Une honetan gauzak zertxobait baretu direla dirudien arren, duela aste batzuk sekulako zurrunbiloa sortu zen sarean Yahook Delicious itxi edo, agian, saltzeko asmoak zituela jakin zenean. Harrez gero, asko dira begiak Yahooren zerbitzurik arrakastatsuenean jarrita dutenak. Antzekorik gertatuko ote da Flickr-ekin?
Web 2.0ren eztandaren jatorrian kokatu izan da Delicious. Dagoeneko 5428 erreferentzia ditut gordeta bertan, lehenengoa 2005eko maiatzaren 5ekoa izanik. Hainbeste denbora pasa bada ere, Delicious da oraindik gehien erabiltzen dudan aplikazioetako bat eta nire informazio iturririk garrantzitsuena. Bertatik jasotzen ditudan jarioek eta bertan egiten ditudan bilaketek nire jakinmina asetzen duen iturri nagusiak izaten jarraitzen dute. Yahooren asmoak ezaugutu zirenean (hasieran itxi nahi zuela, gero saldu) jendea urduri jarri zen, jasota zituzten gogokoak desagertuko ote zitzaien beldur. Askok hauek esportatu eta bigarren zerbitzu batera migratzea erabaki zuten (Diigo, nagusiki). Nire kasuan, bildutako informazioa galtzea baina gehiago (informazio gehienak ez du balio gehiegirik gaur egun) dagoeneko eginak ditudan loturak eta beste erabiltzaileekin sortuta ditudan taldeak galtzea ematen dit amorrazioa; alegia, tresnaren alderdi soziala da niretzat baliagarriena. Dena den, ez dut uste zerbitzuak azkenean krak egitera helduko denik. Jarraitzen dut pentsatzen zerbitzuak atzean duen erabiltzaile kopurua dela eta, negozio egiteko oraindik badela gai uste dut. Aukera bat, agian errazena, zerbitzua premium bihurtzea izan daiteke. Akaso ez genuke gutako askok izena emango horretarako aukera izango bagenu? Nik ordainduko nukeela uste dut, Flick-en Pro kontua ordaintzen dudan moduan. Bitxia ezta? Yahoorena da une honetan, erabiltzen ditudan web zerbitzu guztietatik, ordaintzen dudan bakarra eta ez litzaidake batere axolako, Delicous (baita Yahoorena) erabiltzeagatik zerbait ordaindu beharko banu.
Delicious-en egoera dela eta, askok jarri dira Flickr-i begira. “Eta honi ere antzekorik gertatuko balitzaio?” galdetzen dute/dugu askok. Aurreko estekan egoera horretara heltzeko bi kausa azaltzen dituzte.:
One cause for worry is reports of sudden and unexplained account deletions. The other is the possibility that Flickr might fail for the same reason that, say, MySpace is now failing. That is, by declining use, disinterest or mismanagement by the parent corporation, or a decline in advertising revenues.
Asko izan dira azkenaldian argitaratu diren antzeko iritziak. Zurrumurruekin amaitu nahian Yahook berak aipatu zuen duela egun batzuk ez duela asmorik Flickr hiltzen uzteko, aplikazioaren mantenu eta bere garapenarekin jarraitzeko konpromisoarekin jarraitzen duela. Zenbaterainoko sinisgarritasuna duen “konpromiso” horrek ez daukat oso garbi. Izan ere, atzo bertan jakin nuen Flickr-ek erabiltzaile baten 4000 argazki ezabatu dituela eta ezin dituela berreskuratu. Ummmm… kezkagarria, ala?
Nire kasuan, Flickr argazki gordailu moduan soilik erabiltzen dut, aplikazioaren alderdi sozialak (Deliciousen kasuan hainbeste garrantzia duena niretzat) ez du balio gehiegirik nire kasuan. Kasu honetan argazkiak galtzea bai izango litzateke traumatikoa niretzat hortxe baitauzkat gordeta, segurtasun kopia modura, azken urteotako familiako argazki gehienak, besteak beste. Beraz, gauzak nola dauden ikusita, adi egotea eta irtenbide posibleak aztertzea zerbait kritikoa bihurtu da niretzat. Eta zeintzu irtenbide har daitezke Flickr-ek porrot egin baino lehen?
Aukera desberdinak planteatzen ari dira sarean zehar. Aurrean aipatutako artikuluan, adibidez, bi irtenbide planteatzen dituzte: orain ordaintzen dugun kuota igotzea edo norberak kudeatuko lituzkeen (self-hosted) Flickren antzeko guneak garatzea (Diaspora/Facebook-en antzeko zerbait ulertzen dut nik). Badira ere, Flickr erabiltzen dugunok zerbitzua erosi beharko genukeela proposatzen dutenak (Delicious-ekin ere antzeko proposamenak irakurri izan ditut). Tira, horrelakoetara heldu aurretik Yahooren mugimenduak nondik doazen aztertu beharko genuke. Hori garbi. Dena den, egoera argitzen doan bitartean, ez legoke batere gaizki Flickr-en gordeta ditugun argazkien babes-kopia egiten duten aplikazioren batekin probatzen joatea.
Eta zuk, zer uste duzu gertatuko dela Flickr-ekin? Zuk zer egingo zenuke?