Atzo goizean, ohi izaten den bezala, ikastolen elkarteko IKT dinamizatzaileen bilera izan genuen Durangon. Bilera luze joan zen. Bueltakoan, Ordiziara kotxean nentorrela, denbora tarte polita izaten nuen hitz egindakoaren inguruan hausnarketa egiteko. Atzokoan, bileran jorratutako gai guztien inguruko errepasotxoa egiteko ez nuen astirik izan. Egia esan, azkenaldi honetan oso gai interesgarriak jorratzen ari gara gure bileretan; bilera mamitsuak izaten ari dira. Baina dudarik gabe positiboena, zera izaten ari da: dinamizatzaileen ekarpenak geroz eta ugariagoak, geroz eta pluralagoak izaten ari direla. Honek, ingurukoen berri izateko aukera emateaz gain, norberaren errealitatea birplanteatzeko aukera eskaintzen du; ahuleziak identifikatu eta hobekuntzak baloratu. Esan bezala, ikuspuntu honetatik, atzokoa oso interesgarria izan zen.
Durangon mahai gainean jarri ziren gai ezberdinen artean bat ikasleen IKT konpetentziena izan zen. Gehiegi sakondu ez bagenuen ere (ziur nago laster helduko diogula gaiari merezi duen moduan), bertan plazaratu ziren hainbat ideia oso interesgarriak iruditu zitzaizkidan. Bestalde, Aritz Larretak idatzitako iruzkinari behar bezalako erantzuna emango niola agindu nuen. Hona hemen, bada, agindutakoa.
Jadanik irakaskuntza munduan murgilduta zaudetenok jakingo duzuen bezala, bai Europako Erkidegotik, baita Espainiako (ikus laugarren konpetentzia) eta Euskal Herriko Hezkuntza sailetatik dagoeneko definitzen hasita daude, etorkizunari begira, gure gazteek lortu beharko lituzketen oinarrizko gaitasunak IKTen esparruan. Une honetan, marko orokorra soilik dago definituta; hau da, helburu orokorrak definitzen dira baina inongo zehaztapenik gabe.
Eta hortxe kokatzen dugu gure lana . Helburu orokor horien ikusmira galdu gabe, irakasleon lana da gaitasunen lorpena bermatzeko hauen mailakatze egoki bat definitzea. Helburu horrekin hasi ginen lanean duela hilabete batzuk. Ordutik hona, buelta asko eman ditugu lagungarria izan daitekeen informazioaren bila, baina aipatu beharra daukagu ez dugula inondik inora aurkitu erreferentziazko dokumenturik honen inguruan. Garai bateko informatikako gaiari lotutako helburuen inguruan zerbait aurkitu dugu baina hauek, batez ere, tresnen erabilerari soilik loturiko oinarrizko trebeziekin erlazionatuta daude. Eta gaurko marko orokorra hori baino dezente zabalagoa dela onar daiteke, zalantzarik gabe.
Horrela, buruhauste askoren ondoren oinarrizko zirriborro bat zehaztea heldu gara. Ez noa ni hemen zirriborro osoa goitik behera azaltzea, ezta gutxiagorik ere. Bai gustatuko litzaidake, ordea, gaitasunak antolatzeko erabili dugun sailkapena zuekin partekatzea eta, animatzen bazarete, honen inguruan zuen ekarpenak jasotzea.
Tira ba, orokorrean bost multzo desberdinetan banatu ditugu oinarrizko konpetentziak:
- Gaitasun instrumentalak: hemen kokatzen ditugu tresnen oinarrizko erabilerarekin erlazionaturiko trebeziak: saguaren erabilera, ordenagailua piztu/itzaldu, inprimagailua, CD/DVD irakurgailua… Honetaz gain, web mailan topatuko dituzten oinarrizko aplikazioen inguruko ezagutzak ere hemen kokatu beharko genituzkeela; zer da internet, webgunea, nabigatzailea, hipertestua… eta abar, erabiltzen ari diren tresnei zentzua ematen dien ezinbesteko kontzeptuak dira.
