Mezu hau aspaldi argitaratu nahi nuen, baina gure ikastolan izandako gertaera larriak ez zidan uzten. Gai hauei heltzeko burua behar bezala ez dudan arren, ahalegina egingo dut eta bukatutzat joko dut gai honen inguruan idatzitako mezu sorta.
Aurreko mezuetan “Eskola hobeak denentzat” izeneko uda-ikastaroan esandakoa jasotzen ahalegindu nintzen. Gaur, nire bizipenen eta nire iritziaren txanda iritsi da.
Aitortu beharra daukat nire lehen inpresioa ez zela oso ona izan. Alde batetik, hizlarien aurkezpen negargarriek eta, bestetik, eginiko ikerketa ezberdinen inguruan eman zituzten datu kopuru ikaragarriek, grafikoek, formula estatistikek… jota utzi ninduten. Zorionez, lehen bi saio astun horiek pasa eta gero, hirugarrenean, ikerketen emaitzak eta ondorioak mahai gainean jartzen hasi ziren. Hortxe hasi zen hoberena. Hala ere, nire gusturako, interesgarriena bigarren egunean iritsi zen F. Javier Murillo irakasle madrildarraren eskutik. Bera izan zen bakarra zutik hitz egin zuena eta, nire ustez, komunikazio mailarik hoberena lortu zuena.
Dena den, bi egun horiek pasatu eta gero, ez dira aspektu formal horiek nire arreta irabazi dutenak. Bertan atera ziren gai interesgarriak eta mahai gainean jarritako ebidentzien aurrean, ikastetxeei eta hezkuntzan dihardugun guztioi planteatzen dizkiguten erronkak izan ziren nire interesa piztu zutenak eta izan nuen hasiera kaskarra ahaztera eraman nindutenak.
Goazen bada, gai horiek aztertzen hastera!
Hasteko, ikerketa ezberdinek, testuinguru eta egoera ezberdinetan, emaitza antzekoak islatzeak pentsarazten dit oso oker ez direla egongo. Eta, beste alde batetik, jasotzen diren datuen irakurketa ezberdinak egin diren arren, eta irakurketa horiek egin dituztenen ideologia, jatorria, eskarmentua… ezberdina eta anitza izan arren, antzekotasun handiak daudela ere agerian gelditu da. Beraz, aintzat hartu beharreko emaitzak eta ondorioak iruditzen zaizkit niri.
Hori dela eta, ISEI egiten ari den eta oraindik bukatu ez duen ikerketa baten datuetatik aurkeztu zizkiguten ondorioak izango dira nire idatziaren ardatz.
EAEn 3 urtetan eginiko Diagnostiko Frogen emaitzak hartuta, nabarmendutako ikastetxeen ikerketa bat da. Laginak, sare, lurralde eta maila sozioekonomiko ezberdineko ikastetxeak hartzen ditu bere baitan eta horrek nolabaiteko fidagarritasuna ematen du. Bada, ISEIk egiten zituen planteamendua, ondorengoa zen: zer dute komunean ikastetxe hauek gisa horretako emaitzak lortzeko? Ba al dago zer edo zer besteengandik bereizten dituena? Euren eredua beste ikastetxeetara eraman al daiteke?…
Ikastetxe horiei eginiko bisitetan, egindako elkarrizketatan eta abarretan jasotako informazioarekin eta bildutako datu guztiekin, interpretazioaren garaia iritsi zenean, bost puntu nabarmentzen ziren gainontzeko guztien gainetik:
- Ikasleen arreta pertsonalizatua
- Irakasleen arteko koordinazioa eta formazioa
- Zuzendaritza taldearen lidergo sendoa
- Denboraren kudeaketa
- Eskola giroa
Arestian esan dudan bezala, ondorio hauek, edo oso antzekoak, dira beste ikerketetan errepikatzen direnak. Horregatik, ez naiz beste xehetasunetan sartuko eta hauek aztertuko ditut.
Ikasleen arreta pertsonalizatua
Ikastetxe guztien Hezkuntza Proiektua irakurriz gero, gai honen inguruan egiten diren aipamenak txalotzekoak diren arren, errealitatea, zoritxarrez, oso bestelakoa da. “Fastfood” eredua izan da aspalditik nagusitu dena eta oraindik ere, ibilbide oso luzea falta da “Michelin” eredura hurbiltzeko.
