Uda garai honetan dena ez da lana izan behar eta aisialdiari tartetxo bat eskaintzeko xedez, sustatun irakurri dudan azken berrietako bat zabaldu nahi dut: Kilometroak 05eko abestia dagoeneko entzungai dugu. Dakizuen bezala, aurten Arizmendi Ikastolak antolatuko du euskara eta euskalzaleon bilgune den jaia. Bertan entzun ahal izango dugu Jon Sarasuak letra jarri eta Liken (2,1 MB, mp3) taldeak musikatutako abestia. Aitor Ziardegi, Andoni Arana, Iker Iglesias, Igor Herrarte eta Oier Sarasuak osatzen dute talde hau. Atxabaltarrak dira lau eta Igor arrasatearra. Talde bezala gorpuztuta 3 urte inguru daramatzate musika egiten, sortzen eta jotzen.
Bestalde, esan beharra dago abestia benetan bitxia dela. Hauxe da Sarasuak dioena berak sortutako hitzei buruz:
Esperimentazioa da bere izpiritua. Fonemekin jolasten du letrak. Soinu jolas bat da, eta hasieran ez da ulertzen esaten duena. Gero, sakonean, bai, esaten ditu gauzak. Sormenerako dei bat da, hizkuntzaren oihu bat, izateko aldarrikapen bat. Baina deszifratu egin behar da. Deszifratzeko kantu bat asmatu dugu.
Entseatzen joan gaitezen hona hemen kantuaren hitzak:
Globoko-txoko oso
nodoko gogo soro
logos orokor
jo gogo zoroz oro.
Globoko-txoko gozo
nodoko gogo-soro
golkoko motor
jo gogo zoroz oro.
Koop soro
oro nor, oro hor, orok joko.
Osoro
txoko soro, logos orokor
osoro
oro so gozoro.
Osoro txoko, osoro globo
Osoro joko, osoro gogo
I
Ni, hitz-hiri txiki
intziritik isilik
ifini irriz
ifini ni bizirik.
Ni, hitz-hiri txiki
irrikitik zintzilik
ifini irriz
ifini ni bizirik.
Irriz irriz
irriki-irrintziz iriki ni
Bizirik
ifini ni, irriz ifini
bizirik
ifini bizirik.
A
Lana dala ama
haran maratza zara
atara dana
atara ba plazara
Lana dala zama
gara-baratza zara
atara lana
atara ba plazara
Azal hatsa,
hatsa da baratza daramana
Bazara
atara ba atara dana
bazara
atara plazara.
Atara zama, atara lana
atara ama, atara dana.
Beraz, anima zaitezte eta urrirako ikasi nahi baduzue, hobe izango duzue letra lehenbailehen barneratzen bazoazte, ez baitirudi lan erraza!