Azken urteotan, Teknologia Berrien garapena dela medio, ohiko hedabideetan, hauen inguruko informazioa beti albiste eskandalagarriekin lotuta iristen zaigu. Egungo guraso gehienek erabiltzen dituzten informazio iturriak hedabide tradizionaletara mugatzen direnez, ez da batere harrigarria hauetako askok erakusten jarrera ezkorra.
Jarrera ezkor hori modu ezberdinez gauzatzen da, edo guk hori sumatu dugu, behintzat. Guraso batzuek ez dute euren etxeetan internet jartzen edo ahal duten guztia atzeratzen dute pausu hori. Guraso hauek, euren seme-alaben presioaren zain gelditzen dira, hots, ezertxo ere esaten ez duten bitartean, ez dute jartzen. Hori bai, eskaera hori iristen zaienean, denbora gutxi behar izaten dute jartzeko promes bat egiteko eta, aldi berean, ospakizun bereziren bat lotzeko: Olentzero, urtebetetze eguna,.. Alegia, edozein jostailuri emango lioketen tratamendu bera ematen diote internetari. Beste etxeetan, Internet duten arren, euren seme-alabek debekatuta dute bere erabilera astean zehar eta asteburuetara mugatu dute bere erabilera. Kasu honetan, ere, jostailuei ematen zaien tratamendua ematen diote internetari. Beste etxeetan, seme-alabek ez dute inongo arazorik noiznahi interneten ibiltzeko eta gurasoen aldetik inongo kontrol neurririk ez dago. Beste guraso batzuk, berriz, internet izan edo ez izan, irakasleongana datoz informazio eske. Hauetako askok jakin nahi dute euren seme-alabek zer egiten duten, zer lanketa mota burutzen ari garen, zein motako aplikazioak erabiltzen dituzten, zein maiztasunarekin erabili beharko duten…
Baina ardura guztia ez nuke nik gurasoengan deskargatu nahiko, izan ere, hezitzaileok oraindik ere badugu erantzukizun handia. Onartezina da, gaur egun, nire lagun baten semeari (institutu batera zihoan bigarren batxilergoan) iaz entzun niona Jolausen Jakinstein blogari buruz eta bertan topa daitezkeen simulazioak, ariketak eta abarri buruz hitz egin nionean:
Guretzat, hori amets bat besterik ez da. Gure irakasleek ez digute uzten interneten sartzen eta ordenagailuak apaingarri gisa daude. Ia inork ez ditu erabiltzen eta matrikulazio kanpaina iristean, informatikako gela irekitzen dute argazki batzuk ateratzeko. Horretarako dauzkagu ordenagailuak.
Gisa honetako adierazpenak entzuten dituzunean, ohartzen zara zeregin handia daukagula, handiegia esango nuke, irakaskuntza bere putzu beltz horretatik ateratzeko. Nola eskatuko diegu gurasoei jokabide zentzudun bat, aldameneko irakasle batek munduko gauzarik gaiztoenarekin parekatzen duen bitartean?
Nik, guztion eginkizuna, esaldi motz honekin laburbilduko nuke:
Ikustea ez debekatu, begiratzen erakutsi.
Abiapuntua hori bada, guztion erantzukizuna eskatzea falta zaigu. Irakasleok, lanerako tresna gisa erabiltzeaz gain, beste erabilerak ezin dizkiegu ezkutatu eta jokabide arduratsuak indartzeko estrategiak garatu beharko genituzke. Eta gurasoek, beste aldera begiratu ordez, zezenari adarretatik helduz, dagozkien ardurak hartu eta seme-alabei ateak itxi ordez, interneteko mundu ziragarriak eskaintzen dituen abantailei etekina ateratzen lagundu.
Baina nola jokatu gai horren inguruan aurreiritziak besterik ez daudenean? Beste gaiekin gertatzen den lez, informazioa da garrantzitsuena eta gurasoek ahalegin bat egin beharko lukete hori eskuratu ahal izateko. Beste aldetik, ikastetxeok ere gure erantzukizuna hartuz, formazio saioak antolatu beharko genituzke ikasle, irakasle eta gurasoentzat. Gure ikastolan, ikasle eta irakasleekin makina bat gauza egin dugu bide horretan, baina gurasoekin, egia esan, ezer gutxi egin dugu orain arte. Eta gurasoak izan dira, gaiarekin kezkaturik, ikastolari gai horren inguruko formazioa eskatu diotenak. Urtero antolatzen den “Guraso Eskola” dela eta, proposatutako gaien artean, gai hau proposatu digute: Gurasoen jokabidea Teknologia Berrien aurrean. Nola jokatu gure seme-alabekin hauen erabilera arduratsua lortzeko.
Gai horri zein motako erantzuna emango diogunaren zain gelditu beharrean, hasiak gara aukera ezberdinak aztertzen eta hementxe bertan izango duzue horren berri.
Bitartean, interneten nabigatzeko aholku ezberdinak topa daitezke sarean bertan, hala nola, Consumer aldizkarian aurkitu duguna, Windowsfacil izeneko orri honetan jartzen duena edo Menudos Peques izeneko orrian aurkitu duguna, besteak beste.
Askotan, ikusten da gurasoek seme-alabekin batera egon behar dutela azken hauek nabigatzen ari direnean. Hori ez dut gaizki ikusten, baina etxe askotako errealitatea badakigu zein den eta denok dakigu umeek une asko dutela bakarrik gelditzen direla eta interneten ibiltzeko inongo mugarik ez dutela. Horretarako, “Gurasoen kontrola” izeneko aplikazioak aholkatzen dira. Gune honetan, aukera ezberdinak topatuko dituzue: ABCdatos. Dena den, eta hanka sartzeko aukera handia izan arren, begiratu dudan apurrarengatik, Logprotect izeneko aplikazioa aholkatuko nizueke. Hemendik jaitsi daiteke: Windowserako bertsioa eta Linuxerako bertsioak. Gainera, aplikazio honen inguruko tutoriala ere aurkitu dugu destroyerweb izeneko gunean.
Nik aplikazioa jaitsi eta instalatu dut frogak egiteko eta esan beharra daukat nahiko ongi pentsatutako aplikazioa dela. Hitz gakoak sartuz gero, horrekin loturiko bilaketaren bat eginez gero, alarma martxan jartzen da eta blokeatu egiten du. Gauza bera gertatzen da erabiltzaileen izen-abizenak, telefonoak, helbideak, posta elektronikoak… sartuz gero, eta Messenger bezalako aplikazio batean horrelako daturen bat bidali nahi baduzu. Gainera, informe bat ekoizten du gurasoek jakin dezaten euren seme-alabek zer egin duten beraiek egon ez direnean. Informazio hori, nire ustez, seme-alabekin hitz egiteko erabili beharko genuke, ez erreprimitzeko. Bestalde, aplikazioa ixten saiatzen badira, pasahitza eskatuko die eta ezin izango dute aplikazioa desaktibatu.
Dena den, eta nire garaian beste debekuekin guk nola jokatzen genuen gogoratuz, formazioa eta informazioa aldarrikatu nahiko nituzke ez baitugu ahaztu behar gisa guztietako debekuek, hainbatetan beharrezkoak diren arren, ikusgura piztea besterik ez dutela sustatzen.