Google Docs erabiltzen dugunok faltan botatzen dugun aukeretako bat pdf dokumentuak bertara inportatzeko aukera izatea da. Inportatu daitezkeen dokumentuen formatuak ugariak badira ere (txt, doc, rtf, odt eta sxw), ezinezkoa da oraindik pdf dokumentuak igotzea. Horrelakoak egin behar izaten direnean, imajinazio eta pazientzia piska bat behar izaten da. Alegia, pdf barneko testua hautatu, kopiatu, beste dokumentu formatu batera pasa eta gero igotzea izaten da burutu beharreko prozesua. Testu zati txikiak badira, tira!, lan piska bat egin behar izaten da baina ez da hainbesterako izaten. Kopiatu nahi den dokumentua luzea denean ordea edota kopiak sahiesteko segurtasun klabearekin gordeta badago (pdf hauek testua hautatu ondoren kopiatzeko aukera desgaituta izaten dute), testua jaso eta beste formatuetan gordetzea ezinezkoa izaten da. Horrela, Google Docsera igo eta gure harremanekin konpartitzeko aukera ezinezkoa bihurtzen da.
Hau guztia, oso modu sinplean burutu daiteke PDFTextOnline doahineko web aplikazioa erabiliz. Aplikazio honek testu formatura bihurtzen du edozein pdf fitxategi, kopiaren aurka babestuta baldin badago ere. Aplikazio abiatzeko, lehenik pribatutasunarekin loturiko arauak onartu beharko ditugu. Jarraian, arakatzailera joan eta igo nahi dugun pdf dokumentua hautatu beharko dugu. Laster batean izango dugu testu osoa gure ekipoko pantailan. Testu osoa ekipora jaisteko “Save All Text” botoia sakatu beharko dugu eta segidan zip fitxategi bat jasoko dugun gure ekipoan. Barruan txt fitxategia izango dugu, jatorrizko pdf-ak zuen testu guztiarekin. Dokumentu osoa jaso beharrean, zati batzuk besterik jaso nahi ez baditugu, aplikaziotik bertatik kopiatu ahal izango ditugu.
Une honetan, prest daukagu txt fitxategia Google Docs-era igotzeko. Prozesu hau ohiko bidetik egin dezakegu (”Uploads” izeneko botoia sakatuz) edota Documents List Uploader aplikazio txikia erabiliz. Tresna hau baliagarria da oso, dokumentu bat baino gehiago igo nahi dugunean. Aplikazioa gure ekipora jaitsi beharko dugu (zoritxarrez Windows-erako bertsioa bakarrik dago eskuragarri) eta bertan instalatu ondoren (beharrezkoa da aurretik Microsoft .Net Framework 2.0 instalatuta edukitzea), leihotxo bat irekiko zaigu gure Google Docs-eko erabiltzaile izen eta pasahitza eskatuz. Datu hauek txertatu ondoren, gure kontuan ditugun dokumentu guztiak ikuis ahal izango ditugu. Fitxategiak igotzeko aukera bikoitza izango dugu: dokumentuak aurrean aipatutako leihora arrastatuz eramatea izango da aukeretako bat edota igo nahi dugun dokumentuaren gainean eskuineko botoiarekin klik eginez eginez, “Send to Google Docs” aukera esleitzea.
Bi tresna hauek elkarrekin erabiliz, gaur goizean bost minutu besterik ez ditut behar izan, 50 orritik gora eta kopiarekiko babesa zuen dokumentu bat testu modura pasa, Google Docs-era igo eta nire lankideekin partekatzeko. Bikaina!