Interneten plagioa saihesteko bideak

plagio

Informazioaren digitalizazioa XX. mende amaieran izandako ekarpen teknologiko garrantzitsuenetako bat izan dela ukaezina da. Analogikotik digitalerako salto horretan dena onura izan ez bada (bideo eta musikazale aditu askok nahiko kritiko agertzen dira digitalizazioak dakarren kalitate galeraren ondorioz), euskarri digitalean dagoen informazioa elkarbanatzea hain gauza erraza izanik, hau munduko mutur guztietara internet bidez zabaltzeko aukera izatea gizarte modernoan gertatu den aurrerapauso handienetako bat dela esango nuke. Informazioa lortu, kopiatu eta zabaltzea gauza erraza bihurtu da digitalizazioari esker.

Ez naiz sartuko lege kontuetan, ez dut hitz egingo SGAE eta antzekoen inguruan. Alde batera utziko dut, baita ere, ordaindu beharreko softwarea kopiatzearen alderdi etikoak. Gure ikasleekin jorratu beharreko gaiak direla garbi daukat; sexu eta drogaz hitz egiten dugun bezala, euskarri digitalean datorren informazioaren inguruan gure ikasleak hezi behar ditugula garbi daukat. Gaurkoan gaia beste bat da. Gaurkoan euskarri digitalean gordetzen den testua kopiatzeaz hitz egin nahi dut, alegia interneten topa dezakegun edozein testu “fusilatu” eta gurea izango balitz bezala aurkeztearen inguruan. Izan ere, gure ikasleek internet erabiltzen dutenetik informazio iturri nagusi bezala, oso erraza bihurtu da besteen idatziak “kopipasteatzea”, Ziur aski gure irakurleetako asko aurkitu dira internetetik zuzenean kopiatutako testu baten aurrean, euren ikasleen etxerako lanak zuzentzerakoan. Egoera hau aspaldiko kontua bada ere (ikasleek euren etxerako lanak paperean entregatu behar zuteneko garaietatik gertatzen da), ikasleak sarera bidali ditugunetik euren lanak ekoiztea (blog, wiki edota bestelako euskarrietan) tranpa egitea oraindik errazagoa bihurtu da.

Horrelako iruzurrak saihesteko lehentasuna emango nioke iksupegi hezitzaileari. Alegia, aurrean aipatutako adibideetan bezala, hemen ere horrelako jokabideen alderdi etikoetaz hitz egin nuke eurekin, zilegia ote den edo ez horrela jokatzea sarean besteen ekarpenekin, edukien lizentzien inguruan hitz egingo nuke, iturriak aipatu eta abar. Dena den, denok dakigu beti izango dugula ikasleen artean “espabilaturen” bat guzti horren gainetik ziria sartzen ahaleginduko dena. Zer egin horrelakoetan? Ba al daukagu irakasleok, gure ikasleek edukiak plagiatu dituzten egiaztatzeko biderik?

Bada bai, zorionez gure ikasleek sarean aurkitu dituzten edukiak plagiatu dituzten jakiteko aukera dezente dauzkagu. Hauetako batzuk (Compilatio.net eta Turnitin, adibidez), ordaindu beharreko aplikazioak badira ere, badaude dohaineko aukerak ere gure ikasleek tranpa egin ote duten antzemateko. Hona hemen hiru aukera:

  • Copyscape: aspalditik erabiltzen dugu gure ikastolan. Dohaineko bertsioaren erabilera oso sinplea da. Nahikoa da gure ikasleak sarean ipini duen lanaren URL-a txertatzea bilaketa koadroan eta “Search” sakatzea. Segundo batzuen ondoren, gure ikasleak bere lana osorik edota zati bat bakarrik kopiatu badu, Copyscapek eduki horien jatorrizko guneen zerrenda eskainiko digu. Gune horietako batean klik eginez, jatorrizko gunea bistaratu ahal izango dugu, bertan kolore ezberdinez azpimarratuta agertuko direlarik kopiatutako zatiak. Tresna bikaina da baina bere oinarrizko bertsioan muga batzuk ditu: asko jota hamar dira, bilaketaren ondoren bueltatzen dituen erreferentziak. Gainera, eguneko tresna erabil zitekeen aldi kopurua mugatua zen; dena den, gaur bertan probatzen aritu naiz eta ez dut inondik inora aurkitu lehen zegoen murrizketa hori. Zerbitzu zabalagoa behar izanez gero, ordaindu beharreko Premium zerbitzua eskaintzen dute. Azkenik, aukera dago, baita ere, Copysentry izeneko zerbitzua alokatzeko. Honen bitartez sarea etengabe arakatzen da plagioen bila.
  • CopyrightSpot: aurrekoaren antzekoa baina aukera gutxiagorekin. Emaitza gutxiago bueltatzen ditu eta kopiatutako testu zatiak ez ditu bereizten. Dena de, egin daitekeen emaitza kopurua ez dago mugatuta.
  • Antiplagio Educared: ekipoan instalatu beharreko aplikazioa. Tamalez Windows-pean erabil daiteke bakarrik. Plagiatutako edukiak bilatzeko aukera ugari ematen ditu: ekipoan ditugun bi dokumentu alderatzeko gai da, interneteko edukiak arakatzen ditu plagioen bila eta hori gutxi balitz, aurkitutako plagioen datu-basea bat osatzeko aukera ematen du. Aplikazioa dohainekoa da eta hemendik jaitsi daiteke.

Lehen esan dudan bezala guk Copyscape erabiltzen dugu aspalditik. Ordutik hona, ikasle batzuk besteen edukiak plagiatu dutela antzeman dugu. Duela urte batzuk, Maitek bere ikasle batek egindako lan bat, Zientzia.net-etik zuzenean kopiatuta zegoela antzeman zuen. Nik neuk, iaz izan nuen ikasle batek aktoreen biografiak idazteko zuen gaitasun harrigarria ikusi ondoren, hauetako gehienak sarean zehar kopiatutakoak zirela egiaztatu nuen. Gehienak borratu bazituen ere, oraindik plagioaren arrastoa ikus daiteke Marylin Monroe-ren inguruan “idatzi(?)” zuen artikuluan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.