Egia esan zortzi urteko esperientziarekin hezkuntza munduan (hauetako hiruzpalau teknologia berrien esparruan) ez dakit pertsona egokiena naizen hezkuntza sisteman eman edota emango diren aldaketen inguruan nire iritzia emateko. Baina azkenaldian izandako esperientzi pertsonalen eraginez egindako hausnarketen ondorioz ni ere bat nator Magic eta Enekok egiten duten analisiarekin.
Nik ere pentsatzen dut azken paragrafoan aipatzen den ikasle-irakasle harreman motarantz joko dugula datozen urteetan. Baina galdera da: nola?.
Epe laburrean, gaur egun oso arruntak diren bizio, akats, beldur edota tabu batzuk konpontzen eta saihesten ahalegindu beharko ginatekeela iruditzen zait. Agian pentsa daiteke garrantzi handiko gauzak ez direla baina, nire ustetan, abiapuntu bat izan daiteke eredu berrietara heltzeko bidea egin nahi badugu.
- Irakasleak erabiltzen duen materialaren jabetza pribatua da: ikasle batek informazioa lortzeko bide bakarra, jada, ez da irakaslearengandik jasotzen duen materiala (Enekok bere erantzunean zihoen bezala). Beraz, zentzua galdu du materiala “giltzapean” gordetzearenak altxor handi bat izango balitz bezala. Baina irakasle askoren buruan oraindik indarra daukate “zenbat ordu pasatu ditudan apunteak prestatzen” edota “nireak bezalakoak seguru ez daudela inon” bezalako justifikazioek. Horrela, paradoxa handiak ematen dira mintegi barruan adibidez: maila bereko irakasleek material oso desberdinak erabiltzea esate baterako. Eta jarrera hauek poliki poliki aldatzen doazen arren oraindik indar handia dute hainbat lekutan, hala nola, unibertsitatea. Niri ere tokatu zait urtez urte gai desberdinak jorratu behar izatea eta badakit zenbat ordu eraman ditudan material berriak prestatzen. Eta nik ere pentsatu dut nireak direla hobenak. Konpartitzearen ondorioz lehenik eta behin materiala prestatzeko erabili beharreko denbora txikitu egiten da eta bestetik materiala bera osatu eta aberastu egiten da. Baina, pentsamolde hau aldatzea oraindik kosta egiten da.
- IKTen erabilerak irakaskuntza presentziala ordezkatuko du: ideia hau nahiko zabaldua dago irakaslerian eta askotan erabiltzen da aitzaki bezala, gainera, IKTen erabilerak dituen gaitzetako bat bezala. Eta nik uste dut hemen gauzak nahasten direla: irakasle-irakasle edota ikasle-irakasle harremanak sustatzeko komunikatzeko bide gehiago egoteak ez dakar orain arte erabili ditugunak baztertuta geratzea. Ordezkatu baino gehiago osatu egin beharko lukete. Guztien erabilera orekatua eta eraginkorra izateko errezeta magikoa lortzean dago sekretua.
- IKTak konplikatuak dira: gai delikatua benetan. Egia da teknologia berrien esparruan asko eta asko konplikatuak izan daitezkeela (erdaraz esaten den bezala “aplicaciones con curva de aprendizaje pronunciadas”) baina egia da ere existitzen direla aplikazio interesgarri ugari aprendizaia minimo batekin martxan jarri daitezkeenak, hala nola, blogak, wikiak, webquest-ak… Eta hemen IKTeroen lana oso garrantzitsua da. Lehenik eta behin gure lana da aplikazio guzti hauek identifikatzea eta erabilpena erraza dutela egiaztatzea eta, bigarrenik, gure lana da ere irakasle desberdinen beharrak eta gaitasunak identifikatzea eta horren arabera bakoitzari bere proiektuak gauzatu ahal izateko behar dituen tresnak eskura jartzea. Eta uste dut atal honetan gauzak ez direla beti ondo egin IKT arduradunak garenon aldetik. Zergatik ikasi behar dute irakasle guztiek argazkiak eskaneatzen eta oinarrizko erretokajea egiten baldin eta gehienentzat errazagoa baldin bada interneten bilatzea eta jarraian kopiatu/itsatsi eginez argazkia erabiltzea?. Azter dezagun lehenik nork nahi duen eta nork ahal duen eta gero eskaini diezaiogun bakoitzari berea. Eta esperientziak esaten dit horrelakoek atzera botatzen dituztela irakasle asko IKTak inplementatu nahi ditugunean gure irakasleen artean.
- Ikasleak ikastolara “zerbait” jasotzera joaten dira: ikasleen jarrera “pasibo” hau areagotzen ari dela iruditzen zait azken urte hauetan. Nik uste dut IKTen erabilerak jarrera honen aldagai garrantzitsuenetako bat izan daitekeela (kontuz!, ez bakarra: ikaslearen konpromezua lortu beharko genuke ikastolako esparru guztietan). Teknologia berriak garrantzitsuak izan daitezke ikasleen arteko lan kolaboratiboa indartzeko, ikasleek beraien artean kezkak eta dudak argitzeko (oso inportanteak vSkype bezalako tresnak adibidez), iritzi kritikoak emateko… Komunikazioaren prozesuan ikasleak hartzaile paperetik atera eta igorle bihurtu behar ditugu.
- Proiektu berritzaile hauek irakasle “ero” batzuen kontua da: buffff!!! zenbatetan burrukatu behar izan dut honen aurka. Ikastoletan izan den iraultza baliabide berri eta azpiegitura mailan irakasle taldetxo batek bakarrik erabiltzeko egin bada gaizki gabiltza. Zuzendaritza talde ausartak behar ditugu ikastoletan, IKTen erabilerak ekar ditzaketen onuretaz konszienteak direnak eta gauzatuko diren proiektuei babesa eta bultzada emango dietenak. Ez dago frustrazio sentsazio handiagorik ikustea egiten duzun horrek ez duela inongo jarraipenik, zure proiektuek ez dutela inongo oihartzunik ikastola barruan, proiektuak ongi etorriak direla baldin eta atzean babes-ekonomikoa badute bakarrik… Aurrepausoak eman nahi badira zuzendaritzaren konplizitatea eta inplikazioa ezinbestekoa da; bestela segituan agortuko da irakaslearen inplikazioa erakundearekiko ere.
Oharra: Ondorengo idatzia Magic-ek duela egun batzuk idatzi zuen mezuaren erantzuna izan nahi zuen. Baina kontutan izanik erantzuna bera ia mezua baino luzeagoa dela eta nire uste apalean bere ekarpenari ikuspegi berri bat ematen diola post berri batean ipintzea erabaki dut.