregatik, nik gutxieneko eta gehienezko urte kopuruak ezarriko nituzke karguan egoteko.

Ikastaroan aipatutako beste ildo bati helduz, zuzendaritza taldea administrazio lanetatik at egon behar da eta bere zeregina esparru pedagogikoan zentratu behar da. Horrek esan nahi du, beste gauza askoren artean, zuzendaritza talde batean sartzen den orok arlo pedagogikoaren inguruan ezagutza sakonak izan behar dituela eta hori lortzeko era guztietako formazioa hartu beharko duela.

Azken urte hauetan zuzendarien bilera batzuetan egotea tokatu zait eta ikustekoa da bertan entzuten diren gauza batzuk. Adibidez, IKTen inguruan entzun behar izan nituen astakeriak edo gai pedagogiko batzuen inguruan agerian uzten zuten ezjakintasuna, ez ziren nolanahikoak.

Azkenik, gaur egun, zuzendaritza taldeetako kideen lan baldintzak ikusita, ez da harritzekoa ikastetxe askotan gertatzea arestian esan dudana. Talde horiengan jartzen den erantzukizunari aurre egiteko, sekulako ahaleginak egin behar izaten dituzte eta oso ohikoa da taldeetako kide horiek gauez eta egunez lanarekin bueltaka. Horregatik, derrigorrezkotzat ondorengo bi aspektuak lehenbailehen zuzendaritza talde guztietan inplementatzea: alde batetik, zuzendaritza taldearen eginkizuna ez da ikastetxeko aspektu guztiak kontrolatzea edo gidatzea, delegatu behar dute eta ardurak banatu behar dira eta, bestetik, funtzionatzeko metodologia berritzaileagoak inplementatu behar dira dagokien ardurarik nagusiena eraginkortasunez burutu ahal izateko: lidergo pedagogikoa.

Denboraren kudeaketa

mk3_3

Gai honen inguruan hitz egiten den bakoitzean, betiko salbatzaileek ordu libreetan irakasle batzuek kafetegian edo erretokian pasatzen duten denbora aipatzen dituzte, baina ez dira konturatzen gai honek zerikusirik ez duela horrekin. Lantoki guztietan tarte batzuk daude gisa horretako uneak izateko eta nik garbi daukat onuragarriak direla, bestela, esklabismoa izan daiteke alternatiba.

Denboraren kudeaketa aipatu zutenean, oso garbi gelditu zen zertaz ari ziren, nagusiki: gela barruan ikaskuntza prozesuei eskaintzen zaien denbora eta koordinaziorako, elkarlanerako eta antolaketarako eskaintzen den denbora.

Gela barruko lana, arestian esan dudan bezala, aparteko mundu bat izaten ohi da non irakasle bakoitzak gela kudeatzeko bere estrategiak erabiltzen dituen. Hori dela eta, oso ohikoa da entzutea, batez ere maila batzuetan, ikasleak zentratzen edo prestatzen direnerako saio erdia joaten zaiela. Bada, emaitza onak lortzen dituzten ikastetxeetan, hori ez da gertatzen. Esan zutenez, ezaugarri hau ikastetxe on guztietan errepikatzen da eta ikastetxearen “kulturaren” parte garrantzitsu bat da. Irakasleek puntualtasunak duen garrantzia ez dute ahazten eta ikasleek ere, gelan sartzen direnean, badakite bertan ez dela denbora galtzen. Horregatik, behe mailako geletan horren ohikoak diren ikasleen ilarak zuzenketaren zain, pentsaezinak dira ikastetxe horietan.

Horregatik, metodologia aktiboen erabilera ia derrigorrezkoa bihurtzen da. Hala ere, aitortu zutenez, oso metodologia ezberdinetako ikastetxeetan lortzen dute gela barruko denborari etekin handia ateratzea.

Antolaketari dagokionez, ikastetxe askotan, denbora mordo bat alferrik galtzen da era guztietako bilerak egiten, baina inoiz ez dute aztertu edo ebaluatu bilera horien eraginkortasuna. Hori dela eta, denbora asko eskaini bai, baina etekin atera oso gutxi. Emaitza bikainak lortu dituzten ikastetxeetan, adibidez, bilerak ez dira araua, salbuespena baizik. Hau da, proiektu bat edo zeregin bat burutzeko, bestelako bide eraginkorragoak garatu dituzte (sarea da biderik erabiliena) eta aurrez aurreko bilera, ezinbestekotzat jotzen dutenean baino, ez dute konbokatzen. Eta bilerak egiten dituztenean, aurretik finkatutako metodologia eta helburu argi bat dutelarik egiten dituzte, jendearen nekea eta frustrazioa saihestuz.

Bestalde, oso garbi finkatzen dituzte euren lehentasunak (bizpahiru izaten omen dira) eta bigarren mailako zereginak bigarren plano batean uzten dituzte edo ez dituzte betetzen. Akzesorioa den guztia kentzen dute. Planteamendu horrekin, ikastetxe horiek eraginkorragoak izateaz gain, bertako langileen inplikazioa eta asetze maila areagotzen dute.

