Irakasleok pribilegiatu batzuk garela, behin baino gehiagotan, entzun ohi dugu, baina opor garaietan, bereziki. Ez naiz ni izango hori eztabaidatzen hasiko dena, baina gaur bertan gogorazi didatenean ikasturte hau ia amaitu dugula, pentsakor gelditu naiz eta burura etorri zaizkit udako oporrak hartu bitartean egin beharreko gauza guztiak eta urduri jarri naiz oso. Iritsiko ote naiz? Gelditzen zaizkigun hilabete hauek aldapa gora egingo zaizkit, gauza mordo bat egiteke eta denborarik ez. Hau da marka!
Ezkortasun horretan murgilduta, etxera iritsi eta nire feed-ak arakatzen hasi naizenean, del.icio.us-en EEBBetako Gobernuaren web hau aurkitu dudanean, ni baino okerrago daudenak ikusita, lasaitu ederra hartu dut. Amerikar Gobernuarena bai psikosia.
Baina ez da hori izan nire arreta bereganatu duen albiste bakarra, izan ere, TechEBlog-en efektu bitxi hori ikusi dudanean, nire egoera pertsonalarekin alderatu egin dut eta arestian aipaturiko aldapa gora hori gainditzeko beharrezkoa dudan adorea eta kemena lortu dut. Esplikatuko naiz.
Urak beti goitik behera egiten du, baina azpiko bideo horretan ikus daitekeen bezala, errealitate hori eraldatzeko ez da gauza handirik egin behar. Horixe da, hain zuzen ere, irakasleoi gertatzen zaiguna kaleko jendeak lehenago aipaturiko gisako baieztapenak egiten dizkigutenean. Perspektiba galtzen dugu eta ito egiten gara. Ez gara ohartzen bi hilabete eta erdian gauza asko gerta daitezkeela, gauza asko egin daitezkeela, ordu asko direla eta gure lan guztiak aurrera ateratzeko denbora izan badugula.
Irakaskuntzan nagoenetik, irakasleon estresa, urte sasoi honetan, nola areagotzen den ikusteko aukera izan dut. Ni ez naiz salbuespen bat eta urduritasun hori nik ere bizi izan dut nire erraietan. Horregatik, gaurko bideo honekin ohartu naiz zer gertatzen den ikuspegi desegokia erabiltzen dugunean.
Beraz, lasaitasunez eta gogoz ekingo diot ikasturte honen azken txanpari. Ikasleekin, Ikastolen Elkarteko lankideekin, IKT taldeko kideekin eta gainontzeko lankideekin burutu beharko ditudan lan guztiei aurre egiten saiatuko naiz eta, ahal badut, nire lankideen une zailetan laguntzen ahaleginduko naiz. Ur korronteak eraman gaitzala. Ikastolako lankideen kalitatea ezagututa, itsas bare batera iritsiko garela ziur bainago.
Bukatzeko, IKTeroon lanarekin jarraituko dut eta idatzi hau baino hobeak egiten saiatuko naiz. Ea gauza interesgarriak egin edo lortzen ditugun zuekin partekatzeko.