- Garapen intelektualerako gaitasunak: IKT siglen esanahiari erreparatzen badiogu, hasierako “I” horrek informazioa adierazten du. Horixe da, hain zuzen ere, tresna hauekin kudeatzen duguna. Eta informazioa modu eraginkor batean sortu, bilatu, antolatu, gorde, partekatu… ahal izateko, oinarrizko konpetentziak finkatu nahi ditugu hemen. Aurrekoan bezala, hemen ere uste dugu aintzat hartu behar ditugula lor daitezkeen gaitasunak ordenagailua “modu lokalean” erabiliz, alegia, ekipoan bertan instalatutako aplikazioekin (ofimatikako aplikazioak, edozein euskarritan jasotako multimedia edukiak, irudi, bideo eta audio ediziorako aplikazioak, eta abar) baina, baita ere, internet mailan kudeatu beharko duten informazioa modu egokian gauzatzeko erabiliko dituzten aplikazioekin (hala nola, agregatzaileak, software soziala eta bestelako web 2.0 tresnak).
- Komunikazioarekin loturiko gaitasunak: zalantzarik ez dago IKTen garapenak gure eguneroko bizitzan elkarrekin komunikatzeko bide berriak ekarri dituela. Komunikazio bide berri hauek modu eraikitzaile eta eraginkorrean erabiltzen irakastea izan behar du irakasleon helburu nagusiena. Posta elektronikoa, txata (zergatik ez?), VoIP bitarteko komunikazioa (Skype, adibidez), elkarlanerako ingurune birtualak… hementxe kokatu beharko genituzke.
- Kontrola eta modelizazioarekin erlazionaturiko gaitasunak: gure ikasleak, tresna eta aplikazioen erabiltzaile soilak izatetik sortzaileak ere izatea erakutsi behar diegula iruditzen zaigu (sortzaileak ez badira ere, gutxienez erabiltzen dituzten trtesnen atzean zer dagoen jakin beharko luketela uste dugu). Pausu hori emateko jaso beharreko konpetentziak hemen kokatuko genituzke. Une honetan, atal honen barruan kokatu ditzakegun oso gaitasun gutxi jasotzen dituzte gure gazteek; DBHko bigarren zikloan, teknologia gaiaren barruan robotikaren oinarrizko kontzeptuak lantzen dituzte; beso giltzatu bat kontrolatzen ikasten dute oinarrizko komando edo aginduak erabiliz. Iruditzen zaigu hori baino gehiagorako gai izan daitezkeela: oinarrizko programazio lengoaiak (HTML, adibidez), estilo orriak (CSS), datu baseak, ordenagailuz lagunduriko esperimentazioa (OLE)… testuinguru honetan kokatu ditzakegula iruditzen zaigu.
- Jarrerazko helburuak: aurrekoak bezain garrantzitsuak dira gure ikasleei transmititu behar dizkiegun helburu hauek. Asko dira atal honetan aintzat hartu beharko genituzkeen helburuak. Hauetako batzuk hauek izan daitezke:
- Ordenagailua lan tresna bezala identifikatzea, koadernoa, testu liburuak… bezala
- Aipatutakoekin gertatzen den bezala, ikastolaren esparruan, ordenagailua eta bestelako tresnak errespetuz erabiltzea
- Erabilera arrazionala bultzatzea
- Partekatzearen filosofiaren transmisioa: elkarlana bultzatzeko tresna eraginkorrak dira IKTak.
- Norberaren ekarpenek duten garrantziaz jabetzea
- Internet bitartez gauzatzen diren harremanekin eduki beharreko kontuaz jabetzea
- Globalizazioaren ikuspegitik, harremanak zabaltzeko eta beste gizarte batzuekin komunikatu ahal izateko IKTak erabiltzea.