Gai hauen inguruan gertatzen ohi den bezala, batek baino gehiagok baliabide eskasien edo denbora faltaren gaiak plazaratuko dituzte. Ni ez naiz izango orain bizi garen garai zail hauetan murrizketen alde aterako dena, ezta gutxiagorik ere, baina oso garbi daukat ditugun baliabide eskas horiekin ere, orain egiten duguna baino askoz ere gehiago egin dezakegula. Bestela, nola liteke ikastetxe horiek atal horretan horrelako balorazioa izatea? Akaso, besteok baino baliabide gehiago dute? Garbi dago ezetz. Gehiago esango dut, ikastetxe horietako batzuk zerbaitegatik nabarmentzen badira, hain zuzen ere, ez da luxuzko ikastetxeak izateagatik edo ratio estratosferikoak izateagatik, borondate irmo bat izateagatik baizik.
Hortxe dago gakoa. Ikastetxe batzuk arazoari aurre egiteko borondatea erakutsi eta bide desberdinak urratuz, dokumentuetan agertzen dena errealitatea bihurtzeko ahalegin sendo bat egin dute. Zalantzarik gabe, errazena, horientzat ere, baliabide eskasiarekin kexu azaltzea eta berdin jarraitzea litzateke, baina hori lortu bitartean ikasleak gure geletan daudenez, beste zerbait egitea erabaki eta lortu dute. Besteok zergatik ez?
Eta zer da egin daitekeena borondate hori dagoenean? Nik oso garbi daukat formula magikorik ez dagoela, baina ikasleen gertuko arreta pertsonalizatu hori lortzeko oztopoak izan daitezkeen faktore batzuk bai:
- Homogeneizazioa sustatzen duten ereduak, hau da, ikasle guztientzat eduki, helburu eta irizpide berdinak planteatzen dituztenak.
- Ikasleekiko kezka ordu lektiboetara eta gai akademikoetara mugatzen denean.
- Betiko arlo akademikoei egundoko garrantzia ematen zaienean, gainontzeko arloen kalterako.
- Ikasle batek izan ditzakeen arazoen aurrean, ebaluazioaren emaitzak izan arte inongo erabakirik hartzen ez denean.
- Irakaslea bere apunteak diktatzera edo testu liburua irakurtzera eta azpimarratzera dedikatzen denean.
- Ikasle bakoitzaren ikas-estiloa aintzat hartzen ez denean.
- Zailtasunak dituzten ikasleak, beste ezer aintzat hartu gabe, “talde berezietara” bidaltzen direnean.
- Gaitasun handiko ikasleak detektatzen ez direnean eta urtetan aspertzen uzten direnean.
- …
Irakasleen arteko koordinazioa eta formazioa
Aurreko puntuarekin gertatzen den bezala, ikastetxe gehienek goraipatzen dute euren irakasleek duten koordinazioa, egiten dituzten ikastaroak… Hori bai, ikastetxe horiek koordinazioaz eta formazioaz ulertzen dutena jakin nahiko nuke nik zer den. Izan ere, horrenbeste goraipatzen dituzten aspektu horiek eguneroko praxian nekez ikusten dira.
Koordinazioari dagokionez, zenbait ikastetxetan, etengabeko bileren maratoi bat ikusten bada ere, agerikoa da irakasle bakoitza bere “irla pribatuan” (gelan) sartzen denean, ez dut esango sudur puntan jartzen zaiona egiten duenik, baina ez da oso urruti ibiliko. Zenbat kasu ezagutzen ditugu non irakasle talde batek proiektu bat planifikatu, diseinatu, burutu eta ebaluatzen duen? Zenbat kasutan ikusten da irakasle talde bat 2, 3 edo 4 gela batera hartuta, espazio komun batean elkarlanean?
Koordinazio eraginkor bat lortzeko, hezkuntza munduan horren ohikoak diren bilera sorta horiek ez dira beharrezkoak. Behar beharrezkoa dena beste zerbait da; lehena, ikasleei eskatzen dizkiegun konpetentzietan trebatzea (talde lanerako teknika eraginkorrak erabiltzea, IKT baliabideak elkarlanerako erabiltzea, komunikaziorako kanal eraginkorrak izatea…), bigarrena, gure jardunaren ardatza ikasleak direla burutik ez kentzea, hirugarrena, ikastetxearen planifikazioan espazioak eta denbora lan ordutan aurreikustea proiektu baten inguruan lanean ari diren guztiak elkartu ahal izateko…
Formazioari dagokionez, ikastetxe gehienetan, ordu kopuru izugarri eskaintzen zaio betiko formazio arautuari. Hori bai, formazio horrek ikastetxeari egin dion ekarpenaren inguruan ikertzen hasten garenean, segituan ohartzen gara oso eskasa edo nulua dela.
