Zalantzarik ez dago hezkuntza arloan gabiltzanontzat eta orohar heziketaren inguruko kezka eta jakin-mina duten guztientzat, zer esana ematen hasi den gaia dela konpetentziena. Oraindik hastapenak besterik ez direla esango nuke; izan ere, ibilbide luzea izango duen gaia izanik, garbi dago hasi besterik ez garela egin izenburu horren barnean zer nolako baieztapenak eta planteamenduak dauden barneratzeko.
Gure kasuan, beste lankide batzuekin batera, aukera izan dugu Ikastolen Elkarteak antolatutako atariko saioetara joateko eta gai garrantzitsu honen aurrean poliki-poliki gauzak ulertzen hasteko. Saio hauek baliagarriak izan dira eta esango genuke orain, konpetentzien inguruko erreferentziak ezagunago egiten zaizkigula.
Lau saio izan dira Xabier Garagorriren gidaritzapean. Esan, Maria Galdeanok ebaluazioari buruz bere ekarpena egin zuela eta Manu Aurrekoetxeak prestakuntzari buruz. Beraz, hemen aipatuko ditudan kontzeptu eta planteamendu gehienak bertan jasotakoak direla esan behar dizuet hasiera-hasieratik.
Hasteko, uste dut komeni dela hitz klabea izango denari buruzko argibide batzuk ematea. Alegia, konpetentzia hitzaren esanahia argitzea. Zein dira konpetentzien ezaugarriak? Eta esan beharra dago ez dela beti esanahi bera erabiltzen kontestu guztietan. Adibidez, mediku konpetentea, irakasle konpetentea, entzun izan dugu behin baino gehiagotan. Esan nahiko luke lana ondo egiten dutela. Kiroletan, berriz, konpetentzia hitza, ia beti, lehiari lotua agertzen zaigu. Lan munduan, ordea, konpetentzia definitzerakoan, ondorengoa ulertzen da: pertsonak, egoera baten aurrean, duen gaitasuna bere ahalmenak kudeatzeko. Gure esparruan, heziketan, alegia, konpetentea izatea, gauzak ondo egiten dakienarekin lotzen dugu.
Konpetentzia terminoaren definizioa zertxobait gehiago zehazte aldera, agian baliagarria izan liteke, heziketa arloan, ikuspegi sozioeraikitzailea duten autoreen erreferentziak kontuan izatea. Autore hauen ustez, konpetentzia definitzerakoan ondorengo konstanteak hartu behar dira kontuan. Alde batetik, beharrezkoa da baliabide multzo bat izatea; bestetik, pertsonak modu orokor eta integratuan (aipatu baliabideak) erabiltzea. Azkenik, egoera baten aurrean modu eraginkorrean aktuatzea. Zer esan nahi dugu baliabide multzoari buruz? Gutxi gorabehera, LOGSEk ikas arloetan aipatzen dituen kontzeptuak, gertaerak, printzipioak, prozedurak, jarrerak, materialak, denbora…izango lirateke.
Konpetentzia hitzaren esanahia apur bat zabaldu ondoren, komeniko da bere justifikazioa azaltzea. Zergatik aipatzen zaigu orain konpetentzien garrantzia eta beharra? Hezkuntza munduan, azkenaldian egin diren ikerketa eta gogoeta gehinetan agertzen da , hezkuntza formala oso akademikoa dela edo izan dela, ez dituela gazteak behar bezala prestatzen subjektu gisa, herritar gisa, ezta lan munduan dituzten erronkei aurre egiteko ere. Bestalde, ikaste prozesuak bizitza osoa irauten duela ez dugu behar bezala barneratzen.
