Berriro hementxe naukazue CSS kontuak azaltzeko asmoz. Oraingo honetan, menu grafiko bat nola egin daitekeen CSS erabiliz. Hau egiteko Stu Nicholls-en ideian oinarritu naiz.
Baina, azalpenetan sartu aurretik, bi aholku eman nahiko nizkizueke:
- Firefox erabili eta, ez badaukazu, hemendik deskargatu
- Firefox-entzat, Web developer izeneko gehigarria deskargatu eta erabili
Bi aholku horiek derrigorrezkotzat jotzen ditut gisa honetako lanak egin ahal izateko. Izan ere, WEb developer izeneko gehigarriarekin orriaren iturburua, CSSa, cookiak, irudiak… eraldatzeko aukera eskaintzen baitu. CSSaren kasuan, editatzeko aukera ematen duenez, CSSan eginiko aldaketa guztiak berehala bistaratzen dira. Adibidez, menu hau egiterakoan, oinarrizko kodea IKTeroak dituen neurri berdineko web orri batean sartu nuen eta tresna barra horrekin, doikuntzak egin nituen “irudi” guztiak bere lekuan jarri arte. Tresna hau ezagutu aurretik, saiakera-errorea metodoa erabiltzen nuen eta oso neketsua eta luzea izateaz gain, nire patzientziarekin bukatzeko zorian egon zen.
Nolanahi ere, lagungarria egingo zaizkizue Lehen Hezkuntzako blogean agertzen diren azalpenak. Gainera, bertan, gisa horretako menu bat funtzionamenduan ikusi ahal izango duzue.
Laburtzeko, esango dizuet menu hau eraikitzeko CSSan eta HTMLan sartutako kodeaz gain, karratu bakoitzeko irudi bat sartu dudala eta jatorrizko ereduari <span> etiketak kendu nizkiola, eredu errazagoa lortzearren. Izan ere, etiketa horiekin, nabigatzaile guztietan era egokian funtzionatzen jartzea ez da gauza erraza. Etiketa horiek kenduta, aldiz, oso erraza da eta edonoren eskura dago horrelako menu bat eraikitzea.