Intxurre mendiko gailurretik idazten ari naiz, izan ere, Olentzeroren txondorra zaintzea egokitu zait Euskal Herriko haurrak opariz betetzen dituen bitartean. Duela gutxi abiatu da eta, berak esan didanez, aurten Jakintza Ikastolak niretzat jarritako WiFi-ari esker, eskutitzak ez ezik, e-posta ugari jaso omen ditu. Euskal blogosferatik ere eskakizun ugari jaso dituela adierazi didanean, Jolausek eginikoari buruz galdetu diot eta ez ditut oso albiste onak nire lankidearentzat. Olentzero Jaunak esan dit ez dituela horrenbeste opari merezi eta gutxiagorekin konformatu beharko duela.
Kezkatuta jasotako erantzunarekin, eskaera aldatzeko garaiz ote nenbilen galdetu diot eta berak baietz esan dit; post bat idazteko eta bere PDAn irakurriko duela. Horregatik, berandu baino lehen, eskaera berri hau egitera nator:
Olentzero Jauna:
Aurten IKT taldeko kideok oso langile ibili gara eta gure lagun eta senideekin egoteko denbora gehiago eskatu nahi dizugu. Ikastolan abian jarri ditugu proiektuen helburuak lortzea ere eskatu nahiko genizuke. Gure gurdira igo diren ikasleak eta gainontzeko guztiak pertsona arduratsuagoak, libreagoak eta konprometituagoak izatea nahi dugunez, xede horretan eraginkorrak izatea eskatuko genizuke. Bukatzeko, gure ikastolako hezkuntza komunitateko kide guztiontzat urte oparo eta zoriontsua eskatzen dizugu.
Gauza materialetan oso eskaera xumea egingo dizugu: horrenbeste arazoak ematen dizkigun interneteko konexioa konpontzea eta lanean normaltasunez aritzeko konexio bat jartzea besterik ez dugu eskatzen.
Ikusten duzunez, gauza gutxiago eskatzen dizugu nahiz eta lortzen zailagoak diren. Dena den, ahalegin berezi hau egitea eskatzen dizugu, oso ongi jardun baikara ikasturte osoan zehar.
Ea garaiz iristen den.