Konpetentzietan oinarritutako curriculumak ohiko curriculum akademikoaren ordezkoa izan nahi du. “jakite”aren logikatik “egiten eta erabiltzen” aren logikara igaro nahi da. Adibide txiki batekin esateko, garrantzitsua ez dela biderketak eta zatiketak jakitea, baizik eta bizitzako egoera baten aurrean, biderketa eta zatiketak erabiliz, aurrean duen arazo edo egoera bat gainditzea. Onartu beharra daukagu ahalegin izugarria egin dugula ikasleek konzeptuak, ezagutzak barnera ditzaten, gehiago esango nuke, memoriz ikas ditzaten. Zalantza, bigarren zatian sortzen da. Zertarako ziren kontzeptu eta ezagutza horiek? Ikasleak bizitzaren aurrean dituzten arazo eta zailtasunak gainditzeko? Edo azterketa gainditzeko?
Gaur egun egiten den planteamendu berrian, ezagutzatik konpetentzietara pasatzea nahi da eta, gure ustez, salto handia dago horretan. Ikasle konpetenteak, pertsona konpetenteak, ekiteko gai direnak dira. Hori izan behar du hezitzaileon ardura nagusia.
Konpetentziak gora eta konpetentziak behera, baina zeintzuk dira edo izan behar dute eskuratu beharreko Oinarrizko Konpetentziak? Modu orokorrean, erantzutea erraza da: bizitzarako garrantzitsuak direnak. Baieztapen hori eginik, esan behar da oinarrizko konpetentziak metadisziplinarrak direla eta derrigorrez txertatu behar direla ikas arloetan. Alegia, oinarrizko konpetentzia bat “ikasten eta pentsatzen ikastea” baldin bada. Konpetentzia horren lanketa ez dela arlo zehatz batean bakarrik txertatu behar, derrigorrezkoa dela konpetentzia horren lanketa ikas arlo ezberdinetan txertatuta izatea baizik .
Konpetentzien inguruko hainbat azterketa eta zehaztapen egin dira dagoeneko, poliki-poliki gero eta gehiago ezagutuko ditugunak. Batzuk gertuagokoak egiten zaizkigu; adibidez, Ikastolak zehazten ari diren Euskal Curriculuma ikuspegi horretatik ari da osatzen. Komeni da beste erreferentzia batzuk ere aipatzea. Hasteko, azken aldian hainbat aldiz entzun dugun PISA ebaluazioa, OCDE erakundeak bultzatzen duena. PISA ebaluazio (DeSeCo) (Definición y Selección de Competencias) planteamenduan oinarritzen da eta PISAn agertzen diren frogak ikuspegi hauxe dakarte.
Beste saiakera garrantzitsu bat hezkuntza arloan Tuning proiektua da. Unibertsitate mailan landu beharreko konpetentziak zeintzuk diren zehazten dituena. Zehatz-mehatz agertzen dira unibertsitate ezberdinetako ikasleek bereganatu behar dituzten 30 konpetentzia generikoak.
Eta gure jarrera honen aurrean?
Berriro ere sumatzen dugu aldaketa datorrela, aurrez ere ikusi ditugu hainbat aldaketa Hezkuntza Sisteman eta jarrera bat izan daiteke: “Hau ere pasako duk modatik, nik ez zeukat asko aldatu beharrik”. Edo, beste jarrera bat izan liteke, gutxienez kezka eta planteamendu berriaren nondik norakoak ezagutzeko jakin-mina izatea.
Gizartean ikusi edo sumatzen diren gabezien eta arazoen aurrean, askotan aipatzen dira gauzak gaizki egiten direla/ditugula hezkuntza arloan, beste hutsunerik ez balego bezala. Nik pesimismorik ez dut nahi gai honen aurrean. Gaur egun egiten dena ez dut uste “zakarrontzira bota” eta iraultza bat egin behar denik. Hezitzaileok jakin behar dugu gauza asko egiten ditugula baliagarriak direnak. Horiek kontuan izanik, gure jarrerak irekia izan behar du eta prest egon behar dugu egoera berrietara egokitzeko. Baina kontuz, espektatibak ondo neurtuz eta frustraziorik sortu gabe. Beraz, jarrera irekia eta jakin-mina baldin badugu, uste dut gai izango garela hurrengo pausoak emateko, besteak beste, prestakuntza egoki bat.