Maiz entzuten dugu irakasleon lanak duen desprestigioa eta horrek gure jardunean duen eragina. Bada, nik uste dut merezi dugun desprestigioa dugula.
Zergatik? Bada, oso lanbide gutxitan gertatzen delako gurean gertatzen dena. Norbaitek imajina dezake mediku bat esanez teknologia ez duela erabili nahi zaila egiten zaiolako? Edo, medikuntzan ematen ari diren aurrerapenen berri ezagutzeko inongo ahalegina egiten ez duen zirujau bat? Edo, duela 40-50 urteko teknikak erabiltzen dituen dentista bat? Ez, ezta? Bada, zoritxarrez, irakaskuntzan hori oso ohikoa da. Beste inon baino “denbora libre” gehiago dugun arren, oso gutxi dira euren garapen profesionalari denbora eskaintzen diotenak. Horregatik, opor luzeegiak ditugula, lan gutxi egiten dugula… eta antzekoak esaten dizkigutenean, kasu askotan, egia da eta aitortu beharra daukagu.
Bestalde, formazioaren gaia, batzuentzat negozio borobila bihurtu da eta, irakasle askorentzat, aitzakia perfektua inongo aldaketarik ez emateko. Edozein motako aldaketaren aurrean, ikastetxe gehienetan entzuten den erretolika “formazioa behar dugu” da. Bada, zergatik ez diogu gure erantzukizunari heltzen eta auto-formazioari tarte bat eskaintzen? Zergatik ez dugu gure lankideen laguntza bilatzen? Zergatik administrazioaren esku utzi gure ardura den hori? Ardura hori hartu ezean, zer argudio daukagu beste sektoreetan dituzten 500-600 lanordu gehiago ez izateko?
Nire ustez, lanordu gutxiago izateak ez du esan nahi lan gutxiago egiten dugunik, baina batzuen jarrera ikusita, zaila egiten da hori defendatzea.
Formazioarekin lotuta edo, hobeto esanda, garapen eta kualifikazio profesionalarekin lotuta, irakaskuntzan irakasleon lana baloratzeko egun dagoen sistemak ez du gehiegi motibatzen. Hasteko, ikasle helduekin lan egiten baduzu, soldata handiagoa daukazu, nahiz eta pedagogiaz edo irakaskuntzaz ezer ez jakin eta inongo interesik ez izan. Imajinatzen duzue pediatra batek geriatra batek baino gutxiago kobratzen eta lanordu gehiago sartzen umeekin lan egiten duelako? Hori eta lanean daramagun denbora besterik ez da aintzat hartzen irakasleen balorazioa egiteko. Sistema horrekin, normala da irakaskuntzarekiko inongo interesik ez duen jendeaz betetzea gure ikastetxeak. Adibidez, Ingeniaritza teknikoa edo beste ikasketa batzuk egiten dituenak, ez dut uste irakaskuntzan aritzeko egiten duenik. Bada, horietako askok, bestelako lanik aurkitzen ez dutenean, gure ikastetxeetan bukatzen dute eta, automatikoki, Haur Hezkuntzan edo Lehen Hezkuntzan sekulako ilusioz eta energia eskainiz ari den irakasle batena baino kualifikazio handiagoa ematen zaio. Gauzak diren bezala, eta justuak izateko, horietako askok hezkuntzaren munduan sartu bezain pronto “engantxatu” egiten dira eta sekulako ekarpena egiten dute. Baina nik esan nahi dudana ez doa hortik, hezkuntza munduan irakasleen kualifikazioa eta garapen profesionala sustatzeko dugun sistemak dituen gabeziak eta kontraesanak baizik. Beste inongo lanbiderik ez da horrelakorik gertatzen. Adibide gori bat jartzearren, 30 urte lanean daraman irakasle batek inongo formazio osagarririk gabe edota inongo proiektu berritzailean murgildu gabe eta 5 urte daramatzan eta etengabe formatzen ari den eta proiektu desberdinen ardura edo partaidetza hartu dituen beste batek baino 200-300 € gehiago jaso ditzake.
