Urteak dira gure ikastolan “Guraso Eskola” izeneko ekimena aurrera daramagula. Urte horietan, formatu ezberdinak erabili dira saioak antolatzeko, baina kasu guztietan aukeratutako gaiak gurasoen eskaeratan oinarritu dira. Gai asko jorratu dira azken urteotan, baina Teknologia Berriak ez dira sekula agertu gurasoen kezken edo interesguneen artean.
- IKTak
- Haur eta gazteen garapena
- Familiaren garrantzia Euskararen normalizazioan
Guri IKTen atala antolatzea egokitu zitzaigunez, prestatzeari ekin genionean, hiru saio aurreikusi genituen:
- Gure ikastolaren ikuspegi orokorra IKTen inguruan: gure ikastolako gurasoei ikastolan egiten ari garenaren berri eman nahi diegu: IKT taldea, bere eginkizunak, gure IKT plana, nola txertatzen ditugun gelan, zein helburu ditugu, ikusten ditugun arazoak, ikasleen jarrera etorri zaizkien aldaketekiko… Izan ere, konbentzituta gaude guraso askok horren inguruko informazio gehiago ezagutu nahiko dutela. Saio honen dinamizazioa gure IKT arduradunak, Jokin Lacallek, eramango du.
- Etorkizunari begira: Aldaketa nabarmenak gertatzen ari dira azken urte hauetan teknologia mailan. Gure gazteek geroz eta tresna gehiago dituzte, geroz eta baliabide gehiago dituzte eta hauek guztiek eragina dute euren artean komunikatzeko eran, sozialki hartzen dituzten hainbat ohituretan eta, guretzat, garrantzitsuagoa dena, euren formazio akademikoan. Azken honi garrantzia berezia eman nahiko genioke eta, batez ere, gurasoei azaldu nahiko genieke ikasleen formazio prozesuan internet berriak duen garrantzia. Gaur egun bizi duten egoera eta, etorkizun ertain batean honek izango duen bilakaera ere azaldu nahi diegu. Prospektiba ariketa txiki bat eginez, etorkizuna aztertzen saiatuko gara. Honetarako, Eneko Astigarragaren laguntza izango dugu. Zein hobeto etorkizuneko zirrikituetan murgiltzeko Eneko baino?
- Gurasoen rola IKTen aurrean: guraso askok ez dakite zer egin, nola jokatu, debekua ezarri edo ez… Hori dela eta, gustatuko litzaiguke, teknologia berrien erabilerarekin loturiko arriskuen aurrean, gurasoek jarraitu beharreko pautak azaltzea baina hauen ikuspegi positiboa ere transmitituz, alarmismo faltsurik gabe. Saio honetarako guraso eta seme-alaben arteko harremanetan esperientzia duen norbait nahiko genuke, agian pedagogoren bat edo, baina era berean, internet berria ezagutzen duena. Gure gaztetxoak “W Hirukoitza erakunde maltzurraren hatzaparretatik libratzeko errezeta magikoak” eskaintzen dituzten espezialista ugari dago. Guk ikuspegi errealistagoa zabaltzea nahiko genuke. Baina, zoritxarrez, ez dugu oraindik inor lortu. Baten bat ezagutzen baduzue, esaguzue, mesedez.
Gaur bertan irekiko da gure txanda eta lehen saioa 18:30etatik aurrera burutuko dugu. Bigarrena, datorren astelehenean, ordu berean eta Enekoren maisutasunez. Azkena, zehaztu gabe daukagu, lehen esan dudan lez, ez baitugu inor aurkitu gai hori jorratzeko.
Bukatzeko, goraipatu nahiko nuke gure ikastolako gurasoek erakutsi duten interesa, ez baita ohikoa gisa honetako gaiak proposatzea. Gure iritziz, gurasoak ikusten ari dira euren seme-alabak oso gauza “bereziak” egiten ari direla, euren jakin-mina areagotu egin dela… baina ez dakite horren atzetik zer den benetan ezkutatzen dena. Horregatik, eta aukera hau aprobetxatuz, ekimen berri bat martxan jarri nahi dugu gurasoak IKTen munduan murgiltzeko eta gure proiektuekin inplikatzeko. Nolanahi ere, proiektuak argia ikusten duenean, izango duzue horren berri.