Matematikako azterketa sortzailea

Erreferentzia bat besterik ez, gaurkoan, matematikako irakasleentzat batik bat. Aulablog 21ean irakurri nuen atzo webgune honi buruz, eta ikusita ia beti euskarazko baliabideen berri ematen dudala, erregistroz pixka bat aldatu eta matematikako irakasleei interesgarria gerta dakiekeen gune baten berri ematera natorkizue.

Lubrin.org gunean azterketak prestatzeko tresna baliagarria topa dezakezue. Nik, egia esan, ez dut gehiegi ezagutzen (hobeto esanda, ez dut ezertxo ere ezagutzen) arlo hau baina badirudi datu-base batean oinarritzen dela azterketak prestatzeko sistema. Zuk zeri buruz galdetu nahi duzun erabaki ondoren (parabolak, triangelu baten angeluen batuketa, funtzioen adierazpen grafikoa…), klikatu eta prestatutako hainbat jarduera topatzeaz gain, beraiekin azterketa bat sortzeko parada izango duzu.

Maila ezberdinetarako pentsatuak izan diren ariketak daude datu-base horretan, DBH 1etik Batxilergoko 1go mailara arte (estadistika, funtzioak, inekuazioak, logaritmoak, probabilitatea, geometria…) eta bilatzaile baten bidez aurki dezakezu landu nahi duzuna. Nik, adibidez, ecuaciones idatzi dut eta zerrenda luze hau atera zait:

Baina, datu-basearena oso interesgarria izanik ere, ezbairik gabe, onena ez da hori; bertan dauden ariketa ezberdinekin azterketak sortzeko aukera da benetan gune honen altxorrik preziatuena. Horretarako, ondorengoak dira jarraitu beharreko urratsak:

1. Datu-basera jo.

2. Checkbox klikatuz, jarduera ezberdinak (maila eta gai berekoak edo ezberdinetakoak) aukeratu.

3. Ir a seleccionados klikatu ondoren, ordura arte aukeratutako jarduera guztiak beste pantaila batean azalduko zaizkigu. Hementxe izango dugu aukera bakarren bat ezabatzeko edo aurrera jarraitzeko.

4. Amaitzeko, azken bi aukera:

    azterketa inprimatu (html bertsioa)
    azterketaren pdf bertsioa gorde eta nahi duzunean inprimatu

Ikusten duzuen bezala, ez da oso zaila eta nik bihar ikastolako matematikako irakasleei komentatuko diet ea animatzen diren proba egitera…Dena den, munduko gauza errazena izanik ere, ulertuko duzuen bezala, gaurkoan, ez dut inongo adibiderik utziko!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.