Eskola giroa

Camdiluv ♥

Bukatzeko, gainontzeko aspektu guztiak laburbiltzen dituena dator. Oso adierazgarria da “irribarre tasa” kontzeptua erabiltzen dela ikastetxe baten giroa neurtzeko. Eta ez da tontakeria.

Honen aurretik aipatutako puntuetan aurrerapauso handiak eman dituzten ikastetxeetan, logikoa denez, oso giro ona arnasten da bertan eta pertsona guztietan antzeman daiteke. Hortik dator “irribarre tasa”ren kontzeptua. Jendea pozik ikusten da, ikasleak zoriontsu daude, gurasoak gustura eta irakasleek energia baikorra transmititzen dute.

Hala ere, badira beste faktore batzuk giro on bat lortzen laguntzen dutenak. Esate baterako, ikasleak eta gurasoak ikastetxearen erabaki garrantzitsuenetan, baita esparru pedagogikoari dagozkionetan ere, protagonismo erreala izateko aukerak sortu, komunitateko kide guztien arteko komunikazio kanal iraunkorrak eta dinamikoak sortu, guztien arteko elkarlana ikastetxearen “araua” bihurtu…

Tira, espero nuena baino askoz ere luzeagoak atera zitzaizkidan mezu hauek eta serieari amaiera ematen dion mezuak ez zuen gutxiago izan nahi, nonbait. Burua behar bezala ez dagoenean, zaila egiten da gai hauetaz aritzea eta idaztea, baina Ordiziako Jaiak hasi baino lehenago bukatu nahi nuen eta, nola hala, lortu dut. Gai hauen inguruan pentsatzen jartzeko balio izan badu, gaitzerdi, ez baitut beste inongo asmorik.

Eskola hobeak denentzat (3)

Aurreko egunotan Donostian izandako “Eskola hobeak denentzat” izeneko uda ikastaroaren inguruan bi mezu (1 eta 2) argitaratu genituen, baina ikastaroaren amaieran burututako mahai-inguruan ateratako gai garrantzitsuenak aipatu gabe gelditu ginen eta gaur saiatuko gara hori bukatzen.

Esan genuen bezala, J. F. Lukas moderatuta, Abel Ariznabarreta (Ikastolen Elkartea), Xabier Mendizabal (BIHE) eta Pello Aramendi (EHU) izan ziren mahai inguru horretan aritu zirenak. Kristau eskolen ordezkari bat ere aurreikusita zegoen, baina ez zuen etortzerik izan eta hiru horiek izan ziren “Euskal Curriculuma eta eskolen hobekuntza” gaiaren inguruan mintzatu zirenak.

Lehen txandan Pello Aramendi izan zen hitza hartu zuena eta jarraian doazen aspektuak aipatu zituen:

  • OCDEk bere kanpo ebaluazioetan erabiltzen dituen adierazleak ez dira nahikoak eskola bat ona den edo ez esateko. Beraz, emaitza horiek tentu handiz hartu eta aztertu behar dira.
  • Espainian zor historikoa dago hezkuntzarekiko. Izan ere, oso gutxi inbertitu da eta oraindik ere egoera ez da hobetu.
  • Euskadin eta Nafarroan, hobeto gauden arren, gure erreferenteak diren beste lurraldeekin alderatuz, urruti samar gaude.
  • Eskola porrotaren datuak negargarriak Espainian eta EAEn nabarmen hobeak, baina oraindik ere bide luze bat dago eremu horretan hobetzeko.
  • 0-2 urteko etapa EAEn eta Nafarroan hedatzen eta indartzen jarraitu beharko genuke.
  • Ikastetxeek autonomia eskasa (publikoetan areagotu egiten da arazoa) dute eta administrazioak duen jarrera zurruna aldatu beharko luke.
  • Gertuko administrazioari (udalak eta diputazioak) rol garrantzitsuagoa eman behar zaie.
  • Irakasleen rola derrigorrez aldatu beharra. Proiektuarekiko atxikimendua eta konpromisoa azaltzen duten irakasleak zaindu eta mantendu.
  • Ebaluazioaren (barnekoa nahiz kanpokoa) kultura garatu behar da hobekuntza tresna gisa.
  • Curriculuma egokituta landu eta ez finkatuta datorrena argitaletxeetatik edo administraziotik. Gutxieneko ezagutzak finkatu, zehar lerroetan jorratzen dena ere aintzat hartu (bizikidetza, osasuna, euskal izaera…).
  • Testu liburu kontsumitzaile hutsak diren irakasleekin amaitu eta irakasle sortzaileak bultzatu behar dira.
  • Inertziaz egiten diren hainbat gauza birplanteatu behar dira, hala nola; aniztasunaren trataera, orientazioa, ikasturteak promozionatzeko edo errepikatzeko gaia, harrera programak…

Jarraian, Abel Ariznabarretaren txanda iritsi zen. Honek zituen 10 minutu horietan dena sartu nahi izan zuen eta, jakina, formula bateko kotxe baten abiaduran mintzatu zen eta oso zaila egin zitzaigun oso ondo prestatuta eta egituratuta ekarri zuen diskurtsoa jarraitzea. Noski, apunteak hartzea zailagoa izan zen. Hala ere, nik uste dut esandako ideia garrantzitsuenak jaso ahal izan nituela. Horra hor:

