IKTeroak HUHEZIn

Duela aste batzuk IKTerook Joxe Aranzabalen gonbitea jaso genuen HUHEZIko Irakasle Eskolan antolatu berri zuen ikastaroan parte hartzeko. Ezusteko handia izan zen guretzat unibertsitatean antolatutako ikastaro batera gonbidatuak izatea. Eta ez dizuet gezurrik esango; lotsa puntu bat ere eman zigun. Izan ere, urtebete besterik ez daramagu blogen mundu honetan eta arrotza da guretzat horrelako foroetan gure esperientziaren berri ematea. Azkenean animatu ginen eta, horrela, Eskoriatzako bidea hartu dugu gaur goizean.

Goizeko 10:30erako geldituta geunden Joxerekin Eskoriatzan eta, gure kasuan ohikoa ez den arren, puntual heldu gara behingoz. Berehala agertu da Joxe. Laburki bederen, baina eskolako eraikin zaharra erakutsi digu bere historia zein izan den argitu digularik. Oso atsegina izan da. Kafetxo bat hartu eta zuzenean joan gara Joxeren ikasleak zeuden gelara. Gustura egoteko gelatxo batean aritu gara, ikasleez inguraturik, anfiteatro itxura duten gela hotz horiek transmititzen duten giro hotzetik urruti. Egia esan, oso eroso sentitu gara, gure ikasleekin egunero bizi izaten dugun giro berean aritu baikara

Hitzaldiari buruz zer esan!. Neu hasi naiz gure blogaren jatorria azaltzen, Web 2.0 kontzeptua ahal den neurrian agertzen eta web berri honek irakaskuntza mailan ekar ditzakeen abantailez hitz egiten. Ondoren, Magic aritu da, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleekin burutzen ari den bere proiektu, bizipen eta balorazioak gure entzuleei azalduz. Azkenik, Seiren txanda izan da. Euskaljakintzak bere irakasle esperientziaren arabera suposatu dion iraultzaz argibideak eman ditu: ikasturtea hasi zenean finkatutako helburuak, ikasleekin komunean gauzatutako proiektuak, irakasle bezala jaso duen betetasuna garbi utzi die gure entzuleei. Nik uste dut Euskaljakintzaren inguruan bizi izandakoak benetan garbi uzten duela, lortu nahi diren helburuak aurretik ondo finkatzen badira, teknologia berriek onura handiak ekar diezazkiola irakaskuntzari

Denera, ordu pare bat aritu gara, jo ta ke, hitz egiten. Balorazioa egitekotan esango nuke nire aurkezpena, agian, “potoloegia” izan dela ikasle hauentzat. Blogintzaren munduan hasiberriak diren ikasleen aurrean aritu naiz eta ikasle hauentzat oraindik hainbat kontzeptu/aplikazio nahiko arrotzak dira. Web mailan ematen ari diren aldaketa hauek ahalik eta zehatzen azaldu nahi izateak, nire entzuleen interes eta ezagutzarengandik urruti ibiltzera eraman naute. Denbora gutxi utzi diet Magic eta Seiri beraien eperientzien berri eman dezaten eta, ziurrenik Eskoriatzako gazte horien interesak, batez ere, nire bi lankideen esperientziak entzutean oinarriturik zeuden. Azken finean, laster murgilduko dira irakaskuntza munduan eta beraien ikasleekin burutu ditzaketen proiektuen inguruko informazioa jasotzea izan daiteke gehien eskertzen dutena.

Gure lehen esperientzia izan da ikastolatik kanpo eta gu, behintzat, pozik bueltatu gara. Horrelako beste aukera bat suertatzen bada, jadanik aurretiko esperientziak zerbaitetarako balio izango digula uste dugu.

Bukatzeko, hiruron izenean eskerrak eman nahi dizkiogu Joxe Aranzabali; lehenengo, gu gonbidatu eta gure esperientzia eta lanen berri emateko aukera eskaintzeagatik eta, bigarrenik, egin digun harreragatik. Hemendik aurrera, Joxe, badakizu non gauden!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.