Sekuentzia berria: Balloon Mapping Ordizian

Amaitu berri diren Eguberriko oporretara joan aurretik aurtengo bigarren sekuentzia didaktikoarekin bukatu genuen. Oporretan denbora tarte bat hartu eta egindakoaren berri emateko asmoa nuen blog honetan baina gaur arte ez dut horretarako astirik izan. Hona hemen, beraz, egin dugunaren berri eta proiektu honen inguruan egindako hausnarketatik ateratako ondorioak.

Aurten ere, iaz bezala, bigarren proiektua fisika eta matematikako helburuak jorratzeko diseinatu nuen. Proiektuaren abiapuntua hori izan bazen ere, jarraian irakurriko duzuen moduan, sekuentziaren garapenarekin ikasleek barneratu dituzten helburuak horiek baino gehiago izan dira.

Sekuentzia egituratzeko erabili nituen gidoi eta txantiloiak lehenengo ebaluazioko lehen proiektuan erabilitakoen antzekoak izan baziren ere, sekuentziaren ezaugarriak nahiko desberdinak zirela esango nuke nik. Aurreko batean esan nuen bezala, oraindik ez daukat oso garbi non dauden estrategia didaktiko aktibo desberdinen arteko mugak. Orduan esaten nuen moduan, irakaslearen protagonismo maila sekuentziaren diseinuan, atazaren konplexutasuna eta denboraren antolaketa eta iraupena izan daitezke estrategia desberdinak deskribatzerakoan kontutan hartu daitezkeen aldagaiak. Horrela, oraingo proiektu hau nik neuk hasiera-hasieratik diseinatutakoa da (ikasleek ez dute atazaren zehaztapenean ezta ebazpen prozesuaren diseinuan parte hartu), atazaren konplexutasuna nahiko altua izan dela esango nuke eta iraupenaren aldetik, ertaina (sei bat aste inguru erabili dugu proiektua garatzeko). Ezaugarri hauek kontutan hartuta nik esango nuke oso gidatua joan den PBL moduko bat kontsidera daitekeela proiektu hau.

Proiektuaren inguruko xehetasun gehiagorekin jarraitu baino lehen sekuentziaren kopia (originalak nire ikasleen autoebaluazioak jasota ditu eta horiek pribatuan mantentzea nahiago dut) bisitatzea gomendatzen dizuet:

Balloon Mapping Ordzian

Egin salto sekuentziara

Bukaeratik hasiko dut nire balorazioa. Baliteke proiektu hau izatea orain arte emaitzarik kaxkarrenak izan dituena (atazaren ebazpenarekin soilik ari naiz) lan egiteko modu berri honekin hasi nintzenetik. Ikasleek lortutako argazkien kalitatea oso kaxkarra izan zen; batzuk argazkiak lortzeko aukerarik ere ez zuten izan eta beste batzuk, hori guztia gutxi balitz, argazki kamera bat galdu zuten, globoetatik ihes egin ondoren. Lortutako argazki gehienak (milaka guztira) erreta bezala agertzen ziren, koloreen kalitatea oso kaxkarra eta gehienak oso mugituta. Tira, argazki batzuk mugituta aterako zirela bagenekien hasi aurretik baina hain kalitate txarrekoak izango zirenik ez genuen inondik inora imajinatzen honekin hasi ginenean, are gutxiago oraindik antzeko beste ekimen batzuetan zeinen emaitza onak lortu zituzten ikusi ondoren. Lortutako argazki guztien artean, hemen dituzue ikusteko moduan atera ziren gutxi batzuk:

Balloon Mapping

Balloon Mapping

Orain arteko porrotik handiena izan bada ere, benetako porrota lortutako emaitza kaxkar hauetatik ondoriorik ez ateratzea izango litzateke. Horixe da nire ikasleei mila aldiz esan diedana: zer joan den gaizki eta zergatik baloratzeko gai bagara, hurrengo baterako asko eramango dugu ikasita. Denbora bat pasa genuen emaitza kaxkar hauen jatorria non egon zitekeen analizatzen. Ondorio hauetara heldu ginen:

  • Arazo batzuk sekuentzian ondo zehaztu gabe agertzen diren hainbat konturen ondorioa izan ziren: kamera globoetatik gertuegi zegoen zintzilikatuta (hauen mugimenduarekin kamera etengabe zebilen balantzaka, alde batetik bestera) eta argazkiak “rafaga” moduan ateratzerakoan, kamerari ez genion denbora nahikorik ematen enfokea eta argitasuna modu automatikoan doitzeko (uste dugu horregatik atera direla hain erreta). Detaile hauek ondo lotuta ez izatea eta sekuentzian behar bezala ez azaltzea nire errua izan zen.
  • Beste arazo batzuk proiektua praktikan jartzerakoan izandako ardura faltaren ondorioak izan ziren: kamera globoetatik askatu eta lurrera erortzea, sekuentzian zehaztuta zetozen segurtasun neurriak behar bezala ez jarraitzearen ondorioa izan zen. Arduragabekeria hori beste baterako saihestu beharreko zerbait izan beharra dauka.
  • Badira beste arazo batzuk zuzenean kontrolaezinak direnak: sekuentziaren jarduera guztiak burutu ondoren, azkenekoa aurrera eramateko astebeteko denbora epea zehaztu genuen. Globoak askatzeko aurreikusita genituen egun horietan eguraldia nahiko kaxkarra izan zen. Egun askotan behe-lainoa izan genuen (400 metroren azpitik) eta beste batzuetan haize zakarra. Baldintza horietan, globoak askatzea ezinezkoa gertatu zen eta igotzea lortu genuen horietan, haizearen eraginez, argazkiak oso mugituta atera ziren

Tira, dena den, proiektu baten arrakasta edo porrota orokorrean ezin da azken emaitzaren arabera soilik baloratu. Prozesu osoa da kontutan hartu behar dena. Eta hor esan beharra daukat gauzak beste modu batean gertatu zirela.

Oro har proiektu hau oso gustukoa izan zen ikasle gehienentzat (halaxe onartu zuten gehienek egindako autoebaluazioetan). Talde bakoitza, hasieratik rol desberdinak zituzten bi azpitaldetan banatu zen. Batzuk kapsularen muntaia eta globoekiko lotura prestatu behar zuten. Besteek, argazki kamerak altuera desberdinetatik ateratako argazkietan jasota geratzen zen lur-azaleraren balioa kalkulatu behar zuten.

Jarraian, argazkietan jasotako azalera horiek Ordiziako zein zati estaltzen zuten aztertu behar zuten ikasleek. Horretarako, Google Maps-en gainean itxura desberdinetako azaleren dimentsioa kalkulatzeko baliagarria den Free Map Tools-en Area Calculator web aplikazioa erabili zuten. Analisi horren ondoren, herri osoaren ortofotoa lortzeko globoak zazpi gune desberdinetatik askatu beharko zirela erabaki zuten Liviak eta Mariusek. Gune horiek Gogle Maps-en gainean kokatu zituzten MapFab izeneko web aplikazio bat erabiliz. Azpian daukazue emaitza:

Egin klik
Egin klik maparen bertsio interaktibora salto egiteko

Une honetan, prest geunden globoak puztu, kamerak lotu eta argazkiak ateratzen hasteko. Baina zenbat helio gas bolumen behar genuen kamera 400 metroraino igo ahal izateko? Ba al zegoen modu zehatz eta “zientifiko” bat bolumen hori zehazki kalkulatzeko? Arkimedesen printzipioari astindu bat emateko unea zen. Baina eduki hauek fisikako gaian landu izan ditudan ohiko modu tradizionalean jorratu ordez, bide alternatibo bat erabiltzea egokiagoa izan zitekeela pentsatu nuen. Aurten, hirugarren jarduera hau iaz probatu nuen ariketa sekuentziaren moduan antolatzea erabaki nuen. Prestatu nien ariketa sekuentzia honetan, ariketak elkarri kateatuta doaz, alegia, ariketa bakoitzaren erantzuna ondo ulertzea derrigorrezkoa da hurrengoa behar bezala ulertu eta ebazteko. Katearen seigarren ariketaren ebazpenak bidea emango zien ikasleei erabiliko genituen globoetan sartu beharko luketen gas bolumena zenbatekoa izan beharko zen kalkulatzeko.

Esan bezala iaz, arrazoi trigonometrikoak ikasteko antzeko prozedura jarraitu nuen baina aurten ariketa katea lantzeko prozedura aldatu nahi nuen:

  • Ikasleei gela barruan ikasi behar zutenaren inguruan nik neuk inongo azalpenik ez ematea erabaki nuen. Ariketa bakoitzean zehaztu nizkien galderei erantzun egokia emateko, ikasleek derrigorrezkoa zuten aurretik eskaini nizkien baliabideak irakurri, ikusi, entzun eta, kasu batzuetan, hauekin praktikatzea (simulazio interaktibo batzuk ipini nizkien). Ariketak ebazteko modu honekin hain modan dagoen The Flipped Classroom izeneko ereduak benetan funtzionatzen zuen egiaztatu nahi nuen.
  • Bestalde, ez nuen nahi ikasleek ariketak bakarka ebaztea. Ariketak egiteko egitura kooperatibo batekin probatu nahi nuen, gero bakarkako lanketarekin alderatu eta emaitza hobeagoak lortzen nituen egiaztatzeko. Hautatutako egitura “Arkatzak Erdira” izenekoa izan zen.
  • Bukatzeko, ariketa bakoitzari azpi-atal bat baino gehiago ipini nizkion. Hauetako bakoitzaren erantzunak aurrera jarraitzea edo ez baldintzatzen zuen. Hori egiteko Google Drive-en formularioak erabili nituen. Modu honetara ariketa bakoitzaren erantzun zuzenarekin jotzeko ikasleen interesa piztu nahi nuen eta, bide batez, erantzunak irakurri eta zuzentzeko modu eraginkor bat bilatu nahi nuen.