  • Oro har, EAEn eta Nafarroan eskola onak ditugu. Ez horren onak, ordea, gure antzeko beste lurraldeekin alderatuz gero.
  • PISA bezalako proben emaitzak epe labur batean hobetzea ez da gauza zaila. Administrazioak helburu hori lortzeko politika bat bultzatuz gero, lortzen da. Hori frogatzeko hori egin duten lurralde batzuen adibideak jarri zituen.
  • Horregatik, ezinbestekoa da goitik beherako inpultso hori, behetik datorrena alboratu gabe.
  • Izugarrizko balioa eman zion Ebaluazio diagnostikoari. Izan ere, irakurketa sakon bat eginez, oso ondorio esanguratsuak atera daitezke. Ikastolen Elkartean bide horri heldu omen diote.
  • Ikastetxeen autonomiaz asko hitz egiten bada ere, kontu handiz tratatu beharreko gaia eta ez du begi onez ikusten gai hori besterik gabe planteatzea. Beste aspektu gehiago aintzat hartu beharko lirateke eta.
  • Hobekuntzarako klabe garrantzitsuena gela da. Izan ere, bertan gauzatzen dira prozesu guztiak.
  • Antolaketari dagokionez, garrantzia handia lidergoari eta irakasleen gaitasunari eman zien.
  • Antolaketa orokorrak koherentzia izan behar du bilatzen dugun ikasle irteera profilarekin eta lortu nahi ditugun emaitzekin.
  • Euskal Curriculuma ikastolen ikurra baino gehiago da. Euskal ikuspegia bermatzeaz gain, konpetentzietan oinarrituta dago.
  • Materialgintzan Ikastolen Elkartearen lana goraipatu zuen eta arestian aipatutako helburuen lorpenaren mesedean ekoizten direla adierazi zuen.
  • Horrekin batera, irakasleentzat formazio sakona eskaintzen dute. Ekoiztutako unitate berriak esperimentatu eta ebaluatu egin dira. Hobekuntzak ondorioztatu dira eta dena prest dute DBH 1eko eguneroko lanean txertatzeko.
  • Ikastolek “Integrazioaren Pedagogia”ren aldeko hautua egin dute.
  • Finkatutako ikasleen irteera profila konpetentzien bidez lortu nahi da.
  • Azken finean, lortu nahi dena hauxe da: emaitzak hobetu, ikastolak gaitze prozesuan jarri eta egun dauden tarteak murriztu ekitatea hobetuz.

Abelen “zaparrada”ren ondoren, Xabier Mendizabalen txanda iritsi zen. Hau lasaiago eta inongo aurkezpenik gabe aritu zen. Hori bai, gauzak ozenkiago esan daitezke, baina argiago…

  • Ikastetxe publikoek eskola inklusiboaren aldeko apustu garbia egiten dute. Horrek markatzen euren zeregina.
  • Hezkuntza kalitatea konpetentzia kognitiboaz harago doan zerbait izanik, emaitza hutsetatik harago ez doazen planteamenduek ez dute lekurik eta ez datoz bat euren printzipioekin.
  • “Instrukzioa” bakarrik ebaluatzea ez da bidezkoa. Ikuspegi integrala behar da.
  • Administrazioan sartzen diren guztiek “euren arrastoa” utzi nahi izaten dutenez, indarrean dauden proiektu batzuk baztertzen dituzte inongo irizpide garbirik gabe eta egitasmo berri batzuk ezartzen dituzte. Horrek berrikuntza prozesuak oztopatu besterik ez ditu egiten.
  • Zerbitzu publiko bezala, baliabideen erabilera eraginkorra egin behar dugu. Erantzukizuna gure gain hartu eta ez administrazioaren gain utzi. Azken finean, administrazioaren baliabideak GUZTIONAK dira.
  • Konpetentzia “ez kognitiboak” gartuz gero, konpetentzia kognitiboak ere hobetuko dira. Horregatik, azken hauetan gehiegi zentratzeak ez du merezi.
  • Kalitatezko ikastetxe batean, denek dakite zer egin, nola jokatu… Ez dago zalantzarako tokirik.
  • Ebaluazioaren kultura beharrezkoa da, baina barnean eta gure errealitatera egokituta dagoena egiten dena, batez ere.
  • Zuzendariaz ez dute hitz egiten. Bakarrik “Zuzendaritza Taldea” ulertzen dute eta horri ematen diote garrantzia. Horrekin batera, taldeak aurkezten duen “Zuzendaritza Proiektua” izugarrizko balioa du.
  • Ezinbestean, erantzukizun kolektiboa behar da (administrazioa, ikuskaritza, berritzeguneak, ikastetxeak…
  • Noski, horretan sinisten dutenek AUTONOMIA eskatzen dute, baina ez dute ulertzen autonomia hori nolabaiteko diskriminazioak sortzeko (pribilegiatuak), prozesu integratzaileak (ekitatea bermatzeko) garatzeko baizik.
  • Administrazioaren zurruntasunarekin AMAITU beharra dago.
  • Ez da posible irakasle bat konprometituta dagoenean, proiektu berritzailetan murgilduta dabilenean, ikastetxeari ekarpen ugari egiten dionean… ikastetxeak inongo eskumenik ez izatea bere jarraipena bermatzeko.
  • Egun dauden formazio zirkuituetan, teoriko eta aditu asko ikusten da, baina nekez ikusten dira praktika onak, berritzaileak eta arrakastaz burutu dituzten irakasleak. Ezinbestekoa da pertsona horiek hor sartzea formazio praktikoagoa eta irakasleen errealitateari lotutakoa izateko.

