Gure ikasleei korreo kontu bana eskaintzea aspalditik dugun beharretako bat da. Luze aritu gara posta elektroniko kontuak kudeatzeko dauden zerbitzu desberdinak baloratzen eta ez da batere erraza izan hauen artean gure beharretara ondoen egokitzen dena aukeratzea. Aukeretako bat gure zerbitzarietako batean dugun Microsoft Exchange korreo zerbitzaria erabiltzea zen. Irakasleon kontuak honen bitartez kudeatzen dugun arren, ez genuen oso garbi sistemarik egokiena ote zen ikasleen posta kudeatzeko. Ikasle gehienek postaren erabilera egokia egiten duten arren, denok dakigu hauetako batzuen postontziek, kasu askotan, “erloju bonben” antzera, edozein momentutan jarri dezaketela konpromezuan gure sarearen segurtasuna. Hori dela eta, errezelo asko genituen sistema honekin.
Beste aukeretako bat, web bitarteko zerbitzuak erabiltzea zen. Hauen kasuan ere kontrako aldagaiak aldekoak baina gehiago ziren: posta helbide arrotzak, taldeak kudeatzeko arazoak, segurtasun eskasa…Aukera hau ere baztertzearen aldekoak ginen. Dena den, talde txikietan erabiltzeko (kontu asko sortu behar ez den kasuetan, behintzat) GMailen aldeko apustua egin genuen. Seik, adibidez, batxilergoko hiru taldeetako ikasle bakoitzarentzat GMaileko kontu bana sortuta zuen jada ikasturte honen hasierarako.
Horretan geundela abuztuaren 28an, oporretatik bueltan, Googlek “Google Apps for your Domain” kaleratu behar duela adierazten du bere blogean. Googleeko beste hainbat zerbitzuekin gertatzen ohi den bezala, hau ere beta fasean egonik, zerbitzua probatzeko beharrezkoa zen gonbidapena jasotzea Googleekoengandik. Egoera ikusirik, Magicek ziztu batean bidali zien Googleeko kideei mezu bat gonbidapen bat eskatuz. Egun gutxi batzuren ostean, hortxe genituen 100 posta kontu berri konfiguratzeko moduan.
Egun batzuk zerbitzuaren muina zein zen ikasten egon ondoren, ikasleen kontuak sortzeari ekin genion. Lehenengo urratsa zera zen: Googlek zituen posta zerbitzariak gure domeinuarekin harremanetan jartzea. Zer esan nahi duen honek? Labur esanda, Googlek eskainitako posta helbideak izena@gmail.com motatakoak izan ordez izena@jakintza.net (gure kasuan) helbidea izatea. Horretarako nahikoa da domeinua erregistratuta duzun webgunera joatea eta, orri honetan adierazten den bezala, MX erregistro berri batzuk sortzea. Gure kasuan, jakintza.net domeinua Domitecaren bitartez erregistratu genuenez bertara joan eta esandako aldaketak egin behar izan genituen. Hasieran konplikazio txiki batzuk izan arren, bertako zerbitzu teknikoak ziztu batean konpondu zigun arazoa.
Egun batetik bestera, jakintza.net izenean 100 posta elektroniko kontu berri sortzeko aukera genuen. Esan eta egin, gure batxilergoko ikasleentzako korreo kontuak sortzeari ekin genion. Kontu kopuru handia sortu behar denez, aukera dago, “Bulk Account Update” izeneko zerbitzua erabiliz, kontuak taldeka sortzeko. Horretarako nahiko da CSV fitxategi bat sortzea ikasleen datu hauekin: username, first name, last name eta password. Zerrenda hau igo ondoren sistemak sortzen ditu ikasle guztien korreo kontuak une batean (hori bai, kontu pixka bat eduki behar da pasahitzarekin: honek zehazki sei karaktere bakarrik izan behar ditu). Era honetan di-da batean sortu ditugu batxilergoko ikasle guztientzat posta kontu bana.
