Orientazioa Jakintzan: tutoretza eta orientaziorako txoko berria

Zuetako batzuk dagoeneko jakingo duzuen bezala, Batxilergoko dekretu berriak hainbat aldaketa ekarri du gurera. Besteak beste, lehenengo maila baldintza jakinetan errepikatzeko aukera ezartzen da, hau da, lehenengo mailan jarraituz, baina bigarrengo edukiak aurreratuz (baldintza jakin batzuetan), eta ikasgai bat edo besteren aldaketa ere eman da (Mundu garaikiderako zientziak ikasgai orokorra sartzearena, kasu). Horiek gorabehera, eta kontuan izanda luze hitz egin dezakegula gaiari buruz, ni ondorengo pasartearekin geratzen naiz:

Batxilergoko ikasleek lortu behar dituzten gaitasunek pertsona moduan garatzen, biztanle aktiboak izaten, helduaroa hasten eta bizitza osoko irakaskuntza garatzen laguntzen dute. Bizitzan zehar irakaskuntza sustatzeak ikasle bakoitzak prestakuntza osoa lortu behar izatea dakar; prestakuntza horrek ikasleari ikasten jarraitzeko eta ikasketak eta prestakuntza lan-jarduerarekin eta beste jarduera batzuekin bateratu ahal izateko aukera ematen dio.

Beste batean gustura komentatuko nuke honek irakasleoi eskatzen diguna, konpetentzietan (gaitasunetan?) oinarritutako hezkuntzak suposatzen duena, guk horretan murgiltzeko izan dugun prestaketa eta beste hainbat kontu, baina oraingo honetan, ur sakonegietan sartu gabe, Tutoretza eta orientazio arloan eman diren aldaketak aipatu nahi nituzke. Hauxe da dekretuak dioena horren inguruan:

  1. Zalantzak ditutHezkuntza Orientazioa hezkuntza-jarduerako laguntza-prozesu jarraia eta sistematikoa da, eta horren helburua ikasleei proiektu pertsonalaren eta profesionalaren jabe izateko gaitasunak lortzen laguntzea da.
  2. Tutoretza Ekintzako Plana, Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuaren barruan, Oinarrizko Hezkuntzatik Batxilergorako ikasle guztiei zuzenduriko ekintzak, orientazioarko eta bestelakoetarako, antolatzen dituen egitura da, eta banakako zein taldeko ekintzen bidez landuko dira.
  3. Plan hori garatzea tutoreari dagokio, irakasle-taldearekin eta talde horretan eragiten duten bestelako eragileekin koordinatuz. Halaber, ikastetxeko orientazioko profesionalen aholkularitza izango du, batez ere orientazio profesionalari dagokionez.
  4. Ikastetxe bateko Tutoretza Ekintzako Planak gutxienez honako idatz-zatiak izango ditu:
    • Tutoretzan aztertuko diren gaitasunak, helburuak eta edukiak (orientazio eta jarraipenekoak) ikasleen premietara egokitutakoak.
    • Arlo ezberdinetan tutoreei dagozkien ekintzak: ikasleak, irakasle-taldea, familiak eta bestelakoak.
    • Ikasturtean zehar ekintza horiek planifikatzea.
    • Planaren ebaluazio-irizpideak.
  5. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Tutoretzako Ekintza Plana egin eta garatzeko orientabideak emango ditu eta hau irakasleak ikastetxeari eskaintzen dieten dedikazio zuzeneko ordutegian garatuko da batez ere, ikasleen banakako eta taldeko arreta hobea izateko.

Ez naiz sartuko tutoreoi plan hau aurrera eramateko eskaintzen zaizkigun ordu kopuruekin, imajinatzen baitut ikastetxe bakoitzak bere erara moldatuko duela gai hau. Dena den, guztiz deigarria egiten zait orain arte tutoreok ikasleekin astero genuen ordu bakarraren desagerpena. Ordu horrek, gure kasuan, dezenterako ematen zuen: ikasle bakoitzaren batxilergora arteko ibilbidea aztertzen genuen, gustuak eta gaitasunak baloratu, irteerak analizatu, ikasleekin batzuetan taldean eta besteetan bakarka hitz egiten genuen…

orientazioa_jakintzan

Bestalde, aldaketa hauei guztiei unibertsitateak jasaten ari direnak gehitu behar zaizkie, denak eraberritze eta egokitze prozesuan erabat murgilduta. Ikasle asko kezkatuta ditugu, oraingoz ziurtasunez erantzun ezin ditzakegun galderak eginez: “Karrera bat bi modutara egin badezakegu (orain arteko planari jarraituz edo berriarekin hasiz), zein bide izango da egokiena gerora begira? ” Urte kopurua eta edukiak ezberdinak izango direla eta hor tartean dagoen beste kontu ugari kontuan izanda, zer aholkatu?

Bada, ordu murrizketari eta etorriko diren bestelako kezka eta zailtasunei aurre egiteko asmoz sortzen da gure gune berria: Orientazioa Jakintzan. Hauexek izango dira helburu nagusiak:

  • Batxilergo eta Unibertsitate eremu horretako orientazioa eta tutoretza bideratu.
  • Ikasleek euren burua orientatzeko gai izatea lortu.
  • Gurasoei ematen ari diren aldaketen berri eman, beraiek ere euren seme-alaben orientazioan parte har dezaten.

Horretarako, ondorengo atalak sortu ditugu: Batxilergoa, Hautaprobak, Unibertsitatea, Goi Mailako Lanbide Heziketa, Zer ikasi, Ikasteknikak, Artikulu interesgarriak eta Bestelakoak. Horiek oraingoz orri finkoak izango dira; blogaren sarreretan, berriz, handik eta hemendik topatzen ditugunak ipintzen saiatuko gara.

Bestalde, eskuineko barran wiki bat paratu dugu bi helburu zehatzekin: zalantzak galdetzeko eta ekarpenak egiteko.

Zalantzak galdetzeko orrian, Unibertsitatea.net guneko Iparrorratza zerbitzura esteka zuzena jarri dugu. Bide batez, proiektu interesgarri honen arduradunei zorionak emateko aprobetxatu nahi dut, orientazio zerbitzu hau Ikasketa -eta Lanbide- orientabiderako I. Educaweb Sariketan finalista izan delako. Merezita zalantzarik gabe!

Ekarpenak egiteko orriari dagokionez, denok zaudete gonbidatuta bertan parte hartzera. Orientazio eta tutoretzaren inguruan guri bururatu ez zaigun zerbait ezagutzen baduzue (gune, artikulu, aurkezpen edo ideia interesgarriren bat) eta gure txoko hau aberasten lagundu nahi badiguzue, Edit this page sakatu eta idatzi zuen ekarpena. Ea denon artean zalantza eta kezka guztiak uxatzeko gai garen!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.