Gogoa neukan ikasleek ariketak modu honetara nola egingo zituzten ikusteko. Eta esperientzia ezin hobeagoa suertatu zen. Ikasleek arazorik gabe ulertu zituzten eskura ipini nizkien baliabideak (baita katalanez zeuden bi simulazio interaktiboak ere!), ariketen ebazpen kooperatiboa espero ez nuen zuzentasun eta interesarekin egin zuten eta ariketen antolaketak bilatu nahi nuen pizgarri modura funtzionatu zuen (ikasle batzuk geroago onartu zuten bezala autoebaluazioan, asko gustatu zitzaien “joko” moduan planteatutako ariketa horiek). Ez nuen imajinatuko modu honetara egindako fisikako ariketa hauek hain ondo funtzionatuko zutenik.

Kuriositatea neukan egiaztatzeko zenbateraino barneratu zituzten ikasleek modu honetara landutako edukiak. Horrela, ariketa sorta berezi bat prestatu nien ikasleei, ohiko froga idatzi modura (ikus azpian). Memorizatzeko gaitasuna baina gehiago neurtu nahi nuen; testuinguru jakin batean, ikasitako edukiak erlazionatuz, galderei erantzutea nahi nuen. Ikasleei ordenagailua eta internet erabiltzeko aukera eman nien, garbi baineukan baliabide hauen erabilerak ez zuela baldintzatzen froga honekin egiaztatu nahi nuena.

Ez daukat nire ikasleak nirekin hasi aurretik egindako antzeko frogen emaitzarik baina esan dezakedan gauza bakarra da balorazioa oso positibotzat jotzen dudala. Guztiek adierazi zidaten garbi geratu zitzaizkiela ariketa katearen bitartez jorratutako kontzeptuak. Batzuk arazoak izan zituzten kalkuluak egiterakoan baina Arkimedesen printzipioaren aplikazioa guztiek burutu zuten ondo. Emaitza hauek ikusita uste dut, hemendik aurrera, gehiagotan erabiliko dudala ariketak egiteko modu hau.

Zailena eginda zegoen. Behin koxka hau gaindituta, azken eguna heldu aurretik, globoak lotu eta igotzeko teknika zertxobait errepasatzea geratzen zitzaigun, egon zitezkeen arazotxoak konpondu eta dena prest utzi azken egunerako. Horretan aritu ginen ikastolako patioan:

Dena prest zegoen, beraz, E eguna eta O ordurako. Egun eta ordu horretan zer gertatu zen kontatu dizuet hasieran. Zertan aritu ginen jakiteko, azpiko bideoa ikustea gomendatzen dizuet:

Ez dut bukatu nahi ebaluazioaren atalaren inguruan gauza pare bat esan gabe. Oraingoan ere, aurrekoetan bezala, ebaluazio jarrai eta formatiboa burutzen ahalegindu naiz. Prozesu osoaren jarraipena egiten saiatu naiz (edo fase esanguratsuenena behintzat). Jarraipen horretan sekuentzia honen protagonistak izan diren kide guztien ekarpenak jasotzen ahalegindu naiz: nireak, ikasle bakoitzarenak (autoebaluazioa) eta, talde-lanean aritu direnean (ariketak egiten), taldeko lagunena (koebaluazioa). Hauekin batera, ikasle bakoitzak egindako froga idatziaren emaitzak (ebaluazio akreditatzailea) ere jaso ditut. Erregistro guzti hauek gehi ebaluazioaren hasieran egindako proiektuarenak (Jendaurrean hitz egiten), zorro batean sartuta eman dizkiet gurasoei nirekin biltzera etorri direnean. Inoiz, berriro diot, inoiz ez ditut nire eskuan hainbeste argumentu izan guraso bati bere seme-alabaren indarguneak eta ahuleziak zeintzuk diren adierazteko. Ez naiz inoiz hain seguru egon, hain beteta geratu eta hain gustura sentitu gurasoekin izan ditudan bileretan, nahiz jasotako feedback-a guztiekin ez izan nahiko nukeena bezain positiboa. Baina hori, oraingoan, besteetan baina hobeto erlatibizatzen jakin izan dut, izan ere, gelan daukagun lan egiteko modu honekin, nire ikasleak inoiz baino hobeto ezagutzen ditudala eta inoiz baino laguntza gehiago eskaintzea daukadala sentitzen dut. Ebaluazioren ikuspegi hau berria da niretzat.

Amaitzeko hemen uzten dizkizuet aste hauetan ateratako argazkien album osoa:

Argitaratzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.