Ez, ez da exajerazio bat. Literalki horrelaxe baitugu horrenbeste maite dugun JAKINTZA IKASTOLA. Urtero legez, udako oporrrak aprobetxatzen ditugu ikastolan egin beharreko konponketak, mantenu lanak, obra berriak… egiteko baina, aurten bezala, inoiz ez; nik ez dut gogoratzen, behintzat.
Hasteko, neurriarengatik besterik ez bada, ikastolako jolastokia estaltzeko eta frontoia eraikitzeko obra dugu. Lan hau ikastolako partaide guztion ametsa izan da azken urteotan eta aurten, Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntzari esker ( % 30a gutxi gorabehera ) ausartu gara mailegu bat eskatzera eta gisa honetako obra batean sartzera. Nolanahi ere, egindako ahalegin berezi honek ez du ekarriko inongo gainkargarik gure gurasoentzat, hori bai, datozen hiru urteetan gerrikoa estutu beharko dugu. Hala ere, merezi duelakoan gaude, izan ere, ikastolak leku estali bat behar zuen era guztietako jarduerak baldintza egokiez burutu ahal izateko: ikastolako kirol jarduerak, emanaldiak, jaialdiak eta herriko kirol erakundeei instalazio egokiagoak uzteko (herri ekimenetik sortuak gara, herrian txertaturik gaude eta herri onurako erakundea izaten jarraitu nahi dugu).
Bigarrena, gure gaiarekin lotuta dagoelako, beste infogela bat egokitu eta osatu. Iaz gela bat 23 ordenagailuz (22 ikasleentzat eta bestea irakaslearentzat), proiektore finko bat, arbela digitala, eskanerra… prestatu genuen eta aurten bigarrena modu berean egokitu dugu, hori bai, ordenagailu berri eta ahalmen handikoak erabiliz. Horretaz gain, irakasleen bulego guztietan ordenagailu berriak jarri ditugu, ordenagailu eramangarri gehiago, proiektore berriak… Une honetan, gure ikastolan 100 bat ordenagailu dugu sarean.
Hirugarrena, gurekin zerikusi handirik ez badu ere, ardura gure eskutan izan delako, areto nagusiaren egokitzapena. Areto hau megafonia, informatika eta isolamendu akustiko egokiaz hornituko da. Obra hau hastear dago.
Laugarrena, ikastolako lehen solairua margotze lana. Urtero solairu bat margotzen da eta aurten Batxikoek eta DBH 4koek erabiltzen dutenari egokitu zaio (premia latza baitzuen).
Bosgarrena, komunetan iturginen konponketa lanak. Elbarrientzat eginiko egokitzapenen ostean, ur kontsumoa murrizteko sistema berriak jartzen ari dira komun guztietan.
Azkena, aipamen berezia merezi duelako, sare elektrikoarekin gertatutakoa. Informatika gelak egokitzeko egin beharreko lanak oso era dotore eta txukunean burutu dituzte, baina frontoiko lanetan gertatutakoa ez da nolanahikoa izan: indusketa lanetan hasi zirenean, sare nagusiko kable bat hautsi eta ikastola argi indarrik gabe utzi zuen. Hori konpontzeko, a zer komeriak!!! Abuztuan lanean, IKTeroak izan ezik inor ez, eta arduradunak aurkitu arte ezin izan genuen konpondu. Hau konpondu eta astebetera, herriko lorezainek zuhaitzak mozterakoan tentsio handiko kableetan izugarrizko hondamena eragin zuten. Berriro, ikastola argirik gabe. Horregatik, abuztuan gu bezain martxosoa izan eta gure web orrialdean sartzeko ahaleginetan ibili bazara, ohartuko zinen ezinezkoa zela gure zerbitzariak itzalita baitzeuden. Bestalde, agian, arazo hauen guztien ondorioz, Telefonicako routerra arazoak ematen hasita dago. Ea hau konpontzean, lasaitasun pixka bat dugun!!!