Hiru mahaikideek hitz egin ondoren, galderen txanda iritsi zen. Baina gehienetan gertatzen den bezala, horretarako oso denbora gutxi gelditu zen eta saioa ia ordu erdiz luzatu behar izan zuten.

Egia esan, jendeak eginiko galderen aurrean, mahaikideen erantzun gehienek aurreko saioetan esandakoa berresten zuten eta oso gauza berri gutxi atera zen. beharbada, deigarria egin zitzaidan ikastola batean aritutako eta orain publiko batean dabilen andereño baten iruzkina. Berak esan zuenez, publikoa ezagutu duenetik maitemintzen ari dela bertan arnasten den giroarekin eta askatasunarekin, baina faltan botatzen duela ikastoletan bizi den euskaltasuna. Bere iritziz, Eskola Publikoak ahalegin berezi bat egin beharko lukeela hori konpontzeko.

Iruzkin horren aurrean, noski, ikastetxe publikoen ordezkariak aipatu zuen horren inguruan lan handia egin dela eta euren printzipioetan hori beti presente dagoela eta ados zegoela bere adierazpen horrekin, baina era askotako oztopoei aurre egin behar izaten dietela eta bidean daudela. Adibide gisa, “A” ereduarena aipatu zuen. Administrazioak eredu hori kentzen ez badu, ezinezkoa egingo zaie aipatutako euskal izaera hori bermatzea. Beste alde batetik, ikastetxe publiko askotan gertatzen ari da etorkin kopuru izugarri handia dutela eta, hori gutxi balitz, bazterketa sozialetik datozen ikasle gehienak ere hartzen dituztela. Horrekin egiten duten esfortzua ere aitortu behar zaiela eta esfortzu hori beste sareetako ikastetxeekin partekatu beharko litzatekeela. Hau da, lan horren zamarik handiena ikastetxe publikoen esku gelditzen bada, ezin da gero kritikatu euskal izaera hori bultzatzen ez dutenik.

Tira, horraino bi egun horietan jaso nuena. Ahaleginak egin ditut hizlariek adierazitakoa islatzen eta, batez ere, esan zutenaren espiritua jasotzen. Konturatuko zinetenez, nire iritzi pertsonala ez dut eman eta aseptikoa izaten ahalegindu naiz. Horregatik, nire hurrengo asmoa bertan bizi izandakoa eta entzundako guztiaren aurrean sentitu nuena eta pentsatzen dudana esatea izango da. Ea bihar hori argitaratzeko astirik dudan.

Eskola hobeak denentzat (2)

Atzo, ikastaroaren lehen saioaren berri eman genizuen eta gaur bigarren saioarekin gatoz. Gaurkoa ere mamitsua suertatu da, nahiz eta atzo aipatutako gauza asko errepikatu diren. Nolanahi ere, F. Javier Murillo Madrilgo UAMeko irakasleak eskainitako bi saioek zapore ezin hobea utzi digute.

Esan dudan moduan, gaurko lehen bi saioak F. Javier Murillorentzat izan dira eta hirugarren saioan mahai-inguru bat izan dugu ondorengo partaideekin: Abel Ariznabarreta (Ikastolen Elkartea), Xabier Mendizabal (BIHE) eta Pello Aranburu (EHU). Kristau Eskolako ordezkaria den Aitor Bilbaok ez du etortzerik izan.

Murilloren bi saioak oso interesgarriak izan direla garbi gelditu da, baina zerbait zuzentzearren, denboraz eskas ibili da esan behar zuen guztia esateko eta gai batzuk oso azkar eta asko sakondu gabe jorratu behar izan ditu. Asko gustatu zait komunikatzeko duen gaitasuna, transmititzen duen konbentzimendua, gertutasuna eta, aldi berean, apaltasuna.

