Dakizuen bezala (beste artikuluren batean aipatu dudalako) uztailaren amaiera aldean Iruñean izan nintzen UEUk antolatu eta Patxi Gaztelumendik ezin hobeto zuzendutako ikastaro batean euskal blogosferaren inguruan gehixeago jakin nahian. Ordundik pentsatuta neukan idaztea han ikusi eta ikasitakoaz baina, batetik, Ordiziako jaiak hasi ziren egunean bukatu ziren nire joan-etorriak Iruñera eta, bestetik, hainbeste ideia atera nituen bertatik nire blogean buru-belarri sartuta egon bainaiz horietako batzuk martxan jarriz. Berandu bada ere, hona hemen agindutakoa.
Hasteko, aipatzekoa da han bildu ginenon perfil aniztasuna (informatikariak, irakasleak, kazetaritza mundukoak…) eta horrexek eman zion, nire ustez, ikastaroari benetako aberastasuna. Hori bai, bagenuen denok zerbait komuna: euskal blogosferako partaide izan eta bakoitzak gure ikuspuntu ezberdinetik berau eraiki eta handitzen lagundu nahia!
Aipatzekoa ere hainbestetan entzundako izenei aurpegi bat jarri izana. Nork ez du inoiz Gari Araolazarekin, adibidez, hitzen bat partekatu aurki.com-en bidez jasotzen dugun artikuluren batean? Edo nork ez du Jabi Zabalaren sarean.com ezagutzen? Bada, ikastaro honek, ondoren aipatuko ditudan jarduera guztiak egiteko baliagarri suertatzeaz gain, hainbestetan entzundako izenei itxura emateko ere balio izan du. Baina gatozen harira.
Aipatu bezala, ikastaroan gai anitz jorratu dugu. Lehenengo arratsaldean Patxi Gaztelumendi kazetaritza partehartzaileaz aritu zen (benetan interesgarria Patxik mahai gainean jarritako gaia: blogen eztandak komunikazioaren ingurugiroan izan duen eragina, hartu duen indarra eta irabazten ari den audientzia) . Ondoren ikasle bakoitzak blog bat sortu genuen. Bigarren egunean, goizean, Gari Araolaza(aurki.com eta eibar.org ) eta Jabi Zabala (sarean.com) ezagutzeko aukera izan genuen. Garik aurki.com aurkeztu zigun zehaztasun osoz eta, ondoren, Jabik euskarazko blogintzaren bilakaerari errepaso dotorea eman zion. Saio hauen bukaeran burututako mahai-inguruan aparteko parada izan genuen bilduta geundenon interesei buruz hitz egiteko eta geroari begira asmoak azaltzeko ere. Baina, esan behar, azken puntu hau airean gelditu zela. Galdera eta gogoeta ugari geure buruetan: euskal blogosfera txikia izanik ere, dispertsio handia dagoela sumatzen da. Zein bideari jarraitu behar diogu? Zer egin dezakegu gure blogosferan atomizazioa saihestu eta benetako euskal blogosfera -jada atzera pausorik onartzen ez duen euskal blogosfera- indartzeko??? Tamalez, erantzuna ez da hain erraza, baina gure esku dago… Arratsaldean, wordpress euskaratuarekin aritu ginen lanean (honen inguruan ez naiz gehiago luzatuko nire blogkide den Jolausek ederki azaldu zuelako beste artikulu batean!) Hurrengo goizean Iñaki Alegria (EHUko informatika saileko irakaslea) eta Gorka Juliok (teketen) software ezbedinak aztertu zituzten ikuspegi informatikotik (guztiz interesgarria eta ulertzeko erraza informatika mundutik hain gertu ez garenontzat. Gorkaren blogean aurki dezakezue material guztia. Mila esker, Gorka, microwikiagatik!). Ikastaroa amaitzeko, Berriako zuzendari den Martxelo Otamendik Blogak eta euskal prentsaren inguruan gogoeta egin zuen. Bere jario atseginaz, prentsaren erraiak azaleratu eta blogen munduari astindu txiki bat ere eman zion (benetako informazio iturri gisa edo kazetaritza partehartzaile hori pixka bat zalantzan jarriz???? Dena den, badirudi beraiek ere mundu honetan sartzekoak direla eta han geundenon iradokizunen bat baino gehiago jasota joan zen bera ere.
Ikusten duzuen bezala, aniztasuna izan da ikastaroaren gakoa: pertsonen aniztasuna, helburuen aniztasuna eta jorratutako edukien aniztasuna!
Handik bueltan, erabaki dezente hartu nituen nire blogaren inguruan: wordpress erabili, wiki bat sartu ikasleekin istorio elkarreragileak sortzeko…eta, azkenean, horiek guztiak hementxe irudikatu ditut (pixkanaka osatzen joango naiz).
Beraz, ikastaro oparoa eta emankorra alde guztietatik.
IKTerook eskerrak eman nahi dizkizuegu gure bloga (gor)aipatzeagatik eta nik, bereziki, jasotako adeitasunagatik. Mila esker Patxi, Gari, Jabi, Xabi, Iñaki eta Julio! Ondo izan eta laster arte…