Internet Osakidetzan???

Osakidetza

Azken asteotan senide bati egindako ebakuntza bategatik egun eta ordu asko igaro behar izan dut Donostia Ospitalean eta, ohikoa denez, lehenengo eguneko kezka bakarra ebakuntza horren eboluzioa izaten da. Gero, gauzak ongi doazenean, kasu honetan bezala, hantxe igaro beharreko denbora luze hori nola bete ez da txantxa. Egunkariak, aldizkariak, liburuak… erabilienak izan ohi dira eta dira.

Nik, egun hauetan, ikastolako eramangarri bat eraman dut lana aurreratzearren eta datorren ikasturterako proiektuak garatzeko esperantzaz baina, berehala ohartu nintzen internet behar nuela gauza asko egin ahal izateko. Ospitaleko pertsonalari galdetu nionean konektatzeko aukera ba ote zegoen, ordurako egiaztatuta nuen Wi-Fi konexiorik ez zegoela, harrituta gelditu nintzen jarri zidaten aurpegiarekin eta eman zidaten erantzunarekin: zer?, nola?, internet?… ez dakigu, ez dut uste… Hori bai, beti bezala, oso jarrera atsegina eta euren profesionaltasuna agerian utziz. Ezin kexatuko gara Osakidetzako pertsonalak eskaintzen digun zerbitzuarekin. Baina, munduko gauzarik zailena eta arraroena eskatu izan banu bezala sentiarazi zidaten. Une hartan ez nion beste munduko garrantzirik eman eta nire ohiko gauzetara itzuli nintzen.

Nolanahi ere, ez nuen erantzun hori ahaztu eta, lanean hasten nintzen bakoitzean, galdera bera egiten nion nire buruari: bizi garen informazio eta komunikazio gizarte honetan, nola liteke internet ez izatea honelako gune batean? Hemen, telefoniako kabina besterik ez dut ikusi!

Baina atzo, Ospitaletik atera eta kotxez nindoala irrati batean goi mailako arduradun bat teknologia berriez hitz egiten ari zen, ez dakit zein irrati zen ezta zein administrazioko kargua zuen ere baina, Goierriko tuneletan sartu aurretik eta konexioa galdu aurretik, botatako esaldia ongi barneratu nuen:

… en estos momentos se puede afirmar, sin temor a equivocarnos, que estamos en disposición de colocarnos en la vanguardia europea en el uso de las nuevas tecnologías…

Une hartan bururatu zitzaidan erantzuna ez dut hemen idatziko baina imagina dezakezue… Gure politikoek ahoa bete hortz hitz egiten digute gai hauetaz eta dominak banatzen dizkiete elkarri baina, oraindik faltan botatzen dugu politika eraginkor bat benetako bultzada emateko teknologia berrien erabilerari eta inplementazioari.

Bukatzeko, Osakidetzari ospitaleetan interneteko konexioa izateko aukera eskatuko nioke. Ez dut uste luxua denik. Argentinako senideekin telefonoz hitz egin behar izatea, berriz, bai. Ziur nago Osakidetzak beste lehentasunak izango dituela eta nik ez dut hori zalantzan jarriko baina, era berean, konbentzituta nago enpresa asko prest legokeela zerbitzu hori eskaintzeko eta horrek ez liokeela Osakidetzari kostu gehigarririk ekarriko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.