Tira, hezkuntzaren inguruan egin diren ikerketa historikoen erreferentzia batzuk eman eta gero, adierazpen interesgarri batzuk mahai gainean jarri ditu: “eskolak, eraldaketa sozialerako ahalmen handia izan arren, desberdintasun sozialak errepikatu eta legitimatu egiten ditu”, “eskolaren eragina, %15-%20 ingurukoa baino ez da”, “jarrera eta balore eraldatzaileetan eskolak duen eragina oso murritza da”, “ikasleen errendimenduan, amak duen kultura mailak eragin oso handia du”… Hala ere, arestian esandako guztia esan eta gero, oso garbi utzi du eskolak duen esparru edo eragin mugatu horretan, asko egin dezakeela eta ez dela berdina irakasle edo eskola on batekin topo egitea, ekitatearen bidean gauza asko egin daitezkeela. Hori bai, horretarako, ezinbestekoa da eskola eraginkor bat izatea, zenbat eta testuinguru zailagoa izan orduan eta eraginkortasun handiagoa izan behar du. Eta zer ulertzen du berak “eskola eraginkor” bat izateaz? Bada, balio erantsia ematen duen eskola bat, ekitatea sustatzen duena eta ikasleen garapen integrala (ez kognitiboa soilik) bultzatzen duena (baloreei garrantzia handia ematen diena).

Bestalde, egiten diren analisietan, beste gauza batzuk ere begiratu behar direla aipatu ditu: emaitzak egonkorrak dira? ba al dute iraunkortasunik?, hau da, eskolatik irten eta gero, ikasle horien emaitzak mantentzen al dira? eraginkortasun diferentziala (norbanakoaren eboluzioa) neurtzen al da? irribarre-tasa altua du ikastetxeak? Eskola eraginkorra bada, galdera hauen erantzuna baiezkoa izango da. Baina oreka delikatu baten inguruan mintzatzen ari garenez, oso garbi utzi digu faktore batek huts egiten duenean, eskolak kolapso izan dezakeela.

Ondorengoak dira berak aipatu dituen faktore giltzarri gisa:

1.- Komunitatearen sentimendua

  • Ikastetxeak oso garbi dauka zer nahi duen eta bere Hezkuntza Proiektuan jasota dago.
  • Irakasleak konprometituta daude Proiektuarekin.
  • Irakasleek taldean lan egiten dute (ikasgelak “despribatizatuta” daude).

2.- Eskola giroa

  • Ikasleek ongi baloratuta eta aintzat hartzen dituztela sentitzen dute.
  • Komunitateko kiden arteko harreman onak ematen dira.
  • Irakasleak gustura daude.
  • Familiak ere gustura daude ikastetxearekin eta irakasleekin.
  • Ez dira berdinen arteko erasoak ematen (horrelako eraso bakar bat ematen bada, nahikoa da eskola eraginkorren multzoan ez sartzeko).

3. Eskola zuzendaritza

  • Zuzendaritza kolegiatua, konpromiso handia duena, gaitasun handikoa eta lidergo sendoa erabiltzen duena.
  • Lidergoa arlo pedagogikoan zentratuta eta parte hartzailea.
  • Lan administratiboetatik aldenduta eta aspektu pedagogikoetan aitzindaritzan dagoen taldea.
  • Eskarmentua duten pertsonak eta emakumezkoak hobeak omen dira.

4.- Kalitatezko curriculuma

  • Klaseak ongi prestatuta daude.
  • Lanak oso ongi egituratuta daude eta argiak dira.
  • Jarduerak mota anitzekoak dira, ikasleen parte hartze handia eskatzen dute eta hauek oso aktiboak dira.
  • Aniztasunari erantzuna ematen zaio. IKASLE GUZTIAK aintzat hartzen dira.
  • Baliabide didaktiko anitzak erabiltzen dira eta IKTen erabilera ohikoa eta “naturala” da.
  • Ebaluazioaren komunikazio etengabea. Ikasleen lanak feedback egokia du eta bere hobekuntzan zentratuta dago. Ez da epaitzen.

5.- Denboraren kudeaketa

  • Gelan pasatzen den egun kopurua.
  • Puntualtasuna.
  • Klaseen denbora optimizatuta dago.
  • Ikaskuntza-irakaskuntza jardueren etenak eskasak dira (absentismoa, grebak…).
  • Denbora malgutasunez antolatzen da.
  • Ikasleak desafiatzaileko jarduerak burutzen pasatzen duen denbora da balio duena.

6.- Eskola-Komunitatearen partaidetza

  • Ikasleek, familiek, irakasleek eta beste eragileek jarduera mota anitzetan elkarrekin parte hartzen dute.
  • Komunitateko kide guztiek antolaketan, funtzionamenduan eta erabakietan parte hartzen dute.
  • Zuzendaritzak partaidetzari garrantzia ematen dio eta hori erraztearren, kanal instituzionalak daude.
  • Ingurune hurbilarekin (auzoa, herria, erakundeak…) harreman estua du.
  • Familia eta ikastetxearen artean batasun sinergiak sortzen dira (gurasoak geletan sartzen dira ikasle txikiak jasotzera, gelak bisitatzen dituzte, irakasleekin hitz egiten dute…).

7.- Irakasleen garapen profesionala

  • Irakasleek hobetzeko eta ikasten jarraitzeko interes handia dute. Gauza bera komunitateari dagokionez.
  • Berrikuntzarekiko jarrera baikorra dago.
  • Ikas Komunitate Profesionala (ikaskuntza, kolaborazioa eta babesa) bihurtzeko aurretiko joera.


