Behin baino gehiagotan, aipatu dugu, hezkuntzaren munduan, IKTen erabilera ez dela oso eraginkorra eta, askotan, erabat baztertuta daudela. Horregatik, gaur azaldu nahi dudana ez dakit ez ote den alperrik izango, baina baten batek etekina ateratzen badio, hainbestean.
IKTen egoera gure ikastetxeetan aztertzen dugunean, ohartzen gara era sistematikoan erabiltzen dituzten ikastetxe gehienetan, aplikazio informatiko eta jolas didaktiko batzuen inguruan gauzatzen dela. Oso gutxi dira interneteko baliabideak erabiltzen dituztenak eta are gutxiago IKTak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan aldaketa sakonak ezartzeko. Baina nik dakidala, behintzat, ez dut bakar bat ere ezagutzen programazioaren oinarrizko kontzeptuak LHko ikasleekin lantzen dituenik. Ez zait iruditzen gai hau horren larria denik, baina beste gai askotan egiten den bezala, ez legoke gaizki programazio hizkuntzen hastapenak adin hauetan jorratzen hastea.
Horretarako, C-Jump izeneko mahai jokoa erabil dezakegu. Igor Kholodov programadore errusiarrak asmatutako mahai joko honekin, Java edo CC++ programazio hizkuntzen oinarrizko ezagutzak era ludikoan lantzeko aukera izango genuke. Adituen hitzetan, aspergarri itxura izan dezakeen arren, oso didaktikoa da. Joko honetan, jokalariak eskiatzaileak dira eta jaitsiera ahalik eta azkarren burutzeko, informatikako kodeen itxura dituzten aginduak jarraitu behar dituzte. Kode horiek bideak itxi eta irekitzen dituzte, jokalariak kodeak interpretatu beharko ditu helmugara ahalik eta azkarren iristeko.
Duela hilabete pare bat, gutxi gorabehera, C-Jump-en arerioa izan daitekeen programa bat atera zen: Little Wizard. Programa hau helburu berdintsuekin sortu da eta hemen dohain jaits daiteke. Nik jaitsi eta instalatu ondoren, probatzen hasi eta nahiko gaizki moldatu naiz, hori ere aitortu beharra daukat. Denbora gehiago eskaini beharko diot, baina nire lehen inpresioa ez da batere txarra izan. Ikusiko dugu.
Informazio gehiago: Tecno4all