Oinarrizko konpetentziak: lau ideia, lau lamina

Oinarrizko konpetentziaz ari garenean teorizaziora joateko joera handia izaten dugu askotan (“filosofia” gehiegi, “txapa” gehiegi nire ikastolako irakasle askoren iritziz). Niretzat pedagogiaz eta filosofiaz hitz egitea beharrezkoa da; eskola publikoaren sarean murgiltzeari uko egin eta ikastolen bidetik jarraitzea erabaki genuenean, adibidez, arrazoi pedagogiko, filosofiko eta sozialak ipini ziren mahai gainean. Baina egia da ere, irakasle askok egunerokotasunean erabilgarriak diren planteamendu praktikoak eskatzen dituztela.

Hezkuntza ereduaren aldaketa sakon baten aurrean geundela jakin genuenetik asko dira teorizatzen pasa ditugun orduak, kontzeptu eta definizioen inguruan bueltaka egin dugun denbora. Aurrekoan esaten nuen bezala, irakasleok akziora pasa nahi dugu baina bidea egiten lagunduko diguten bitarteko sinple eta praktikoak behar ditugu. Gaurkoan horrelako zerbaitekin nator.

Konpetentzien kontzeptualizazio operatiboa

Konpetentzia bakoitzarentzat, atazaren deskribapenetik amaierako soluziorarte jarraitu behar dugun prozesuaren fluxua adierazten da lamina honetan, ataza, baliabide eta prozesuen definizio sinple baten laguntzarekin. Prozesu honen diseinua, hasiera batean behintzat, ez zait iruditzen oso arrotza egiten zaigunik irakasleoi. Dena den, egia da, baita ere, definitu beharko genituzkeen atazen konplexutasuna areagotzen doala ikasketa mailetan aurrerantz egiten dugun heinean. Kontzeptu eta prozedura xumeagoak jokoan ipini behar diren arazo-egoeretan, atazak zehaztea errazagoa izaten da. Gainera, eta nire iritzi pertsonala da hau, bigarren hezkuntzako irakasleok ohitura gutxiago daukagula horrelako planteamenduei heltzerakoan. Beraz, burua astintzea tokatuko zaigu gehienetan eta kasu askotan, hainbat eduki alde batera uztea ere tokatuko zaigu.

Egin klik irudian handiagoa ikusteko

Curriculumeko elementuen arteko erlazioa

Fluxu diagrama honetan modu sinplean laburbiltzen da sekuentzi didaktikoaren oinarrizko diseinua. Helburuak, edukiak, oinarri metodologikoak eta ebaluazioa. Dagoeneko ohituta gaude hauetara, bai. Lan astuna izaten da, pisutxua, burokrazia kontuekin nahasten duguna askotan eta oso gustukoa izaten ez duguna askotan, baina ezinbestekoa dena. Niretzat atal garrantzitsuegia da argitaletxeen esku uzteko. Hemen ere, uste dut bigarren hezkuntzako irakasleok “mea culpa” txiki bat egin beharrean gaudela. Garaia da DBHn erabiltzen ditugun testu liburuak (edo bestelako edukiontzi prefabrikatuak, digitalak barne) benetan direna bezala kontsideratzeko (ezin dira izan gure curriculumaren ardatz nagusia, bitartekoak besterik ez dira) eta abian ipintzea sekuentzia didaktiko praktiko eta erakargarri berriak. Hori ere gure lana da eta.

Egizu klik irudiaren gainean handiagoa ikusteko

Ariketa, Jarduera eta Atazaren arteko harremana

Lamina honetan oso garbi azaltzen da hiruen arteko harremana, adibide konkretu baten laguntzaz. Arazo-egoerei soluzioa emateko prozesuak, normalean, ez ditu saio lektibo gehiegi eskatzen. Normalean, atazak aurrera eramaten dira unitatearen amaieran diseinatzen den proiektu nagusi baten mesedean. Alegia, ikasleak burutuko duen azken proiektuan aurretik jaso dituen konpetentziak transferitzeko gai ote den egiaztatzen da (oker banabil, mesedez, zuzendu). Goi Mailako ikasketetan asko erabiltzen da Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (PBL ingelesez) eredua. Eredu honetan, atazak bitarteko “hitoak” edo etapak izaten dira.

Egizu klik argazkian handiagoa ikusteko

Adimenari lotutako prozesu kognitiboak

Helburuen lorpenean ikasleek jokoan jarri behar dituzten prozesu kognitiboak zeintzuk izango diren zehaztea ere gure lana da. Ikasleek garatuko dituzten prozesu kognitiboak geroz eta maila altuagokoak izan (azpiko grafikoan, goitik behera), are eta esanguratsuagoa izango da ikaskuntza. Prozesu hauek Bloom-en Taxonomiaren arabera sailkatzen dira. Sailkapen honen jatorria 50. hamarkadan kokatzen da eta ia 50 urte beranduago, 2000. urtean hain zuzen ere, berriz aztertua izan zen eta aldaketa batzuk egin zitzaizkion. Denboran gertuago, IKTek suposatu duten iraultzaren ondorioz, taxonomia honek bigarren egokitzapen bat ere izan du. Azpiko laminan adimenari lotutako gaitasun desberdinen zerrenda ikusiko duzue; ezker zutabean ohiko taxonomian agertzen diren akzioen adibide batzuk eskaintzen dira. Eskuinekoan aro digitalerako definitu diren akzio berrien adibideak ipini ditut. Helburuak definitzerakoan garrantzitsua izango da azken hauek ere kontutan izatea, batez ere, konpetentzia digitalaren garapena bilatu nahi badugu sekuentziak diseinatzerakoan.

Egizu klik argazkian handiagoa ikusi nahi baduzu

Nire ustez, irakasleok sekuentzien diseinuan bete-betean sartzeko bakarrik faltako litzateke helburuak zehazteko jarraibide batzuk eta ebaluazioaren inguruko ideia pare bat garatzea. Hori agian aurrerago etorriko da, ikusiko dugu.

Lamina guztiak pdf batean ipini ditut eta Slideshare-ra igo ditut. Azpian daukazue aurkezpena eta bertara joanda, handik jaitsi ahal izango dituzue lau fitxak:

Iturria: Cuatro diapositivas clave de las CCBB

Argitaratzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.