8.- Espektatiba handiak

  • Espektatiba handiak daude eta hauek ikasleei eta komunitateko beste kideei komunikatzen zaizkie.
  • Zuzendaritzak irakasleekiko espektatiba handiak ditu.
  • Familiek ere espektatiba handiak dituzte irakasleekiko eta zuzendaritzarekiko.
  • Administrazioak ikastetxearekiko ere espektatiba handiak ditu.

9.- Instalazioak-baliabideak

  • Beharrezkoak diren gutxieneko baliabideak daude eta hauek egokiak eta kalitatezkoak dira.
  • IKT baliabideak erabiltzen dira.

Horraino lehen saioan azaldutakoa eta atseden labur baten ostean, bigarren saioari ekin dio. Bigarren saio honetan eskolak hobetzeko, iparra markatu, bideak erakutsi eta proposamenak zehaztu ditu.

Hasteko, eskola bat hobetzeak zer esan nahi duen argitu nahi izan du:

  • Aldaketa planifikatuta, sistematikoa, koordinatua eta asumituta da. Hau da, bilatutako aldaketa izan behar du eta eskolaren kulturaren aldatuz lortzen dena.
  • Ikastetxean fokalizatutako aldaketa izan behar du.
  • Planteamendu sistematikoa eta ikastetxearen barne-baldintzetan oinarrituta egon behar du.
  • Pertsonal osoa hartuko du bere baitan.
  • Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan eta antolaketan zentratuta.
  • Aldaketaren funtsa, eskola, ikasleen eta irakasleen kalitatea hobetzea da.
  • Ikasleek inplikatuta egon behar dute aldaketan.

Laburtuz, ikastetxeak aldatu ahal izateko, ezinbestekoa da pertsonak aldatzea. Ebaluazioa beharrezkoa bada ere, EFQM bezalako modeloek balio dute, baina ez dute bermatzen hobekuntza hori. Gainera, pertsonak “erreta” bukatzeko arrisku handia dago, batez ere, eginiko lan izugarri horren ondoren, eremu pedagogikoan aldaketa hori ikusten ez dutenean. Hori dela eta, ebaluazio “txiki” eta pertsonalizatu batzuen aldekoa dela adierazi du. Hori bai, ebaluazioak, “per se”, ez du inongo aldaketarik ezta hobekuntzarik ere bermatzen.

Berak dioenez, eskola bat aldatzea gauza samurra da. Zailena, kultura bat sortzea da non ikastetxea bere kasa etengabe aldatzen, egokitzen eta hobetzen segitzen duen.

Une honetan, hiru indar-ideia azpimarratu behar direla esan du: kolaborazioa, babesa eta ikaskuntza. Nola lortu daiteke? Bada, hiru estrategia nagusi hauek jarraituz:

1.- Ikas Komunitate Profesionala

Zer da hori? 3 ardatz dituen aldaketa estrategia bat da: Komunitate osoaren ikaskuntza (guztientzat eta guztien artean), kolaborazioaren bitartez eta elkarri babesa emanez.

Zein dira IKPen ezaugarriak?

  • Balioak konpartituta daude (ikusmira).
  • Ardura kolektiboak.
  • Ikasleen ikaskuntzan eta irakasleen hobekuntzan zentratuta.
  • Elkarlana oinarria da.
  • Profesional guztiek ikasten dute euren lanbidean hobeak izateko.
  • Irekita daude eta sare ezberdinetako kideak dira.
  • Elkarrenganako konfiantza, errespetua eta laguntza.

Eta, zein dira IKPen indar-ideiak?

  • Ikasgelak “despribatizatuta daude (inork ez du esaten hau nire gela da edo ikasle hori zurea da, denak sentitzen dira erantzule)
  • Ikastetxea norberarena dela sentitzen dute.
  • Laguntza eskatzea/eskaintzea ohiko gauza bat da.
  • Auto-konplazentzia saihesten da.
  • Irakasleak profesional duinak bezala ikusita daude.
  • Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak ez daude estandarizatuak eta, horren ondorioz, ikasle estandarraren irudia desagertuta dago. Erronka etengabea da.
  • Norbanakoaren ikaskuntza eta ikaskuntza kolektiboa sustatzen dira denbora, espazioak, baliabideak, erraztasunak… emanez.

Ikastetxeen “Kultura” gaitzat hartuta, Louise Stoll eta Dean Fink aipatzen dituzten 10 puntu eskola kulturan txertatzeko ekarri ditu gogora:

  • Helburu komunak
  • Arrakastaren ardura guztiona da
  • Talde lana
  • Etengabeko hobekuntza
  • Ikaskuntza, guztiaren oinarri eta ardatz
  • Arriskuak hartu
  • Elkarren babesa sentitu
  • Elkarren errespetua bultzatu
  • Argitasunez hitz egiten da
  • Ospakizuna eta umore ona

2.- Lidergo banatua

Zer esan nahi da horrekin? Bada, eskola ulertzeko beste era berri bat da. Ez da eginkizunen birmoldaketa hutsa, aitzitik, arestian aipatu dugun kultura horren aldaketa sakon bat da, zeinek komunitateko kide guztien konpromisoa eta inplikazioa eskatzen duen. Konpromisoa eta inplikazioa eskola kudeatzeko, funtzionamendu hobe bat bermatzeko eta kultura on hori sustatzeko. Kide guztien indarguneak erabiltzen ditu helburu komun baten mesedean jartzeko. Konfiantza hori pertsona guztiengana iristen da eta lidergoaren eragina esparru guztietan islatzen da.

