Guk Moodle, eta zuk?

Foro honetan Moodle plataformaz behin baino gehiagotan hitz egin da eta etorkizunean ere mintzagai izango dugulakoan nago. Jakintzako lagunon lan politak aitzakia eman dit berriz ere Moodlez lerro batzuk idazteko.

Gure artean Santurtziko Udal Euskaltegia aitzindaria izan da Moodleren bidez edukiak guztion eskura uzten. Axular Lizeoan bigarrengo urtez ari gara ikasgela birtualarekin lanean. Gure ikasle eta langileentzat 30 ikastaro baino gehiago prestatu ditugu. Horietatik 2 eskuragarriak dira:

Bigarrengo hori ez da geuk sortua, euskaratua baizik. Norbaitek Moodleko bere instalazio propioan erabili nahi badu, hemen aurkituko du: http://moodle.org/course/view.php?id=42

Bide batez, azken helbide hori Moodle euskaratzeko foroa denez, guztioi parte hartzeko gonbitea luzatzeko aprobetxatu nahi dut. Izan ere, e-learning plataforma hori de facto estandar bihurtzen ari den bitartean, eta hainbat instituzio eta unibertsitate erabiltzen ari diren bitartean, errealitate gordina zera da: euskaratzeko prozesuan oso jende gutxi ari dela lanean.

Garai batean AEKk hartu zuen lekukoa UEUk eta Santurtziko Udal Euskaltegiak jaso dute. Egun azken hori da lanen koordinatzailea. Oraintxe Santurtziko Euskaltegia, HABE (duela gutxi hasi dena) eta ni neu ari gara lan horretan.

Errealitate gordin horren aurrean, Hezkuntza Sailak Moodlen oinarritutako ikastaro telematikoak DBHn eskaini ditu aurten. EHU ere Moodle erabiltzen ari da… Zeren zain daude erakunde publikoak itzulpenean dirua inbertitzeko?

Kataluniako gobernuak, adibidez, eskatzen duten ikastetxe guztiei Moodleko instalazioa guztiz doan jartzen die bere zerbitzari propioetan. Gainera, Jclic eta quaderns virtualsekin irakasleek azken urteotan prestatutako baliabide-multzo eskerga ez galtzeko Moodlen txertatzeko modulu bereziak garatzen ari dira. MoodleMoot’06 topaketan gutxi barru argitaratuko zituztela iragarri zuten. Irakasleek sortutako 100.000 ariketa baino gehiago dituzte guztion eskura (2.000 inguru euskaraz).

Eta Moodleren garapena ez da gelditzen. Teorikoki hile honetan 1.7 bertsio egonkorra sortuko da (beta aste honetan atera da labetik). Azken aukera izango da 1.5 edo aurreko bertsioak utf formatora pasatzeko.

Bertsio horretan, besteak beste, rol berriak editatu ahal izango dira (administrari, irakaslea eta ikaslearen rolez gain).
Datorren urterako Moodle zerbitzarien arteko komunikazioa (community hub) posible izango da. Ikastaroak eta informazioa gure artean trukatu ahal izango dugu. Gehiago jakiteko: http://docs.moodle.org/en/Roadmap

Oraindik probatu ez dutenentzat hona hemen esteka: http://moodle.org

Kontuz! Adikzioa sortzen du eta!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.