Proiektu berriarekin hasi nintzenetik nire lanaren denbora zati handi bat interneten pasa dut baliabideen bila. Aurreko ikasturteetatik banuen zerrendatxo bat sortua fisikako applet-ak dituzten hainbat web orriekin. Halere faltan botatzen nituen simulazio eredu berriak eta fisikan lantzen ziren hainbat eduki espezifikoen inguruko multimedia baliabide gehiago. Nire arakatze lana bi bideetatik eraman ditut: alde batetik Google-en mota guztietako hitz klabeak jarriz eta lortutako emaitzen azterketa eginez (pazientzia dezentekin egindako lana) eta bestalde fisikarekin loturiko weblogak bilatuz; pentsatzen nuen bizpahiru helbide ezagutuz poliki-poliki nire erreferentzien zerrenda handitzen joango zela. Baina era batera edo bestera, lortu ditudan helbide interesgarriak ez dira hainbeste izan. Halere, orain dela egun pare batetik hona nire zortea aldatu egin da.
Por Las Tierras de los Banu Qasin irakurritako artikulu batean -tik feed bat jaso nuen eta bertan MERLOT izeneko (Multimedia Educational Resource for Learning and Online Teaching) webgune baten berri izan dut. Web estatubatuar hau goi mailako irakaskuntzan (High School and University) erabilgarriak izan daitezkeen baliabideen loturen datu base erraldoia da. Bertan indexaturiko lotura zerrendak arlo mota desberdin askotarikoak dira. Helbideaz gain webgune bakoitzean lortu daitekeen informazio motaren berri ematen da eta zenbaitzuetan erabiltzaileen iritziak ere jaso daitezke. Bilaketa sistema oso potentea du: bilaketaren aurretik parametro mordo bat zehaztu daitezke bilaketaren emaitza guk nahi duguna izan dadin. Egun hauetan fisikako gaiarekin lotura duten helbideen bila aritu naiz eta esan beharra daukat zerrenda izugarria dagoela. Egun batzuk beharko ditut hemen agertzen den guztia behar den bezala analizatzeko.
MERLOT-en saltseatzen ari nintzela, Communities atalean, beste bi helbide interesgarri aurkitu ditut. Lehenengoak SMETE du izena eta aurrekoa bezalako zerbitzua eskaintzen du baina zientziarekin zerikusia duten gaientzat bakarrik. Fisikan 1400dik gorako erreferentziak aurkitu ditut adibidez.
Azkenik, EdNA (Education Network Australia) webgunean interneteko baliabideak aurkituko dituzue Australiako kurrikulumera egokituak. Bi eremu nagusi ditu: lehenengoan Australiako hezkuntza sistemaren direktorio bat du eta bigarrenean, online baliabideen datu basea eskaintzen du. Azken hau da agian irakasleo gehien interesatzen zaiguna.
Beraz, arlo jakin baten inguruko multimedia materiala lortu nahi baduzue (zuek edota zuen ikasleek ere, noski) proba ezazue hemen, baietz aurkitu!