Horrek, noski, derrigorrean, inplikazio zuzenak ditu indarrean jartzen den eskoletan eta zuzendariaren irudia birplanteatu egiten du. Azken finean, lidergo banatua indarrean jartzen denean, zuzendaria aldaketaren kudeatzaile bat bihurtzen da. Lidergo anitzari bultzada ematen zaio eta pertsona guztiak, modu batean edo bestean, inplikatuta sentitzen dira. Irakasleak eginkizun profesionalagoa hartzera derrigortuta sentitzen dira eta guztien trebetasunak edo indarguneak aprobetxatuta daudela sentitzen dute. Inor ez da gutxiesten edo baztertzen. Argiñanok esango lukeen bezala: “Hemen ez da ezer botatzen”.

3.- Ikas sareak

Sare hauek konpetibitateari erantzun bat emateko modu bat dira eta irakasleen isolamendu tradizionala haustera datoz. Konpromisoa optimizatzeko aukera bat dira eta elkarlanean oinarritutako berrikuntzarako aukera paregabeak dira. Sare hauek aukera anitz eskaintzen dituzte:

  • Ezagutza sortu eta partekatu
  • Baliabideak optimizatzen dira
  • Ikaskuntza sustatzen dute
  • Praktika onak barreiatzeko aukera paregabea
  • Partaide guztien kapital sozio-intelektuala areagotzeko aukera
  • Berrikuntzak eskaini
  • Espektatibak areagotu

Bukatzeko, ondorengo ideiak luzatu ditu:

  • Gizartea hezkuntzaren bitartez aldatzea posiblea izan ez ezik, BEHARREZKOA DA!
  • Gizarte justu baten alde eskolak kolaboratu behar du. Horretarako, EKITATEA ezinbestekoa da.
  • Berrikuntzak ezartzea urgentzia bat da. Egin ezean, nekez lortuko da ikasten duen komunitate bat, babesa ematen duen komunitatea eta kolaboratzailea den komunitatea.

Bueno, honaino, korrika eta presaka hartu ahal izan ditudan oharrak.

Baina goizak mahi-ingurua burutzeko gordeta zeukan hirugarren saioa. Hala ere, mezuak hartu duen luzera ikusita, beste baterako utziko dut mahai-inguruan jaso ditudan ohar nagusienak eta, horrela, aprobetxatuko dut nire iritzi pertsonala zuekin partekatzeko.

XXI. mendeko eskolaren eraldaketa pedagogikoaren inguruko apunteak

Laister beteko dira bi urte, Urola Ikastola BHI-tik jaso nuen gonbidapenari erantzunez, Azkoitian izan nintzela gure ikastolan IKTen inguruan egindako ibilbidearen inguruan hitz egiten. Prestatu nuen aurkezpenaren lehen zatian aurreko hamar urteetan gure ikastolan egindakoaz jardun nintzen, fase desberdin bakoitzean aurkitutako oztopo edo arazoak azalduz. Bigarren zatian, orduko egoera abiapuntu bezala hartuz, prospektiba ariketa txiki bat egitera ausartu nintzen, etorkizunari begira eragite ardatz nagusienk zeintzuk izan zitezkeen labur-labur aurkeztuz. Azpian daukazue Azkoitiko hitzaldian erabili nuen aurkezpena:

Lehenengo aldia zen aurkezpenari izenburua, behin diapositiba guztiak amaituta nituela, ipintzen niola. Izenburu deigarri bat ipini nahi nion, atentzioa deitzeko modukoa eta kontutan izanik oraindik bero-bero nituela buruan azkeneko bi diapositbetan agertzen diren ideiak, onartzen dut izenburua “apokaliptiko” samarra atera zitzaidala 🙂 Kontua da jada duela bi urte kezkatuta nenbilela IKTen gehiegizko protagonismoarekin (ikus 36. diapoa). Eskolaren berrikuntza IKTen ezarpen eta erabilerarekin nahasten genuen, praktika onak teknologiaren erabilera “orijinalekin” lotuta zeudenak kontsideratzen genituen eta irakasle aurrerakoiak teknologian euren trebetasuna adierazten zutenak (inguruko irakasleak liluratuta geratzen ziren hauekin) kontsideratzen genituen. Baina nire esperientzia pertsonalak esaten zidan hori ez zela eskola berriak behar zuena edo behintzat horrekin bakarrik ez zen nahikoa eskolak behar zuen benetako berrikuntzarako. IKTen erabilerari lotutako “boom”-ak, teknologiaren gehiegizko protagonismo horrek, onura baino gehiago kalte egiten zuela iruditzen zitzaidan; gure ikastolaren errealitateari begira behintzat, hala sentitzen nuen.

