Partekatu dokumentuak OpenOffice.orgekin

Duela aste batzuk izan genuen dinamizatzaile bileran OpenOffice.org/Microsoft Office ofimatikako paketeen inguruko aurkezpen interesgarri bat izan genuen SolidRockIt enpresako IƱigo Quintanaren eskutik. Software pribatibotik askerako migrazioan aintzat hartu beharreko atal ezberdinen azterketa egiten aritu ginen eta bertatik ondorio interesgarriak atera nituen. Lehenengoa, eta garrantzitsuena agian, OpenOffice.orgen inguruan ezer gutxi ezagutzen nuela izan zen eta, ondorioz, fundamentuzko iritzi bat izateko orain baino sakonago ezagutu behar nuela garbi ikusi nuen. Esan eta egin. Alde batetik, jario berriak gehitu ditut nire agregatzailera eta bestetik, aplikazioa nire eramangarrian instalatu dut.

Aste batzuk aplikazioa erabiltzen pasa ondoren, lehen inpresioa, OpenOffice.orgek aurretik nituen espektatibak bete dituela izan da, alegia, primerako aplikazio baten aurrean nagoela konturatu naiz. Gainera, aplikazio bizia dela ere egiaztatu dut, izan ere, asko dira bere inguruan sortzen ari diren zerbitzu eta gehigarri berriak. Jarraian hauetako biren inguruan hitz egingo dizuet.

  • ooo2gdooo2gd luzapena: OpenOffice.orgerako luzapen honen bitartez Google Docsera/etik dokumentuak esportatu/inportatzeko aukera daukagu. Aukera interesgarria dudarik gabe, izan ere, gure dokumentuak OpenOffice.orgen edizio tresna aurreratuarekin ekoiztu dezakegu jarraian gure Google Docseko kontura igo eta beste erabiltzaileekin partekatu ahal izateko. Alderantzizko prozesua burutzea ere posiblea da luzapen honekin. Ooo2gd-ren instalazioa oso sinplea da; nahikoa da luzapenaren 0.6 bertsioa hemendik jaistea eta jarraian Tools/Extension Manager menura jotzea. Bertatik gehitu ahal izango dugu gdocs-0.6.oxt fitxategia inongo arazorik gabe. Beno, egia esan lehenengo ahaleginean kale egin dut, izan ere, instalatu berri dudan Ubuntu 7.10 bertsioan, Java Runtime Environment delakoa instalatu gabe nuen eta sistemak errorea bueltatu dit. Synaptic pakete kudeatzailea erabiliz burutu dut JRE 1.6ren instalazioa eta ondoren, OpenOffice.orgera bueltatu eta Tools/Options/Java lekuan JRE 1.6_03 gaitu dut. Hemendik aurrerako guztia primeran joan da. Oinarrizko menuan Google Docs izeneko aukera berri bat ikus daiteke. Googleeko kontuan dugun erabiltzaile izena eta pasahitza sartu ondoren (nik Google Appserako dudana txertatu dut eta arazorik gabe onartu dit) dokumnetuak di-da batean igo eta jaisten dira.
  • ooo2gd(2)
  • Ulteo: oraindik probatzeko aukerarik izan ez dudan arren (betatesterrentzat soilik dago irekita oraindik) zerbitzu honi EyeOSen antza hartzen diot nik. Ulteok halako idazmahai birtual bat eskaintzen du, edozein ordenagailutik konekta gaitezkeelarik nabigatzaile soil baten laguntzarekin. Behin idazmahaian aplikazio ezberdinak probatzeko aukera izango dugu. Hauetako bat OpenOffice.org izango da. Honaino ezer berririk ez. Ulteoren ekarpen nagusiena hauxe da: Google Docsen antzera, OpenOffice.org modu kolaboratiboan erabiltzeko aukera eskaintzea. Hau da, Ulteoren zerbitzarietan instalatutako OpenOffice.orgen lanean ari den erabiltzaile batek nahi dituen erabiltzaile guztiak gonbidatu ahal izango ditu dokumentu baten gainean aldiberean eta modu kolaboratiboan lan egiteko. Dokumentu bat amaituta dagoenean Print aukeran klikatuz, egindakoa pdf fitxategi batean jaitsi ahal izango dugu.
    Ulteo

    Tira, egia da antzeko zerbitzua eskaintzen dutela aurrean aipatutako Google Docs edota Zoho Suite berak ere baina Ulteok badu ezberdintasun interesgarri bat: aurrekoak baino edizio tresna potenteagoak aurkezten ditu, izan ere, OpenOffice.org bera erabiltzen du editore bezala. Horrela, edizio maila konplexuagoak burutu ditzakegu azken hau erabiliz. Nik dagoeneko zerbitzuan izena eman dut; ea zorte piska batekin aplikazioa erabiltzeko gonbidapena jaso eta probatzeko aukera dudan. Kontatuko dizuet.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.