Astebete daramagu zerbitzu hau erabiltzen eta esan beharra dago primeran dabilela. Gure ikasleek posta kontua izateaz gain, egutegi propioa dute eta GTalk izeneko txata ere. Hona hemen hauen ezaugarri nagusienak:
- Posta kontua GMaileko beste edozein kontu batek dituen ezaugarri berdinak ditu: 2 Gbeko edukiera (halere, Gmailek zertxobait gehiago eskaintzen du), SPAMaren aurkako sistema eraginkorra (oso inportantea ikasleen kasuan), POP3 korreoa konfiguratzeko aukera, mugikorrean korreoa jasotzeko aukera… Nire iritziz, zerbitzu honekin merkatuan dagoen posta elektroniko zerbitzu hoberena erabiltzeko aukera eskaintzen diegu gure ikasleei. Bestalde, posta zerrendak sortzeko aukera ere ematen du. Gure kasuan zerrenda desberdinak sortu ditugu: gela bakoitzeko bat, hautazko desberdin bakoitzarentzat beste bat, zientzietako eta letretako bi taldeentzat beste bi…
- Ikasle bakoitzak GMaileko kontu bat izateaz gain egutegi pertsonala ere badu. Bertan, norberak bere erregistro pertsonalak jasotzeko aukera du. Irakasleontzat bereziki garrantzitsua den aukera bat egutegiaren partekatzearena da. Nire kasuan Fisikako egutegi berezi bat sortu dut nire kontuan eta ondoren maila bakoitzeko ikasleekin partekatu dut. Nire ikasle bakoitzak egutegia partekatzeko gonbidapena jasotzen du. Onartu ondoren, nire Fisikako egutegian gertaera bat ipintzen dudan bakoitzean, hau automatikoki nire ikasleen egutegian agertzen da, eurek ezer berezirik egin gabe. Beste ikasgaietako irakasleek ere euren egutegiak partekatu ondoren, maila bakoitzeko ikasle bakoitzak eskola egutegi propioa izango du, bertan ikasturtean zehar izango dituen gertaeren, eginkizunen, ekimenen.. berri jasoko duelarik. Eta garrantzitsuena dena: hauek denak erregistraturik geratuko dira (zalantzak eta gaizki-ulertuak egon ez daitezen gero).
- “Google Apps for your Domain”ek eskaintzen duen hirugarren zerbitzua GTalk da. Postaren kudeatzailean bertan agertzen den txat zerbitzu honen bitartez aukera daukagu gure ikasleekin harremanetan jartzeko denbora errealean. Gainera, ahots bitarteko komunikazioa, fitxategiak ziztu batean bidaltzeko aukera… beste erabilgarritasun interesgarriak dira ere.
Zerbitzuaren erabilgarritasuna nolakoa den ikusirik ondorengo erabakia hartu dugu Jakintza ikastolan: gure ikasleak Lehen Hezkuntzako Lehen Mailara heltzen diren unean, ikastolako sarean sartu ahal izateko kontu pertsonala izango dute, norberak bere karpeta pertsonala izango duelarik. Era berean, Googleen zerbitzu honetan oinarriturik, posta kontu pertsonala ere izango du. Datu hauek ikasle bakoitzaren fitxa pertsonalean gordeta geratuko dira 6 urtetik 18 urte bitartera.
Baina nola eraman aurrera hau guztia Googlek 100 kontu bakarrik eskaini baldin badizkigu? Gaur goizean (goizeko hamaikak inguru izango ziren) mezu bat bidali diet “Google Team”-ekoei 700 kontu gehiago eskatuz (bai badakit askotxo direla baina eskatzea librea da, ezta? ). Hara non nire sorpresa, gaur arratsaldeko bostetan (hau da, sei ordu besterik ez dira igaro!) Matthewk (Google Teameko kide batek) eskatutako 700 kontuak operatiboak ditudala erantzun didanean. Eta horrelaxe da!!! Badaukat lana datozen egunetarako!!!