Finlandiako Hezkuntza Sistemaren arrakastaz hitz egiten denean, hiru giltzarri nagusi aipatzen dira: Irakasleak, Ikasleei ematen zaien garrantzia eta ebaluazioa. Aurreko mezuan adierazi nuenez, banan-banan aztertuko ditugu giltzarri horiek eta gure sistemarekin alderaketak egingo ditugu. Irakasleriarekin hasiko gara.
Zalantzarik gabe, Finlandiaren arrakastaren giltzarri nagusienetako bat, nagusiena ez bada, bertako irakasleriaren gaitasuna eta motibazioa da. Baina hori ez datorkie Ipar Poloak bidalitako haize korronte batetik, izugarrizko hautaketa eta prestakuntza prozesu batetik baizik. Lehen Hezkuntzako irakaslea izateko ikasketetara sartu ahal izateko bi froga igaro behar dituzte. Lehen prozesua Jyväskylä Unibertsitatean zentralizatuta dago eta euren ezinbesteko baldintza da Batxilergoko espedientean 9 baino handiagoko batez bestekoa izatea. Bigarren fasea, Hezkuntza Fakultateetan burutzen da eta enpatia, komunikazio gaitasuna, arte eta musika gaitasunak, matematikako gaitasunak…, besteak beste, neurtzen dituzte. Hautagai guztien %9a baino gutxiagok lortzen du Fakultatera sartzea. 6400 orduko formazioa (6 ikasturte) jaso eta gero (gurean, 2000 ordu inguru dira hiru ikasturteetan), tesina bat ekoiztu behar dute amaierako ikerketa lana gisa.
Bigarren Hezkuntzako irakasleak, bakoitzak duen espezialitateko fakultatean ikasketak amaitu ondoren, Hezkuntza Fakultatean sartzeko Hautaprobak gainditu beharko ditu (enpatia, komunikazio eta azalpenak emateko gaitasuna… neurtzen zaizkio) eta 1400 ordu baino gehiagoko formazio pedagogiko sakon bat jasoko du (hemen, 100 ordu inguru dira). Formazioa jaso eta gero, ikastetxea bilatu beharko du lanean hasteko. Ikastetxeetako zuzendariek euren ikastetxerako behar dituzten irakasleak hautatzen dituzte eta hauek Herriko Kontseiluak izendatzen ditu. Klaustroko irakaslerik konpetenteenak lehen mailako geletan kokatzen dituzte, hasierako urte horietan ezartzen baitira haurraren oinarriak. Gainera, herri batek bere eskola ixten badu, irakasleek euren lana bilatu beharko dute beste herri batean eta euren kaxa.
Irakasle izateko, gainditu beharreko baldintza ikaragarri gogor horiek ikusita, ez da harritzekoa lurralde horretan irakasle izateak duen prestigioa. Eta ez da soldata kontua bakarrik. Hauek oso onak izanik ere, indar handiagoa du bertako herritarrek hezkuntzari ematen dioten garrantzia eta hedatuta dagoen konbikzioa: gure irakasleak adituak dira eta asko saitzen dira euren lana ongi egiten. Horregatik, lanbide hori zergatik hartu duten galdetzen zaienean, “Haurrak maite ditudalako” edo “Ikasleak laguntzea atsegin dudalako” bezalako erantzunak ohikoenak dira. Honela, ulertzen da irakasleek duten ikusmira: ikasleen zerbitzuan gaude eta ez ikasgai baten zerbitzura.
Lan baldintzei dagokienez, arestian esan dudan bezala, soldata nahiko onak jasotzen dituzte (2000 – 3000 €), baina Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko (OCDE) batez bestekoetatik gertu daude eta, askotan, gutxiago irabazten dute. 45 minutuko 20 saio lektibo gehi beste eginkizun batzuk burutzen dituzte: eguneroko zaintzak, kontseiluetan parte hartu, bestelako talde, mintegi eta batzordeetan parte hartu… Gainera, irakasleek barneratuta dute euren eginkizunen artean ikasleen familiekin eskolaz kanpo dituzten harremanak (ohikoa omen da irakasleak ikasleen etxea bisitatzea eta euren bizi baldintzen jarraipena egitea). Bestalde, bertako irakasleek, baliabide materialei dagokienez, baldintza oso onak dituzte:
- Gela handiak eta ongi hornituta euren jarduna burutzeko.
