Tira, oporretan gaude eta azalpen txiki bat besterik ez dut eman nahi. Ea ulertzen didazuen.
Flickr-eko argazki bilduma bat zure Google Earth edo Google Maps-en kokatu nahi duzu? Bada, jarraitu pausu hauek:
- Kokatu nahi duzun albumak, geolokalizatuta egon beharko du
- Kopiatu zure argazki bildumaren ID zenbakia
- Webgune honetan horretarako duzun eremuan itsatsi
- Azpian agertzen diren parametroak zehaztu
- “KML file” edo “Open in GoogleMaps” hautatu
- KML fitxategia jaisten baduzu, zuzenean, Google Earth-en ikusi ahal izango duzu
- Google Maps-en irekitzeko ehautatzen baduzu, zuzenean bertan irekiko zaizu
Gero, zure mapa horiek zure blogean argitaratu nahi badituzu, bi hauek dira jarraitu beharreko pausuak:
Google Earth
- Jaitsi duzun KML fitxategia zure zerbitzarira igo
- Fitxategi horren helbidea kopiatu
- Web honetan horretarako duen eremuan itsatsi
- Fitxategia kargatu
- Mapa zentratu eta zoom egin zure gustura utzi arte
- “Set center & zoom” botoia sakatu
- “Generate embed code” botoia sakatu
- Ematen dizun kodea kopiatu eta zure gunean itsatsi
- Voila! mapa zure gunean daukazu
- Zure irakurleei Google Earth Browser plugina instalatu beharko dutela ikusi ahal izateko gogorarazi
Google maps
KML fitxategiaren helbidea Google Maps-en itsatsi eta mapa irekiko zaizu. Orain, goazen ikustera zer egin beharko dugun gure gunean argitaratzeko mapa hori.
- Maparen gainean (eskuinaldean), “Link to this page” irakur daiteke, bada bertan klik egin
- Bi aukera agertuko zaizkizu:”Paste link in email or IM” maparen esteka lortzeko eta “Paste HTML to embed in website” zure gunean mapa txertatzeko
- Azken kode hori kopiatu eta zure gunean itsatsi
- Mapa hori zure gunean kokatuta daukazu
Bai, badakit bestelako bideak erabil daitezkeela mapak erakusteko, baina hau oso erraza eta praktikoa iruditu zaidanez, hementxe zabaltzea otu zait.
Ah, ahaztu zait, urtero bezala, gure ikastola hankaz gora daukagu egiten ari garen obrekin. Jangela eta Areto berriak egiten ari gara. Aretoa lehenago aterpe bat genuen tokian kokatuta egongo da eta horko argazkiak dira mapa hauetan jarri ditudanak.
Bukatzeko, aukera hauei aplikazio didaktiko ezberdinak ikusten dizkiet eta horra hor, bat batean, bururatzen zaizkidanak:
- Euskal herriko flora edo faunaren (edo beste edozein gauzarena) mapa ekoiztu: irudiak atera eta mapan kokatu, taxonomia landu…
- Mapa historikoak ekoiztu: gertakari historikoen guneak kokatu, informazio osagarria sartu…
- Mapa kulturalak ekoiztu: museoak, kontzertuak, eraikin historikoak…
- Ibilbide ezberdinen mapak ekoiztu: mendiko bideak, antzinako galtzadak, bidegorriak…
- Geografikoak: ibaien ibilgua, mendiak, lautadak…
- Gune industrialak: lan sektoreak, produkzioa, populazio banaketa…
- … eta bururatzen zaizkigun gainontzeko guztiak