Loop, sortu pdf fitxategiak Firefox erabiliz

Loop

Onartu beharrean nago Firefoxek erabat txundituta naukala. Aplikazio beraren kalitateaz gain ikaragarria da, gehigarrien bitartez, nabigatzaile honek eskaini ditzakeen zerbitzu extren kopurua. Euskalbar, Del.icio.us Bookmarks edota BetterGMail bezalako gehigarriak, une honetan, kritikoak bilakatu dira niretzat. Honetaz gain Xuxen euskarazko zuzentzaile ortografikoa nabigatzailean integraturik erabiltzeko aukera izanda, ulertezina egiten zait oraindik internauta askok Internet Explorer erabiltzen dutela ikusteak. Norbaitek imajinatzen ditu horrelako zerbitzuak Microsoften nabigatzailean?

Gaurkoan aurkezten dizuedan gehigarria aurrekoen zerrendan jarriko dudan horietako bat izango dela ziur nago. Bere izena Loop da eta bere eginkizun nagusiena hauxe da: irakurtzen ari garen webgunea pdf formatura bihurtzea.

Gehigarria ohiko moduan instalatu ondoren, Firefoxen nabigazio tresna barran botoi berri bat ikusi ahal izango duzue. Bere gainean klik eginez, nabigatzailearen ezkerraldean, alboko leiho bat irekiko da. Bertan, bisitatzen ari zaren webgunea pdf-ra bihurtzeko nahikoa izango duzu “Add Url” botoia sakatzea. Unetxo baten ondoren, pdf fitxategia zure ekipora jaisteko prest izango duzu. Horrela nahi izanez gero, URL desberdinak edota aurretik gordeta dituzun bestelako pdf fitxategiak, pdf berri batean konbinatu ditzakezu ere. Benetan txundituta utzi nau gehigarri honen sinpletasunak eta, bide batez, bere eraginkortasunak.

Aspalditik nenbilen nire fisikako webgunean jasota daukadan materiala pdf modura nola pasa aztertzen. Egia da WordPressek dituen pluginen artean badirela batzuk eginkizun honetarako bereziki garatu direnak baina, hauetako gehienak probatu ondoren, ez naiz gustura geratu hauek ematen duten emaitzekin. Loop-ekin nire arazo guztiak amaitu dira. Adibide gisa esan, nahikoa dela Wodpresseko atal baten URLa Loop-en txertatzea, honek atal horren barruan dauden artikulu guztiak pdf-ra bihurtzeko. Primerakoa!

Iturria: Digizen

Gehigarria jaisteko: Loop

OHARRA: gehigarria erabiltzen hasteko lehenik eta behin zerbitzuan alta ematea derrigorrezkoa duzu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.