Garapen pertsonalerako aukera eza horrekin eta formazio formalarekiko dagoen jarrera konformistarekin, oso zaila egiten dira auto-ikaskuntza edo formazio informalaren alde egiten diren ahalegin guztiak.
Zuzendaritza taldearen lidergo sendoa
Gai honen inguruan zalantza gehiago datozkit burura. Izan ere, ikastaroan aipatu zutenez, era guztietako zuzendaritza estiloekin topatu dira eta berdin lidergo banatua zein zentralizatua zuten ikastetxeetan antzematen omen zen lidergoaren eragina.
Nik ez dakit zein den estilorik egokiena, nahiz eta lidergo banatuaren aldekoa izan, baina oso garbi daukat zuzendaritza taldeen osaketan aldaketa sakonak behar-beharrezkoak direla. Ez da posible gaur egun gertatzen denarekin jarraitzea. Ikastetxe askotan, “deskartea” edo errotazioa da erabiltzen den metodologia taldeak osatzeko edo zuzendaria izendatzeko. Jakina, gogoz kontra edo inongo motibaziorik gabe sartzen den jendeak buruan noiz aterako ote diren besterik ez dute. Ez dut uste lidergo sendo hori ezartzeko oso egoera ona denik.
Bestalde, talde horien iraupenak ere berrikuspen bat merezi duela uste dut. Ez da posible ardura horien gako garrantzitsuenak ikasten hasita daudenean eta ekarpenik handiena egin dezaketen unean, kargua uztea. Modu berean, beste inork saltsa horietan sartu nahi ez duelako, horretarako prest dauden pertsonak karguan eperik gabe luzatzea. Izan ere, karguan luzatzeak “bizio” ezberdinak hartzea, ekimena galtzea, pertsona horrekiko mendekotasuna haztea… dakar. Horregatik, nik gutxieneko eta gehienezko urte kopuruak ezarriko nituzke karguan egoteko.
Ikastaroan aipatutako beste ildo bati helduz, zuzendaritza taldea administrazio lanetatik at egon behar da eta bere zeregina esparru pedagogikoan zentratu behar da. Horrek esan nahi du, beste gauza askoren artean, zuzendaritza talde batean sartzen den orok arlo pedagogikoaren inguruan ezagutza sakonak izan behar dituela eta hori lortzeko era guztietako formazioa hartu beharko duela.
Azken urte hauetan zuzendarien bilera batzuetan egotea tokatu zait eta ikustekoa da bertan entzuten diren gauza batzuk. Adibidez, IKTen inguruan entzun behar izan nituen astakeriak edo gai pedagogiko batzuen inguruan agerian uzten zuten ezjakintasuna, ez ziren nolanahikoak.
Azkenik, gaur egun, zuzendaritza taldeetako kideen lan baldintzak ikusita, ez da harritzekoa ikastetxe askotan gertatzea arestian esan dudana. Talde horiengan jartzen den erantzukizunari aurre egiteko, sekulako ahaleginak egin behar izaten dituzte eta oso ohikoa da taldeetako kide horiek gauez eta egunez lanarekin bueltaka. Horregatik, derrigorrezkotzat ondorengo bi aspektuak lehenbailehen zuzendaritza talde guztietan inplementatzea: alde batetik, zuzendaritza taldearen eginkizuna ez da ikastetxeko aspektu guztiak kontrolatzea edo gidatzea, delegatu behar dute eta ardurak banatu behar dira eta, bestetik, funtzionatzeko metodologia berritzaileagoak inplementatu behar dira dagokien ardurarik nagusiena eraginkortasunez burutu ahal izateko: lidergo pedagogikoa.
Denboraren kudeaketa
Gai honen inguruan hitz egiten den bakoitzean, betiko salbatzaileek ordu libreetan irakasle batzuek kafetegian edo erretokian pasatzen duten denbora aipatzen dituzte, baina ez dira konturatzen gai honek zerikusirik ez duela horrekin. Lantoki guztietan tarte batzuk daude gisa horretako uneak izateko eta nik garbi daukat onuragarriak direla, bestela, esklabismoa izan daiteke alternatiba.