Jada orduan gure ikastolan eraldaketa didaktiko sakon baten beharra genuela proposatzen nuen (ikus 40. diapoa) eta proposatzen nituen bost eragite ardatzen artean, azkenekoan hauxe botatzen nuen: IKTen integrazio gardena gure eguneroko praktikan (ikus 45. diapoa). Kontua da, orduan intuizio bat bakarrik zena, denborarekin forma hartzen joan dela, orduan sentitzen nuen hura oso garbi azaltzen ez banekien ere, poliki-poliki konkretatzen joan da.

Gaur bertan Angeles Araguz-en blogan “No son las TIC es la pedaggía” artikuluan ipini duen azpiko bideoan oso ondo laburbiltzen da duela bi urte aipatzen nuen “aldaketa didaktiko” harrekin adierazi nahi nuena:

Egia esan, ez ditu gauza berri askorik esaten, blog honetan azkenaldian behin baino gehiagotan azaldu diren kontuak jasotzen ditu, baina uste dut oso interesgarria dela ematen behar den aldaketaren perspektiba global bat ematen duelako. Uste dut, eskoletan oraindik gertatzeke dagoen aldaketaren kudeaketa nondik nora joan beharko litzatekeen ulertzeko oso bideo baligarria izan daitekeela. Bertan botatzen diren ideia asko gainera, ikasle-irakasle testuingurutik kanpo ere zentzua badutela esango nuke. Uste dut irakasleon artean ere, gure eskola barruko lan-esparru eta harremaneta ere kontsideratu beharreko ideia ugari ipintzen dituela mahai gainean.

Bideoan aipatzen den XXI. mendeko hezkuntza eredu berri hori hain dago urruti pasa den mendean ezagutu genuenarekiko ze sistema horren protagonistak garen ikasle eta irakasleon oinarrizko trebetasunak ere derrigorrezkoa da, eredu berriarekin batera, aldatzea. Eta bideoan trebetasun berri horiek zeintzuk izan behar diren sumatzen bada ere, uste dut Aitor Lazpitak azken asteotan argitaratu dituen bi dekalogoetan oso ondo azaltzen dituela.

Lehenengo aurkezpenean George Siemens-en ekarpenak hartzen ditu aitzakia bezala, XXI. mendeko ikasle batek menperatu behar dituen trebetasunen dekalogoa azaltzeko:

Bigarrenen aurkezpenean aro postdigitalean (alegia, IKTen protagonismoarekin amaitu den garai honetan) irakasleok garatu beharko genituzkeen trebetasunei buruz hausnartzen du.

Uste dut aurreko bideo eta aurkezpenekin nahiko ondo zehaztuta geratzen dela zeintzuk izan beharko liratekeen eskola modernoaren ezaugarriak, gure seme-alaben beharretara (eta ez alderantziz) eta hedaduraz, gizarte osoaren beharretara egokitutakoa.

Kontu honen inguruan bueltaka ibili nintzen duela hilabete batzuk. Ordenagailuaren aurrean eserita nengoela, zera galdetu nion nire buruari: nire semeak ikastolan egingo duen ibilbidean zer balore/gaitasun/konpetentzia garatzea nahiko nuke? Zeintzu balore/gaitasun/konpetentzia nahiko nuke semeak garatzea ikastolan nahiz etxean, bere hezte prozesuan? Zer bultzatu nahiko nuke guraso bezala etxean, ikastolarekin sintonian? (Ikastoletan azkenaldian hainbestetan entzuten ari garen “ikaslearen irteera profilaz” buruz ari nintzela jakin nuen gero)

Hortxe ibili nintzen burutik pasatzen zitzaizkidan kontu guztiak paper batean idatziz jasotzen. Horietako asko goiko bideo eta aurkezpenetan azaldutako asko dira, beste batzuk indarrean jartzen ari diren estrategia didaktikoekin zerikusia gordetzen zuten, beste askok konpetentzien garapenarekin. Batiburrillo guztia ahalik eta modu sinpleenean grafikoki laburbiltzen ahalegindu nintzen. Aspalditik daukat gordeta iruditxoa, txorrada bat delakoan, karpeta batean hautsa biltzen ;). Agian redukzionistegia da planteamendua. Seguraski gauza asko utzi ditut kanpoan. Baliteke ere askorentzat Euskal Curriculumean agertzen denaren bertsio kutre eta osatugabea izatea. Hala izango da, ez dakit. Nire lankide ohi batek askotan esaten zuen bezala, “erositako prezion saltzen dizuet”. Hortxe daukazue azpian aspalditik egindako tontakeritxoa.

Laister sartuko da nire semea nerabezaroan. Eskola etapa berri batean murgilduko da, bere helduarorako bidean kritikoa izango dena. Ez dut uste goian azaltzen den bideoan deskribatzen den XXI. mendeko eskola ezagutuko duenik. Dekalogo horiek ere oraindik urruti ikusten ditut. Konformatuko nintzateke gure ikastolaren ikuspegian (bisioan) nire eskematxo tonto horretan datozen alderdiak kontenplatu eta langileok gureak egingo bagenitu. Ez litzateke gutxi izango.