Mimio

mimioAspaldiko partez idazten dut post bat atal honetan. IKTeroen bloga bere lehen urratsak ematen hasi zen garaian, interes berezia genuen sarean zehar topatzen genituen tramankulu informatiko berrien berri emateko. Baina denborarekin, poliki-poliki, gure artikuluek beste eduki batzuk jorratu dituzte eta atal hau zertxobait ahaztuta geratu da.

Baina, gaurkoan, aurkitu dudan tramankulu hau oso interesgarria dela iruditu zait, batez ere eskoletan erabiltzeko. Pentsa, gure ikastolarako bat erostekotan nabil.

Gure ikastolan, geroz eta gehiago dira proiektorea eta informatikako gela erabiltzen ari diren irakasleak, tramankulu berri hauek gure egunerokoan normaltasunez erabiltzen hasi garenaren seinale garbia da. Egoera honetan,duela hilabete pare batetik hona serioski planteatzen hasi gara, datorren ikasturteari begira, arbel interaktiboak erostea, proiektore batekin erabiliz hauek eskaintzen dituzten abantailak izugarriak baitira. Halere, arbel hauen prezioak erreparo handia ematen du horrelakoak erosterakoan. Azkenaldi honetan proiektoreen prezioa dezente jaitsi den arren, arbel hauen prezioa oraindik nahiko garestia da. Hor daude SmartBoard, Promethean, 3M… etxe ezberdinen ereduak kontsulta ditzazuen. Duela hilabete batzuk ere, blog honetan bertan La Pizarra Digital webgunearen berri eman genuen non bertan arbel hauei dagokien informazio piloa topa daitekeen.

Baina gaur Mimio ezagutu dut. Eta benetan oso inpresio ona eman dit. Mimioren bitartez arbel interaktibo bat eduki dezakezu zure ikastetxean arbela bera erosi beharrik izan gabe. Berdin dio pareta zuria, izara zati bat edota Velleda arbel bat erabiltzen baduzu. Mimiok hauek guztiak arbel interaktibo bihurtzen ditu. Bai, bai, horrelaxe da, entzuten duzuen bezala.

Zertan oinarritzen da Mimio?. Mimioren muina Mimio xi deritzon produktua da. Mimio xi alde batetik bestera eraman daitekeen aparailu bat da, honekin batera benetako tinta eta tinta birtuala erabiltzen duten errotulagailu txikiak ditu. Mimio erabiltzen hasteko hiru urrats eman behar dira:

  • Lehenik eta behin ordenadore bati konektatu egon behar da. Konexio hau Mimiok dakarren USB kable baten bitartez bermatzen da. Halere, wirelees adaptadorea erantsiz gero konexio hau wi-fi bitartez ere egin daiteke, kableak zintzilik edukitzea sahiestuz.
  • Bestalde Mimiok, bere eginkizuna behar bezala betetzeko, argindarra behar du. Hemen ere bi aukera dituzu: adaptadore baten bitartez argindarrari zuzenean konektatu daiteke edota, inguruan entxuferik ez badago, pila bitartez funtzionatzeko aukera ere eskaintzen badu.
  • Azkenik, Mimio xi arbel modura erabiliko dugun gainazalean ipini beharko dugu horretarako dituen gehigarri batzuen bitartez. Erabiliko dugun gainazalari lotuta erabat finko utzi daiteke edo, alde batetik bestera eramateko asmoa badaukagu, erraz jarri eta kentzeko sistema bat ere badauka.

Mimio xik bi erabilera mota desberdin eduki ditzake. Alde batetik, ez da beharrezkoa proiketore batekin funtzionatzea. Errotulagailuei kolorezko tinta kartutxoak ipiniz edozein gainazalaren gainean egindako arrasto guztiak ordenadoreak jasoko ditu. Beraz, erabili dugun arbelaren kopia osoa gure ekipoan jaso ahal izango dugu irudi moduan. Bestalde, Mimioz gain proiektore bat erabiltzeko aukera baldin badaukagu, edozein dela aurkezpen gainazala, ordenadorearen kontrola pantailaren bitartez gauzatu ahal izango dugu. Beraz, gure gelako pareta zuria edota aspaldiko Velleda arbel zaharra gure ordenadorearen mahaigain birtuala bilakatuko dugu, ohiko arbel interaktiboetan gertatzen den bezala. Kasu honetan errotulaigulean tinta kartutxoa, “tinta birtuala” erabiliko duen kartutxoaren bitartez ordezkatuko dugu.

Eta zeintzuk dira sistema honek aurkezten dituen abantaila nagusiak betiko arbel interaktiboekiko?

  • Proiektorerik gabe erabil daieke. Edozein gainazalean idatzi edo marraztutakoa gure ekipoan gordeta izango dugu digitalean.
  • Proiektorea erabili nahi izanez gero, arbel interaktibo guztiek bezala, ordenadorea era birtualean kudeatzeko aukera ematen du.
  • Mugikortasuna ahalbidetzen du. Arbel digitalekin hau izaten da arazorik handiena: behin gela batean arbela kokatuz gero, bertatik mugitzea ez da batere erosoa izaten. Mimiorekin ez daukazu inongo arazorik arbel digital edozein gelan ipintzeko. Beraz, joku handia ematen du gelaz gela erabili nahi badugu.
  • Bateriak eta wireless moduluarekin erabiliz ez da inongo kablerik behar erabiltzen hasteko.
  • Azkenik, garrantzitsuena; bere prezioa. Oinarrizko mimio xi-k $799 balio ditu. Arbel digitalek dutenarekiko alderatuz gero diferentzia handia da. Wireless modulua aparte erosi beharra dago eta honek $299 balio ditu. Ondorioz, $1100en truke wireless arbel interaktibo zure ikastolako edozein txokoan erabiltzeko aukera daukazu, proiektoreari lotuta edo ez, zuk nahi duzun bezala. Une honetan, arbel interaktibo arrunt baten prezioa honen bikoitza da gutxi gorabehera.Bukatzeko mimiok oinarrizko software aplikazioak ere salgai ditu. Aplikazio pakete osoak $199eko prezioa dauka eta bertan mimio Studio oinarrizko softwareaz aparte Mimio writing Recognition (idatzitako testua ulertzen duen softwarea da, idatzitakoa testu editore batera pasatzeko balio duena) eta Mimio Recorder (pantailan egiten diren arrasto guztien jarraipena egiten duen aplikazioa) aurkitu daitezke.

Datozen egunetan ondo aztertu beharreko aukera bat interesgarria Mimiorena.

Mimioren erabilera azaltzen duen gida (pdf) irakurtzeko klika ezazu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.