Antolatzaile edo agendak izugarri gustatzen zaizkit. Ez da oraingo gauza, ez, txiki-txikitatik datorkidan zaletasun bat da. Ikasturtea noiz hasi amorratzen egoten nintzen agenda berria erosteko. Gero kolore ezberdinetako axotak hartu eta izugarrizko esfortzua egiten nuen, lehenengo orrietan (beranduxeago ikusi egin behar!) letra txukunez idazteko. Urte asko pasa dira ordudanik, baina agendek nigan zuten erakargarritasun hori ez da izpi bat itzali. Are gehiago, era digitalean sartuta gaudenetik, gehiago liluratzen naute. Azken belaunaldiko hauek, gainera, ia-ia edozer egin dezakete (masajeak ematea falta zaie!).
Internet berri honek agenda mordo bat eskaintzen dizkigu gure bizitza antolatzeko (sartu hemen eta idatzi bilatzailean calendar hitza). Iaz, sasoi honetan, interesgarria oso (dituen aukera ezberdinengatik) den Google Calendar-i buruz hitz egin nuen (1 eta 2) eta gaur HiTask-en txanda da. Oso erabilgarria iruditu zait hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, funtzionamendua ezin da errazagoa izan, guztia “drag & drop” sistemaz egin daiteke (arrastaka eramanez). Zeregin (urtebetetze, ohar…) bat erantsi ondoren, ataza hori egun eta ordu zehatz batekin lotu nahi baduzu, arrastaka eramatea besterik ez duzu. Gauza bera zeregin bat zure lan-taldeko pertsona bati eman nahi badiozu, arrastaka eraman izenaren gainera eta, besterik gabe, itsatsita geldituko da. Ikus dezagun ondorengo irudia hobeto ulertzeko zer eskaintzen duen:
- Ezkerrean, egutegia eta eguneko ordu guztiak azalduko zaizkigu.
- Erdialdean zereginak, bilerak, oroigarriak, oharrak eta urtebetetzeak kudeatzeko gunea izango dugu.
- Eskuineko aldean, berriz, gure taldea gestionatzeko parada izango dugu, txat eta guzti.
Funtzioak
- Zereginak antolatu: egitekoen zerrenda lehentasunaren baitan antola dezakezu.
- Zereginak taldekideen artean banatu: zure agendara gehitzeko gonbidapenak bidali (zerbitzuan alta eman beharko dute). Agendako lan-taldean agertzen den edonori, zereginen bat eslei diezaiokezu (zuzenean bere agendan azalduko zaio) eta berarekin txateatzeko aukera ere izango duzu.
- Zereginak proiektuetan antolatu: mota berdineko zereginak edo egitasmo batekin zerikusia dutenak proiektu bakar batean bil ditzakezu. Proiektu ezberdinetan sailka ditzakezu zure zeregin guztiak (bereziki interesgarria).
- Zereginak koloretan sailkatu: zereginak kolore ezberdinetan sailka ditzakezu (lagunekin egin beharrekoak, familiarekin, lanekoak…).
- Zereginen orduak zehaztu: arrastaka eramanez, zure ataza, bilera eta oroigarrien ordutegia zehatz dezakezu. Ordutegia zehaztu ezean, egun osoko atazatzat hartuko du.
- Zereginak irizpide ezberdinen baitan ikusi: kronologikoki, proiektuka, koloreka eta erabiltzailearen baitan.
Honaino alde onak. Txarrak, dohaineko zerbitzuak zeregin mugatuak sartu eta kudeatzeko aukera ematen duela. Mugarik gabe erabiltzeko, premium bertsioa erosi behar da.
Jatorria: Mashable