Netquiz pro, diktaketak ordenagailu bidez

Duela hilabete batzuk eke.org gunean Hitzaditza diktaketa kulturalaren berri izan nuen. Euskara idatzia arrunta bihurtu eta literaturaren gustua ematea zen egitasmo honen lehen xedea. Treba zaitez ondoko aldi baterako! zioten pixka bat beheraxeago. Ez agur eta ez adio, hantxe hasi nintzen eskaintzen zituzten hiru diktaketak egiten. Ideia izugarri gustatu zitzaidan nire ikasleekin aurrera eramateko. Ez bakarrik ortografia lantzeko, baita azaltzen diren pasarte horiek, liburuak eta autoreak ezagutzera emateko, teklatuan idazteko gaitasuna lantzeko, testuinguruaren laguntzaz hitzak asmatzeko eta hiztegi berria ezagutzeko ere, besteak beste. Eta hortxe hasi ziren nire buruhausteak…

Trebatzeko emandako adibideetan, aplikazioa Netquiz 3.0 sisteman oinarritzen zela ikusi nuen. Dohainekoa, zorionez! Berau jaitsi eta ahal nuen bezala (frantsesez zegoen) nire lehenengo diktaketak sortzen hasi nintzen. Kontua da Internet Explorerer egin zitezkeela, baina firefoxen ez zen audioa inondik inora azaltzen. Puntu horretan, eke.org-eko Jakesekin harremanetan jarri eta Uztaritzeko Lota jauregira joateko gonbitea luzatu zidan. Zer den informatikan iaioa izatea! HTMLn etiketa bat aldatu eta listo! Bertsio berria (Netquiz pro) atera berria zela eta beste hainbat jakingarri ere komentatu zidan. Mila esker, Jakes, harrera eta emandako azalpen guztiengatik!

Netquiz pro frantsesez, ingelesez eta gaztelaniaz dago. Ikasleekin euskaratzeko asmoa dut; dena den, dagoen bezala ere, badago bide bat ia dena euskaraz ipini ahal izateko. Aplikazioak 11 ariketa mota ezberdin sortzeko aukera eskaintzen du. Horietako batzuk nik beste aplikazioetan topatu ez ditudanak, gainera (diktaketak, tableroak, hutsuneak bete, atalak identifikatu…). Oso-oso interesgarria! Aplikazioa hemendik jaits dezakezue.

Ondorengo diktaketak sortzeko garaian, nire batxilergoko ikasleak eta EGA izan ditut bereziki kontuan; dena den, testuaren maila moldatuta, gure ikasle gaztetxoekin ortografia lantzeko era egokia izan daitekeela iruditzen zait. Orain artekoak eta egiten joango naizenak euskaljakintzako eskuineko zutabean ipiniko ditut ortografia diktaketen bidez hobetu nahi duen edonoren eskura (ariketak – ortografia). Jarraitu beharreko urratsak:

  • Liburuan edo ariketaren izenburuan klikatu diktaketa gunean sartzeko
  • Audioa abiarazi (quicktime beharrezkoa da) eta idatzi entzuten duzuna formularioan
  • Amaitzen duzunean, klikatu Zenbat huts? (gaizki idatzitako hitzak gorriz, jan dituzunak azpimarratuta eta soberan idatzitakoak kortxete artean azalduko zaizkizu)
  • Zuzenketa klikatuz, jatorrizko testua agertzen da
  • Berriz hasi aukera ere badago, diktaketa nahi duzun aldiz egin ahal izateko
  • Jarduera honek lau diktaketa ditu. Galdera? laukitxoan zenbakia idatziz, zuzenean diktaketa horretara joko duzu
  • Puntu edo komaren ondoren beti hutsunea utzi behar da.

Besterik gabe, hementxe duzu zure ortografia hobetzeko aukera. Ezetz zero akats lortu lehenengoan? :smile:

Pasaia Blues

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.