Gure bloga jarraitzen duzuenok dagoeneko ezagutuko duzue pasa den urtarrilaren amaieran ikastoletako IKT dinamizatzaile batzuk abian jarri genuen ZirIKTeroak izeneko proiektu berria. Ordutik hona asko izan dira taldean izena eman duten eskola sare eta erakunde desberdinetako irakasle eta arduradunak. Poliki-poliki taldetxoa handitzen doa eta, nahiz eta bertako kideok, birtualki elkar ezagutu, beharrezkoa ikusten genuen fisikoki ere elkartzea; sareko irudiei ahotsa eta gorputza ipini, bakoitzak dituen lehentasunak zeintzuk diren ezagutu, une honetako bakoitzaren lehentasunak zeintzuk diren ezagutu… Elkar ezagutu eta, bide batez, aitzakia bilatu eguna elkarrekin disfrutatzeko.
Helburu honekin Axular ikastolako Larrek I. ZirIKTxotx topaketa aurrera eramateko proposamena luzatu zigun sareko kide guztioi. Lehen deialdi honetarako hamaika kidek eman genuen izena. Donostian elkartuko ginenok zertaz jardungo ginen proposatu ondoren, Juanek eguneko gai zerrenda lotuta utzi zuen pasa den ostiralean.
Larunbatean, goizeko hamarretarako bidean ginen Goierrialdetik Donostiarantz Aitor eta biok. Bidean Mikel eta Joxerramon jaso ondoren, puntual heldu ginen Axular ikastolara. Hantxe genituen zain Juan, Larre eta Xabier. Donostian zehar makina bat buelta eman eta gero Antza denez Google Maps-ek ez omen zituen gauzak oso garbi azaltzen ), beranduxeago agertu ziren Abel eta Pedro (hauek Santurtzitik zetozen) eta Javi eta Ibon (Galdakaotik hauek).
Agindutako kafetxo eta pastei errepasotxo eman ondoren, bakoitzak bere aurkezpentxoa egin zuen. Egia esan aurkezpen laburren bitartez goiza di-da batean pasa zitzaigun.
- Joxerramonek bere ikastolan garatzen ari diren aldizkari digitalaren aurkezpena egin zigun. Usurbilgo Udarregi ikastolan ikasleak dagoeneko kazetaritzaren oinarriak nola ezagutu eta erabiltzen dituzten ezagutzea interesgarria iruditu zitzaidan..
- Larrek fisika, kimika eta geologiako flash fitxategien itzulpenarekin izandako esperientzia aurkeztu zigun. Azken hauetan egindako lana benetan kalitate handikoa dela iruditu zitzaidan.
- Juan Moodleeko galdetegi eta glosategietan bildutako edukiekin, Game izeneko modulu bat erabiliz, sor daitezkeen jokuen inguruan aritu zen. Flipantea 50×15 telebistako programaren klona!
- Ibonek Lyxen azalpena egin zigun. Estilo txukunak erabiliz, dokumentu luzeak (tesiak eta antzekoa) prestatzeko tresna paregabea dela behin eta berriro adierazi zigun. Arazo teknikoak zirela medio, ezin izan genuen bere potenzialidade osoa behar bezala ezagutu. Hori dela eta, hurrengorako 500 orrialdeko tutoriala prestatzeko konpromisoa hartu zuen Ibonek.
- Abelen aurkezpena oso interesgarria izan zen. Moodleen esperientzia handiko gizona da eta hori garbi uzten du hitz egiten duenean. 1.7 bertsioaren ondoren, Moodleek izan dituen hobekuntza nagusienetako bat Rolak definitzeko aukera izatearena da. Horrela, Moodle ikastaroak soilik eman/jasotzeko plataforma bat izatetik eskola komunitate osoaren gune birtuala izateko aukerak eskaintzen dituela esplikatu zigun. Horrela, Moodle erabiliz aukera daukagu Ikuskatzailearen erabiltzailea definitzea, blogari-rola, liburuzaina edota, zergatik ez, gurasoa ere. Azken aukera hau oso interesgarria iruditu zitzaidan, izan ere, beti hartu dut Moodle ikasle eta irakasleentzako tresna bezala; sekula ez zait burutik pasa gurasoak ere izan daitezkeela Moodleeko erabiltzaileak eta, rol egokiak definituz, aukera izan dezakete oso modu sinplean , euren seme-alaben inguruko kalifikazio, txosten eta bestelako informazio kontsultatu ahal izateko. Ulertzea hain gauza sinplea den honek gure ikastolan eragin handia izan dezakeela garbi daukat, izan ere, hortxe gabiltza gure intranetarekin antzeko gauzak nola burutu daitezkeen asmatu nahian eta ez gara konturatu dagoeneko erabat garatuta izan dezakegula horrelako aukera bat Moodle erabiliz. Ibonek dioen bezala, hortxe gabiltza, beti gurpila berasmatzeko asmoz, Michelinek 1889. urtean dagoeneko asmatu zuela jabetu gabe.
Ordu biak aldera bukatu genuen goizeko saioa. Jarraian Hernanira abiatu ginen. Hantxe pote bat hartu eta zuzenean Iparragirre sagardotegirantz abiatu ginen. Hantxe ibili ginen munduko arazo guztiak nola konpondu aztertzen. IKTak gora IKTak behera, hezkuntza handik eta hezkuntza hemendik…. Jesuuussss!! Ez ginen ixilik egon ezta txotxa egitea tokatzen zenean ere! Bazkalostean, Hernanitik tragotxo bat hartu ondoren, etxaldera bueltatu ginen txintxo txintxo arratsaldeko zortziretarako, gai-zerrendan zehaztuta zetorren modura. Hementxe uzten dizkizuet egunean zehar aterako argazki guztiekin sortutako bilduma:
Honen antzeko argazki gehiago bilatu ZirIKTeroak(e)n
Oso esperientzia polita izan zen eta ni behintzat gauza berri ugari ezagutzeaz gain, ederki pasa nuen taldean. Esperientzia berriro errepikatu beharrean gaudela denok aho-betez onartu genuen. Ea hurrengorako ZirIKTeroak taldeko kide gehiago animatzen diren. Egia esan lehenik eta behin taldekide askori antzematen zaien lotsa edo beldurra gainditu beharko litzateke Ibonek gaur bertan bidalketa batean azaltzen zuen moduan. Tira, piskanaka piskanaka urratsak ematen joango garela ziur nago; ea datorren ikasturtearen hasieran izango dugun II. topaketan aurpegi berriak ikusten ditugun. Eta bide batez, idatzi hau aporbetxatu nahi dut, IKTak, irakaskuntza eta euskararen inguruan zer ikasi eta zer esana duen edonori taldeko kide bihurtzeko gonbitea luzatzeko.