Gizakiok, orokorrean hitz eginda, ez dugu bakardadea maite; taldean mugitzea, aritzea, bizitzea… maite dugu. Garbi dago, beraz, egungo giza sareen oldarka sartze hau ez dela hain egungoa, betidanik eraman duela erraietan gizakiak talde bateko kide sentitzeko grina.
Gure ikasleak ez dira gutxiago. Gauzak horrela, berezko sena hori egungo teknologiak eskaintzen dituen aukera eta erraztasunekin uztartuta, eztanda geldigaitza eta saihestezina da. Zertarako erabiltzen dituzte, bada, gure ikasleek giza sareak? Haien gogo-aldarteak plazaratzeko, urrun daudenekin harremana ez galtzeko, mota guztietako baliabideak (argazkiak, bideoak, musika…) sareratu eta iruzkintzeko eta, bereziki azpimarragarria dena irakasleontzat, etxera bueltatzen direnean, lagunekin solasean jarraitzeko, etxerako lanen inguruan aritzeko, zalantzak galdetu eta lanak amaitzeko… Beraz, badago aintzakotzat hartu beharreko elkargune bat, non irakasleon eta ikasleen interesak adiskidetzen diren.
Hari horretatik tira eginez, berehala konturatuko gara giza sareek asko dutela hezkuntzari eskaintzeko; izan ere, aparteko tresnak dira komunikaziorako (edukia eta jakintza denon eskura ipintzen laguntzen dute), komunitateak sortzeko (komunitate bateko kide izatearen sentimendua areagotzen dute) eta kooperaziorako (ikasle eta irakasleei gune partekatu bat eskaintzen diete elkarrekin lan egiteko). Horretaz gain, sare hauek koordinazioa eta talde-lana erraztu eta konpetentzia digitala garatzen laguntzen dute.
Horiek horrela, zer egin dezakegu irakasleok hezkuntzari begira sortutako giza sare batean ikasleak inplikatzeko? Bada, hasteko, bi alorrak uztartu delako sarean: lanekoa eta aisialdikoa. Zorionez, aipatutako aukerak dohain ipintzen dizkiguten tresnak eskura ditugu, klik batera. Bereziki bi azpimarratuko nituzke, gaur den egunean, ikasleekin lan egiteko: Ning eta Twitter. Lehenengoak nahi adina partaide onartzen ditu eta talde handian zein txikiagotan lan egitea ahalbidetzen du. Gainera, ikasleei begira oso interesgarria izan daitekeen aukera bat ematen du: partaide bakoitzak bere gunea izan dezake, bere profila sortu eta musika, bideoak eta argazkiak igo. Horretaz gain, foroak abian ipini eta mezuak, taldekoak zein bakarkakoak, bidaltzeko aukera ematen du. Twitterri dagokionean, une honetan bat-bateko komunikazioa ahalbidetzen duen tresnarik ahaltsuena dela esango nuke. Nahikoa da nabigatzailean aplikazio bat gehitzea ikasle guztiengana klik bakar batez iristeko. Hauek, ezer berezirik egin gabe, leihatila batean jasoko dute igorritako mezua. Sareko edonork bidal dezakeenez mezua, aukera polita da atoan sortutako zalantzak, galderak edo bestelakoak (estekak, irudiak…) zabaltzeko.
Mesfidantza ugari sumatzen da giza sare, ikasle eta hezkuntzaz hitz egiten denean; nik, behintzat, hala bizi izan dut galdetu didatenean. Nire ustez, sare hauen filosofia eta funtzionatzeko era guztiz bat datoz hezkuntzaren hainbat helbururekin: irakasleok eta ikasleok gune partekatu bat izan dezakegu elkarrekin lan egiteko, mota guztietako edukiak trukatzeko, partaidetza sustatzeko… Ikasleek eskolako sarea, lanerako tresnaz gain, euren adierazpen gunetzat hartzean egon al daiteke arrakastaren giltza? (Sare sozialak hezkuntzan, alde batera utzi edo aukera baliatu. HIK HASI aldizkariaren 138. alerako idatzia)