Aurreko astean Gasteizen, gaur Donostian eta ostegunean Zamudion, Enpresa 2.0 izeneko jardunaldietan hizlari gisa aritzea egokitu zait.
Aurreko egunean, jardunaldi hauen inguruko aipamen bat egin nuen eta gure aurkezpenaren laburpen bat ere egin nuen.
Kontua da, bi hitzaldi pasa eta gero, autokritikarako unea iritsi dela. Oso garbi dago: jendaurrean hitz egiteko dohaia nigandik urrutik pasatu zen jaio nintzenean, eta hobetzeko saiakerak egin ditudan arren, ezinezkoa egiten zait. Urduritasunak jaten nau eta luzatu nahi ditudan ideiak korapilatu egiten zaizkit (ahazten ez ditudanean). Nire mahaikide diren Julen eta Markoren mailara iristea gustatuko litzaidake, baina dena ez da posible izaten beti.
Horregatik, mezu honekin, garbi utzi nahiko nuke zabaldu nahi dudan mezua: gure ikastola ez da ikastola arrunt bat, ikastola 2.0 baizik, eta horrek ikaragarri pozten nau eta ikastola honetako kidea izateak harro sentiarazten dit.
Zer esan nahi dut Ikastola 2.0 horrekin? Bada, ziur baten batek pentsatuko duela tresnetaz ari naizela, hau da; blogak, wikiak, jario batzaileak, markagailu sozialak… Eta neurri batean, horrela da, tresna horiek gure eginkizuna betetzen laguntzen baitigute, baina hori baino askoz ere gehiago da erakunde 2.0 izatea. Nik behintzat, pentsatzen dut hori baino gehiago behar dela ikastola 2.0 izateko:
- gizartearekin duen konpromisoa betetzen ahalegintzen den ikastola
- ezagutza partekatzen duena eta filosofia hori zabaltzen ahalegintzen dena
- zailtasun edo arazoen aurrean irtenbideak bilatzen dituena
- pertsonekiko konfidantzan eta askatasunean oinarritzen dena
- pertsonen konpromisoa bultzatu eta aitortzen duena
- …
Hori eta askoz gehiago da gure ikastola eta horixe da nik zabaldu nahi nuen mezua.
Bukatzeko, nigan konfiantza jarri duten guztiei publikoki eskertu nahi diet, baina bereziki uztailean hasi eta oraindik buru-belarri ikastolako proiektu gogor eta luze batean lanean ari direnentzat. Zuen adibidea ikastolako kide guztiontzat akuilu bat da eta gure ikasola 2.0agoa egiten baituzue.