1996.eko urrian, Euskal Herriko ikastolen hirugarren Batzar Nazionalean euskal curriculum propioaren beharra aipatzen zen. Esan eta egin. Urte hauetan guztietan, lan-talde ezberdinak lanean aritu dira eta lan horretara eragile ezberdinak gehitzen joan dira. Sorreran, ikastolen egitasmoa zena, herriarena dela esan daiteke. Izan ere, aditu, hezkuntza eta giza eragile ezberdinen ekarpenak jasotzeaz gain, administrazioaren babesa izan du. Gutxitan gertatzen den fenomenoa eman da kasu honetan: herri ekimenetik sortutako proiektu baten gurdira administrazioa igo eta elkarlan interesgarri eta aberatsa gauzatzen ari da.
Une honetan, egitasmoa eztabaida eta hobetze fasean murgilduta dago. Prozesu honekin, curriculumaren ildo nagusietatik hasi eta xehetasunetara iritsi nahi da, guztion proiektu bat izan dadin. Horregatik, protagonismoa alde batera utzita, guztiok bat eginda lan egin beharko genuke . Ezin da ulertu, gure gizartean horrenbeste eragina eta indarra duen sare publikoa, prozesu honetatik kanpo gelditzea, are gehiago berau sostengatzen duen administrazioa buru-belarri sartuta dagoenean. Hemendik, publikoko gure lankideei dei bat egin nahiko genieke Sortzen Ikasbatuaz-ekoek egin duten bezala, parte har dezaten.
Bestalde, gure gaiarekin zentratuz, aipamen bat egin nahiko genuke Curriculumaren atal bati buruz, IKTei buruzkoa hain zuzen ere. Beste curriculumetan gertatzen den bezala, hemen ere ez da ikasgai bat bezala planteatzen, lortu beharreko gaitasun bat bezala baizik. Hau da, ikasgai guztietan eta guztiekin garatu beharreko gaitasuna eta ezagutza litzateke. Atal honen atarikoak nahiko garbi uzten digu zein den gai honen funtsa:
Ohiko tresna eta baliabide teknologikoak trebetasunez, erantzukizunez eta espiritu kritikoz erabiltzea, informazio mota oro ekoizteko, biltegiratzeko, berreskuratzeko, lantzeko eta hedatzeko edo komunikatzeko gaitasuna garatu ahal izateko, bai eta norbera eta gizartea hobeto garatzeko egokienak diren informazioak bilatzeko, balioesteko, hautatzeko eta barneratzeko gaitasunak emateko, informazioa ezagutza bihurtze aldera.
Informazio gizarteko hezkuntzaren gaia jorratzean, esaten da teknologia horiek aukera ona direla hezkuntzaren multimedia planteamendua behingoz lortzeko, ikasleek ikaskuntzarako duten gaitasuna indartzen baitu. Multimedia hezkuntzaren kontzeptua ulertzeko, adierazteko baliabide, euskarri eta modu guztiak integratu behar dira: bai liburua, bai Internet, bai eta gaur egun eskura ditugun gainerako informazio edo komunikazio bideak ere. Ikasleak lehen aipatutako hedabide guztietan eskura dugun informazio ikaragarri pilari behar bezala aurre egiten trebatzeko, Informazioa Erabiltzeko Konpetentzia (IEK) ezinbesteko kontzeptua da. Horrenbestez, subjektuek Informazioa Tratatzeko Teknologiak (adibidez, IKTak) erabiltzeko trebetasun aurreratuak eskuratu behar dituzte; kontuan hartuta trebetasun horiek ekintza esanguratsuak egitea edo arazo esanguratsuak konpontzea izan behar dutela helburu. Definizio horren ezaugarri nagusia hau da: komandoen ikaskuntza mekanikotik eta erreminten funtzioetatik aldendu eta eguneroko bizitzako egoera hurbiletan eta interesgarrietan oinarritutako ikaskuntza sustatzea, eta IKTek aberastutako inguruneak erabiliz, curriculumaren beste ikasgai batzuen ikaskuntza eta ezagutza hobetzea.
Hori guztia aintzat hartuz, Euskal Herriko ikasle batek bere derrigorrezko hezkuntza amaitzerakoan lortu beharko lukeena bost ataletan banatuta dator:
- 1. Sistema informatikoen kontrola
Sare kontzeptuak (intranet/extranet) bereiztea eta hardwareko elementuak behar bezala menderatzea (haien mantenimendua barne), bai eta Sistema Eragile estandar baten terminologia eta funtzioak ere. - 2. Informazio bilaketa eta hautaketa
Interneteko nabigatzaile baten funtzio guztiak baliatzen jakitea eta bilaketa aurreratuak eta eraginkorrak egitea. - 3. Komunikazio telematikoa
Posta elektroniko estandar baten eta Interneteko beste komunikazio zerbitzuen funtzio guztiak (mezularitza, txatak, foroak…) behar bezala erabiltzea. - 4. Informazio prozesamendua eta edizioa
Informazioa (testua, grafikoak, soinua, animazioa, bideoa) eraikitzeko eta editatzeko mota askotako softwarea erabiltzea, eta informazioa testu prozesadoreetan, aurkezpenetan eta web orrietan integratzen jakitea. - 5. Datuen kudeaketa eta kalkulua
Egoerak eta gertaerak irudikatzea, datuen egitura bakunak sortuz, kontsultak, txostenak edo grafikoak egiteko.
Eztabaida eta hobetze fase honetan murgilduta gabiltza IKTerook ere. Ikuspegi ezberdinen berri izatea aberasgarritzat jotzen dugunez, zuen ekarpenen zain gelditzen gara. Ea denon artean, baliagarria gerta dakigukeen curriculuma lortzen dugun.
Informazio gehiago: Euskal Curriculumaren web orrian ( Internet Explorer behar da )