- Baliabide multimedia Bigarren Hezkuntzako gela guztietan eskura dituzte eta IKTen erabilera ohikoa da maila guztietan.
- Ikastetxeen eremu guztiak ongi zainduta eta apainduta, giro atsegina sortuz. Bigarren etxea bailitzan hartzen baitute.
- Ikasle kopuruari dagokionez, oso gutxitan gainditzen da 25 ikasleen kopurua. Gehienetan, kopurua 20koa izaten da.
Sistemak duen deszentralizazioari esker, irakasleek egundoko autonomia dute euren lana burutzeko eta horrekiko azaltzen duten asetze maila ikaragarri altua da. Bertako irakasleen artean ez da ezagutzen gurean ohikoa den “irakasle errea”ren irudia. Administrazioak eta hezkuntza agintariek konfiantza osoa jartzen dute aurretik horren ongi prestatu eta hautatu dituzten irakasleengan. Baina autonomia hori ardura handi batekin lotuta doa, Udal administrazioarena nahiz irakasle bakoitzarena. Liburuak hautatu, baztertu edo kendu, taldeen konfigurazioak erabakitzeko… ahalmen osoa dute. Hori guztia gutxi balitz, ikastetxe bakoitzak bere curriculumaren %25a erabaki eta finkatzeko ahalmena du.
Honek guztiak, aldi berean, irakasleen etengabeko formazioa eskatzen du. Horretarako, derrigortasuna erabili ordez, negoziazioa eta elkarrizketa da erabiltzen duten bidea. Hau da, ikastetxeetako zuzendariek irakasleak formazio saioetara joateko bultzatu eta animatzen dituzte eta, azken hauek, ikasketak amaitu eta gero, Unibertsitatearekin harremanetan jarraitzen dute, harremana ez da eteten titulua ateratzerakoan. Giro horrek asko laguntzen du eta ohikoa da ikustea ikastetxeetako irakasleak Unibertsitateko proiektuetan parte hartzen, bertako ikasleei laguntzen… Ikusten denez, eskola eta unibertsitatea ez dira elkarri bizkar emanez bizi diren bi mundu.
Beno, orain gure planetara jaitsiko gara.
Zenbat aldiz entzun duzue esaldi hau?: “El que vale, vale y el que no a Magisterio“. Horrek garbi islatzen du lanbide honek gure gizartean duen “prestigioa”. Hori gutxi balitz, Juan Carlos Erregearen alabak Magisteritza egin zuenean, arazoa larriagoa bihurtu zen: “horrek egin badik…” Zalantzarik gabe, lanbide honen prestigioa galduta dago. Baina prestigioa ez da aldarrikapen huts bat eginez eskuratzen den zerbait, irabazi beharreko zerbait baizik. Berreskuratu nahiko bagenu, kexa hori plazaratzea baino gehiago egin beharko genuke. Adibidez, Irakasleen Unibertsitate Eskolaren formazioa berraztertu eta indartu beharko litzateke. Gaur egun, salbuespen batzuk kenduta, karrera “Maria”tzat hartzen dute eta ikasle kaxkarrenak joaten ohi dira hori egitera. Motibaziorik gabe askotan, bokaziorik gabe gehienetan eta irakasleon oporretan pentsatuz ia beti. Oraindik gogoan daukat nire ikasle bati gertatutakoa; izugarrizko emaitza onak lortzen zituen eta beti aipatzen zuen irakasle izatea gogoko zuela. Batxilergoaren amaieran, Magisteritza gutxitxo zela bera bezalako ikasle batentzat han eta hemen entzun ostean eta etxekoen presioek tarteko, bere hautaketa aldatzera “behartu” zuten. Bere ikasketak, beti bezala, emaitza zoragarriekin amaitu zituen eta, gaur egun, irakaskuntzatik oso urrun dabil, baina oraindik ere aitortzen dit Lehen Hezkuntzako irakaslea izan nahiko lukeela. Gauza bera gerta al daiteke Medikuntza, Ingeniaritza, Zuzenbidea… bezalako ikasketak hautatuz gero? Gaur egun, kontrakoa gertatzen zaigu; ekuazio bat ebazten ez dakien ikasle batzuek Arkitektura, Ingeniaritza… egin nahi izaten dute (beti “prestigio” horren bila) eta euren tutoreek egundoko lana izaten dute ikasle eta gurasoei ideia hori burutik kentzen.