- Euskal gizartean eta euskal kulturan eragiteko gaitasuna.
- Izpiritu kritikoa eta eraikitzailea bultzatzea
- …
Hasieran esan bezala, honekin pasa ditugu azken hilabeteak ikastolan. Baina atzoko dinamizatzaile bilerak gaia ikuspegi zabalago batetik aztertu behar dela jabearazi zidan. Gaitasunak zerrendatzearekin bakarrik ez dugu ezer lortuko, baldin eta helburuak arrakastaz betetzeko bitarteko egokiak ipintzen ez baditugu. Hona hemen atzoko bileran azaldutako hainbat ideia:
- Gainontzeko gaitasunen lorpena bermatzeko irakasgai espezifikoak definiturik dauden bezala, zaila ikusten dut, curriculumean teknologia berriekin loturiko ikasgai espezifiko bat definitzea. Agian, mailaren batean edo bestean sor daitezke IKTekin loturiko ikasgai bereziak baina aurreko helburu horiek zehar-lerro modura txertatuta ikusten ditut nik gehiago. Eta, noski, hori horrela izanik ondo identifikatu beharko genuke zein irakasgaietan eta zein jarduera espezifikoetan landuko diren helburu horiek. Garbi dago, honek aurretiko planifikazio sakona egitea eskatuko duela.
- Irakasleriaren konpromisoa bilatzea beharrezkotzat jotzen da. Bi ikuspegitik planteatzen da hau.
- Gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen gure ikasleek lortu behar dituzten oinarrizko gaitasunak hizkuntzan, matematikan edo bestelako ikasgaietan. Horrelaxe, denon konpromisoa da hauek lantzea eta ondoren behar bezala ebaluatzea. Ez dut uste ordea, horixe bera gertatzen denik oraindik IKTekin loturiko gaitasunekin. Susmoa daukat irakasle guztientzat gaitasun hauen lorpen maila ez dela kritikotzat jotzen ikasleen garapen akademiko egoki baterako. Uste dut badaukagula zer egina oraindik esparru honetan.
- Zehaztutako helburuak irakaslearen profilarekiko independentea izan behar da. Hau da, finkatuta helburuak ezin dira egon irakasle jakin batzuen menpe. Adostutakoa betetzea denon eginkizuna dela onartu behar dugu; horrela, irakasle baten ordezko bat etortzen denean ikastolara, honek garbi izan behar du curriculumean definituriko helburuak, ikastetxe bezala definiturikoak direla eta ez direla izan irakasle jakin baten iniziatiba propioa.
- Aurrekoa bermatzeko ezinbestekoa da etapa bakoitzari dagokion profesionalaren profil teknologikoa definitzea. Izan ere, ikasleen gaitasunak bermatzeko ondo prestatutako irakasleak ditugula bermatu beharko genuke.
- Bukatzeko, ahalegin berezia egin beharko genuke, aurreko guztia modu ez-traumatiko batean burutzen. Alegia, zentro bakoitzean IKTekiko afinitate giro bat lortzea, bereziki garrantzitsua dela iruditzen zait. Tresna hauek dituzten onuretaz jabetu behar ditugu irakasleak eta, bide batez, hauen erabilera ez dela batere konplikatua egiaztatu behar dute. Uste dut bide hau jarraituz, dekretuz jokatuta baino errazago asmatuko dugula.
Tira, ez da lan makala, ez, aurretik daukaguna.
Bueno, Aritz ez dakit honekin guztiarekin zuk planteatuko galderei erantzuna eman diedan. Hala eta guztiz ere, 3. mailarako bereziki zehaztu ditugun helburuak jakin nahi baduzu, gure zirriborroa Google Docs-era igo dut eta zurekin partekatu dut. Gonbidapen bat jasoko duzu zure posta helbidean. Egizu klik eskainiko zaizun estekaren gainean eta gure zirriborroa ikusteko eta eraldatzeko gai izango zara. Zure ekarpenen zain geratzen gara.