Google Docsen inguruan nire kideekin hitz egiten dudanean ia beti bukatzen dugu berdinean: MOffice edo OpenOffice bezalako aplikazioekin konparatuta, askoz ere aukera gutxiago eskaintzen dituela aipatuz. Egi ukaezina da eta, seguraski, izango da etorkizunean ere. Ziur nago hori ere oso garbi daukatela Googleeko garatzaileek. Merkatuko aplikaziorik potenteena, alegia, tresna eta aukeraz jositako tresna bat garatzea baino konpetentziak eskaintzen ez dituen zerbitzuak abian jartzea dute helburu nagusia. Eta horretan maixuak dira Googleekoak. Bitxia da benetan zerbitzu hauek kaleratu arte jarraitzen duten prozesua, izan ere, kasu gehienetan zerbitzu hauek euren eguneroko lanean erabiltzen dituztenak dira. Euren beharrak aztertu eta asetuko dituzten aplikazioak diseinatu eta garatzen dituzte. Aplikazioa findu dutenean, guztion eskura ipintzen dute euren lantokian denbora luzez erabiltzen eduki duten zerbitzua. Horixe da, adibidez, Google Chartekin gertatutakoa (gertuko adibide bat jartzearren) edota hemen aurkeztu nahi dizuedan zerbitzu berriarekin.
Izan ere, une honetan Google Spreadsheeten bitartez aukera daukagu inkestak sortu, partekatu eta, jasotako erantzunekin, datu taulak eta grafikoak modu automatikoan sortzeko. Formularioa sortzeko prozedura oso sinplea da:
- Kalkulu orri berria sortzen dugu lehenik
- “Share” botoia sakatuko dugu eta irekiko zaigun leiho berrian, “Invite people” atalaren barruan zeuden ohiko bi aukeretaz gain berri bat ikusi ahal izango dugu: “to fill out a form”. Azken hau hautatuko dugu. Azpiko testu kutxa desagertuko zaigu eta formularioa sortzeko botoi bat ikusi ahal izango dugu.
- Botoia sakatuko dugu. pop-up bat irekiko zaigu inkesta osatzeko beharko ditugun aukera guztiekin: formularioaren izena, deskribapena eta galdera zerrenda. Galdera bakoitzarentzat hiru kutxa ikusiko ditugu: lehenengoan galdera bera joango da, bigarrenean bere deskribapena eta azpian erantzun mota desberdinak. Bost aukera ezberdin izango ditugu: testu librea (lerro batean edota paragrafo batean), erantzun bakarra edo anitzak hautatzea edota zerrenda batetik erantzun bat esleitzeko aukera. Ez dira aukera gehiegi baina inkesta sinpleak egiteko nahikoak.
- Edizioarekin amaitzerakoan, postaz partekatu ahal izango dugu sortutako formularioa ohi bezala.
- Jasotako emaitzak sortu dugun kalkulu orrian jasoko ditugu modu automatikoan, inkestak betetzen diren heinean. Jasotako datuekin grafikoak sortu eta hauen analisia egitea gauza sinplea bilakatzen da. Nahi izanez gero ere kalkulu orri hau argitaratu daiteke eta emaitzen lotura edonori bidali ahal izango diogu. Azkenik, eta horrela nahi izanez gero, beste edozein webgunetan enbotatzeko kodea ere erabili ahal izango dugu
Jarraian dokumnetua gordeko dugu.
Proba modura, hemen uzten dizuet inkestatxo bat nahi duenak betetzeko. Emaitzak azpiko leihoan ikusi ahal izango dituzue denbora errealean.
Tresna honek izugarrizko balioa izan dezake irakasleontzat. Izan ere, Google Apps erabiltzen dugunok, gure ikasleen kontaktuen zerrenda eskura izanik, oso modu sinplean prestatu ditzakegu galdetegiak edo inkestak, ikasleek euren posta elektronikotik zuzenean bete eta jarraian emaitzak bidaltzeko. Nire kasuan adibidez, ikasturte amaieran gaiarekiko izan duten asebetetze maila neurtzeko inkestatxo bat pasatzen diet. Mila buruhauste izaten ditut inkesta pretatzeko zein tresna erabili behar dudan erabakitzerakoan: erraza izatea, emaitzak modu anonimoan jasotzeko aukera ematea, etxetik betetzeko modukoa izatea… Oso garbi daukat zein den erabiliko dudan tresna aurten
Google Docs ez da munduko ofimatika aplikaziorik potenteena; baina ez dago munduan ofimatika aplikaziorik, Google Docsen antzera, gure eguneroko lana hainbeste errazten duenik. Horretaz ez daukat inongo dudarik.