Denboraren kudeaketa aipatu zutenean, oso garbi gelditu zen zertaz ari ziren, nagusiki: gela barruan ikaskuntza prozesuei eskaintzen zaien denbora eta koordinaziorako, elkarlanerako eta antolaketarako eskaintzen den denbora.
Gela barruko lana, arestian esan dudan bezala, aparteko mundu bat izaten ohi da non irakasle bakoitzak gela kudeatzeko bere estrategiak erabiltzen dituen. Hori dela eta, oso ohikoa da entzutea, batez ere maila batzuetan, ikasleak zentratzen edo prestatzen direnerako saio erdia joaten zaiela. Bada, emaitza onak lortzen dituzten ikastetxeetan, hori ez da gertatzen. Esan zutenez, ezaugarri hau ikastetxe on guztietan errepikatzen da eta ikastetxearen “kulturaren” parte garrantzitsu bat da. Irakasleek puntualtasunak duen garrantzia ez dute ahazten eta ikasleek ere, gelan sartzen direnean, badakite bertan ez dela denbora galtzen. Horregatik, behe mailako geletan horren ohikoak diren ikasleen ilarak zuzenketaren zain, pentsaezinak dira ikastetxe horietan.
Horregatik, metodologia aktiboen erabilera ia derrigorrezkoa bihurtzen da. Hala ere, aitortu zutenez, oso metodologia ezberdinetako ikastetxeetan lortzen dute gela barruko denborari etekin handia ateratzea.
Antolaketari dagokionez, ikastetxe askotan, denbora mordo bat alferrik galtzen da era guztietako bilerak egiten, baina inoiz ez dute aztertu edo ebaluatu bilera horien eraginkortasuna. Hori dela eta, denbora asko eskaini bai, baina etekin atera oso gutxi. Emaitza bikainak lortu dituzten ikastetxeetan, adibidez, bilerak ez dira araua, salbuespena baizik. Hau da, proiektu bat edo zeregin bat burutzeko, bestelako bide eraginkorragoak garatu dituzte (sarea da biderik erabiliena) eta aurrez aurreko bilera, ezinbestekotzat jotzen dutenean baino, ez dute konbokatzen. Eta bilerak egiten dituztenean, aurretik finkatutako metodologia eta helburu argi bat dutelarik egiten dituzte, jendearen nekea eta frustrazioa saihestuz.
Bestalde, oso garbi finkatzen dituzte euren lehentasunak (bizpahiru izaten omen dira) eta bigarren mailako zereginak bigarren plano batean uzten dituzte edo ez dituzte betetzen. Akzesorioa den guztia kentzen dute. Planteamendu horrekin, ikastetxe horiek eraginkorragoak izateaz gain, bertako langileen inplikazioa eta asetze maila areagotzen dute.
Eskola giroa
Bukatzeko, gainontzeko aspektu guztiak laburbiltzen dituena dator. Oso adierazgarria da “irribarre tasa” kontzeptua erabiltzen dela ikastetxe baten giroa neurtzeko. Eta ez da tontakeria.
Honen aurretik aipatutako puntuetan aurrerapauso handiak eman dituzten ikastetxeetan, logikoa denez, oso giro ona arnasten da bertan eta pertsona guztietan antzeman daiteke. Hortik dator “irribarre tasa”ren kontzeptua. Jendea pozik ikusten da, ikasleak zoriontsu daude, gurasoak gustura eta irakasleek energia baikorra transmititzen dute.
Hala ere, badira beste faktore batzuk giro on bat lortzen laguntzen dutenak. Esate baterako, ikasleak eta gurasoak ikastetxearen erabaki garrantzitsuenetan, baita esparru pedagogikoari dagozkionetan ere, protagonismo erreala izateko aukerak sortu, komunitateko kide guztien arteko komunikazio kanal iraunkorrak eta dinamikoak sortu, guztien arteko elkarlana ikastetxearen “araua” bihurtu…
Tira, espero nuena baino askoz ere luzeagoak atera zitzaizkidan mezu hauek eta serieari amaiera ematen dion mezuak ez zuen gutxiago izan nahi, nonbait. Burua behar bezala ez dagoenean, zaila egiten da gai hauetaz aritzea eta idaztea, baina Ordiziako Jaiak hasi baino lehenago bukatu nahi nuen eta, nola hala, lortu dut. Gai hauen inguruan pentsatzen jartzeko balio izan badu, gaitzerdi, ez baitut beste inongo asmorik.