Nolanahi ere, Finlandiako irakasleen gauzarik deigarriena, nire iritziz, erabiltzen duten metodologia da. Bertako ikastetxeetara bisitan joan direnak harrituta gelditzen dira geletan sortzen duten lan-giroarekin eta ikasleen aurrean jokatzen duten rolarekin. Gainontzeko lurraldeetan salbuespenak diren jokabideak, hango geletan ohikoak dira. Ikasleek ez dute rol pasiboa jokatzen eta ez dira gelditzen irakaslearen azalpenen zain, irakaslea ikasleek eskura duten beste baliabide bat besterik ez da eta beraiek dira euren ikas-norabidearen arduradunak. Hori dela eta, hango geletan elkarlana eta ezagutzaren sorkuntza kolektiboa errealitate bihurtzen da.
Bestalde, gure hezkuntzan etengabe aipatzen dugu baliabide gehiago behar ditugula, eta garbi dago hori egia dela, baina ez dut uste baliabide kontu hutsa denik. Izan ere, Finlandian euren BPGren %6,51 inbertitzen da hezkuntzan (OCDEren batez bestekoa %5,21 da), baina, adibidez, Danimarkan %8,28 eta Suedian %7,47 inbertitzen dute eta ez dituzte maila bereko emaitzak lortzen. Bestalde, Luxenburgo, Estatu Batuak edo Italia bezalako lurraldeak aurretik daude ikasle bakoitzeko egiten den gastuetan, baina PISA ebaluazioan azken tokietan agertzen dira. Beraz, diru gehiago gastatzeak ez du kalitate hobea esan nahi.
Bukatzeko, irakasleak ongi prestatuta egoteaz gain, izugarrizko askatasuna dute euren programazioak diseinatzeko eta aurrera eramateko. Gurean, berriz, hainbat ikastetxeetako irakasleak argitaletxeen esklabu daude. Hau da, ikastetxeak hautatutako argitaletxeko materialak erabiltzera behartuta daude. Hori bai, gelako ateak itxi eta materialari zein erabilera ematen zaion eta zein metodologia erabiltzen den ez dio axola. Askotan, egoera horiei aurre egiteko, argitaletxe eta proiektu ezberdinetako fotokopiaz bobardatzen dituzte euren ikasleak. Hor ere, irakasleon ekintzailetasun falta sumatzen dut, izan ere, egoera hori elkarlanean material propioak sortzeko baliatu ordez, errazenera jotzen dugu eta besteen materialak “fusilatu” egiten ditugu. Nik ez dut uste irakasle guztiok dena sortu behar dugunik, ezta gutxiagorik ere, baina ikasleak sortzen jarri bai edota beste irakasleekin elkarlanean gauza asko sortu ere bai.
Hurrengo atalean, ikasleak izango dira ardatz. Ea hau baino laburragoa eta argiagoa ateratzen zaidan.
Eguneraketa: Argitaratu dudanean, ahaztu egin zait erabilitako informazio iturriak aipatzea. Horregatik, oraintxe jarriko dizkizuet erabili ditudan agiri nagusiak:
- LA EDUCACIÓN EN FINLANDIA;Educación sin rumbo bloga
- Por qué los finlandeses educan mejor; Consumer aldizkaria
- ISEI-IVEIk ekoiztutako informeak
- Recortes de Prensa; El Pais eta El Mundo argitaratutakoak
- Finlandia, confín y comienzo – ESTRATEGIA; Adriana Gamba, meta-i gunearen zuzendaria
- Fracaso escolar en España: Finlandia, el modelo a imitar; Fluvium gunean argitaratuta
- Sueño educativo en un remoto país; Magisnet gunean argitaratuta