Nik ez dakit zahartzen ari naizelako, irakaskuntzaren inguruan dauden erakundeen jokabidea geroz eta ulergaitza egiten zaidalako edo erabat pitzatuta nagoelako den, baina zenbait gauza ikustean, “malaletxean” jartzen naiz eta ia egunero erabat ozpinduta oheratzen naiz. Oraintxe bertan, Espainiako Hezkuntza Ministerioak eta beste erakunde batzuek (Eusko Jaurlaritza ere agertzen da) sortutako Agrega Proiektuaren gunean sartu naiz eta azpiko bideoa ikusi dut. Erraiak nahastu zaizkit.
Badirudi, irakaskuntzaren arazorik nagusiena ikasleen asperraldiak direla eta hori sahiesteko irtenbidea flash animazio batzuk jartzea dela. Hori bai, ahal bada, arbela digital batetan.
Baina zer arraio ari dira administrazioak, alde batetik, Konpetentzietan Oinarritutako Hezkuntza ezarri nahian eta, bestetik, gisa honetako mezuak zabalduz? Eredu horrek ez al du errepikatzen betiko eredu magistrala? Norbaitek esango lidake nola arraio lortzen da flash animazio horiekin ikasleen autonomia, iritzi kritikoa, ikasle sortzaileak, ekintzailetza, IKT konpetentziak, ikasten ikastea… ? Oraindik sinistarazi nahi digute baliabide digitalak erabiltzeagatik metologian eragiten ari garela edo etorkizunerako prestatzen ari garela?
Bada, jakin dezatela geroz eta irakasle gehiago garela horrekin amaitzeko prest gaudenak, geroz eta garbiago daukagula IKT baliabideak ez ditugula erabili nahi betiko ereduak errepikatzeko, gure eginkizuna saio magistraletatik oso urrun ikusten dugula, ikasgelen lau hormak hausten ari garela, eduki eta formatu irekien aldeko apustu garbia egiten dugula, ikasleak egiten eta ekiten jarri nahi ditugula, industrializazio aroko ikastetxe eredu zaharkituarekin amaitzeko prest gaudela, ezagutza kolektiboa eraikitzen jardun nahi dugula, hezkuntza eragile guztion esperientziak partekatu nahi ditugula…
Mesedez, bideoa ikusi eta esaidazue oker nagoen eta iparra erabat galdu dudan, edo administrazio erakundeak dira mezu kontrajarriak zabaltzen ari direnak.