Ikasten ikasteari buruz

Une honetan ez dut gogoratzen zehazki non izan zen baina nonbait irakurri nuen (uste dut Benitoren Atoanen izan zela, baina ez nago ziur) markatzen duen mezu sakon horietako bat. Ez naiz oroitzen zehatz-mehatz esaldiaz baina gutxi gorabehera horrelako zerbait esaten zuen:

Asko kostatzen zaie irakasleei onartzea ikasleek ez dutela eurek irakasten dietenetik ikasten. Baina askoz ere gehiago kostatzen zaie onartzea ikasleak euren laguntzarik gabe ikasteko gai direla.

Barruraino sartu zitzaidan mezu horrek transmititzen zuena, izan ere, nire ingurune profesionalean gertutik bizi dudan zerbait islatzen du. Esaldi horrek bete-betean egiten du topo, irakaskuntzara dedikatzen garenok, gure ikaskuntza prozesua ulertzeko dugun moduarekin. Gure formazioaz hitz egiten dugunean, irakasleok ez dugu ulertzen instrukziorik gabeko formaziorik, gu baino gehiago dakien aditu baten gidaritzarik gabe. Are gutxiago ulertzen da, berdinen arteko ikaskuntza (ikasleek naturaltasunez egiten duten zerbait, bestalde) eta utopiatzat hartzen da autoformazioaren kontua (“horretarako denbora asko behar da” adierazten dute batzuk, konturatu gabe, ikasleek eurek erabiltzen dituzten aitzakiak erabiltzen dituztela euren konpromiso falta estaltzeko). Irakasleok irakaskuntza menpekotasunetik ulertzen dugu, ikasleek askatasuna eta autonomiaren alderditik ulertzen duten bitartean. Deigarria.

Ideia hauek etorri zaizkit burura, azpiko bideoa ikusi ondoren. Apirilaren 4eko “Para Todos La 2” izeneko programa, “Ikasten ikastea” aukeratu zuten tertuliarako gai bezala eta bertan parte hartzera Ana Basterra gonbidatu zuten. Bideoa guztiz gomendagarria iruditu zait, batez ere, egun eskolak duen arazo potolo baten inguruan hausnartzeko: ikaste prozesua ulertzeko hain desberdinak diren bi ikuspegi horien artean ematen den gatazka.

Hemen bideoa:

Berdinen arteko ikaskuntzan sinesten ez dutenek (ikas-komunitateak edo erdaraz “comunidades de practica”) edota autoformazioa utopiatzat hartzen dutenek horretarako denborarik ez dagoelako, nekez lagunduko diete ikasleei euren kabuz ikasten ikasteko bidea.

Argitaratzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.