Eskola hobeak denentzat (2)

Atzo, ikastaroaren lehen saioaren berri eman genizuen eta gaur bigarren saioarekin gatoz. Gaurkoa ere mamitsua suertatu da, nahiz eta atzo aipatutako gauza asko errepikatu diren. Nolanahi ere, F. Javier Murillo Madrilgo UAMeko irakasleak eskainitako bi saioek zapore ezin hobea utzi digute.

Esan dudan moduan, gaurko lehen bi saioak F. Javier Murillorentzat izan dira eta hirugarren saioan mahai-inguru bat izan dugu ondorengo partaideekin: Abel Ariznabarreta (Ikastolen Elkartea), Xabier Mendizabal (BIHE) eta Pello Aranburu (EHU). Kristau Eskolako ordezkaria den Aitor Bilbaok ez du etortzerik izan.

Murilloren bi saioak oso interesgarriak izan direla garbi gelditu da, baina zerbait zuzentzearren, denboraz eskas ibili da esan behar zuen guztia esateko eta gai batzuk oso azkar eta asko sakondu gabe jorratu behar izan ditu. Asko gustatu zait komunikatzeko duen gaitasuna, transmititzen duen konbentzimendua, gertutasuna eta, aldi berean, apaltasuna.

Tira, hezkuntzaren inguruan egin diren ikerketa historikoen erreferentzia batzuk eman eta gero, adierazpen interesgarri batzuk mahai gainean jarri ditu: “eskolak, eraldaketa sozialerako ahalmen handia izan arren, desberdintasun sozialak errepikatu eta legitimatu egiten ditu”, “eskolaren eragina, %15-%20 ingurukoa baino ez da”, “jarrera eta balore eraldatzaileetan eskolak duen eragina oso murritza da”, “ikasleen errendimenduan, amak duen kultura mailak eragin oso handia du”… Hala ere, arestian esandako guztia esan eta gero, oso garbi utzi du eskolak duen esparru edo eragin mugatu horretan, asko egin dezakeela eta ez dela berdina irakasle edo eskola on batekin topo egitea, ekitatearen bidean gauza asko egin daitezkeela. Hori bai, horretarako, ezinbestekoa da eskola eraginkor bat izatea, zenbat eta testuinguru zailagoa izan orduan eta eraginkortasun handiagoa izan behar du. Eta zer ulertzen du berak “eskola eraginkor” bat izateaz? Bada, balio erantsia ematen duen eskola bat, ekitatea sustatzen duena eta ikasleen garapen integrala (ez kognitiboa soilik) bultzatzen duena (baloreei garrantzia handia ematen diena).

Bestalde, egiten diren analisietan, beste gauza batzuk ere begiratu behar direla aipatu ditu: emaitzak egonkorrak dira? ba al dute iraunkortasunik?, hau da, eskolatik irten eta gero, ikasle horien emaitzak mantentzen al dira? eraginkortasun diferentziala (norbanakoaren eboluzioa) neurtzen al da? irribarre-tasa altua du ikastetxeak? Eskola eraginkorra bada, galdera hauen erantzuna baiezkoa izango da. Baina oreka delikatu baten inguruan mintzatzen ari garenez, oso garbi utzi digu faktore batek huts egiten duenean, eskolak kolapso izan dezakeela.

Ondorengoak dira berak aipatu dituen faktore giltzarri gisa:

1.- Komunitatearen sentimendua

  • Ikastetxeak oso garbi dauka zer nahi duen eta bere Hezkuntza Proiektuan jasota dago.
  • Irakasleak konprometituta daude Proiektuarekin.
  • Irakasleek taldean lan egiten dute (ikasgelak “despribatizatuta” daude).

2.- Eskola giroa

  • Ikasleek ongi baloratuta eta aintzat hartzen dituztela sentitzen dute.
  • Komunitateko kiden arteko harreman onak ematen dira.
  • Irakasleak gustura daude.
  • Familiak ere gustura daude ikastetxearekin eta irakasleekin.
  • Ez dira berdinen arteko erasoak ematen (horrelako eraso bakar bat ematen bada, nahikoa da eskola eraginkorren multzoan ez sartzeko).

3. Eskola zuzendaritza

  • Zuzendaritza kolegiatua, konpromiso handia duena, gaitasun handikoa eta lidergo sendoa erabiltzen duena.
  • Lidergoa arlo pedagogikoan zentratuta eta parte hartzailea.
  • Lan administratiboetatik aldenduta eta aspektu pedagogikoetan aitzindaritzan dagoen taldea.
  • Eskarmentua duten pertsonak eta emakumezkoak hobeak omen dira.

4.- Kalitatezko curriculuma

  • Klaseak ongi prestatuta daude.
  • Lanak oso ongi egituratuta daude eta argiak dira.
  • Jarduerak mota anitzekoak dira, ikasleen parte hartze handia eskatzen dute eta hauek oso aktiboak dira.
  • Aniztasunari erantzuna ematen zaio. IKASLE GUZTIAK aintzat hartzen dira.
  • Baliabide didaktiko anitzak erabiltzen dira eta IKTen erabilera ohikoa eta “naturala” da.
  • Ebaluazioaren komunikazio etengabea. Ikasleen lanak feedback egokia du eta bere hobekuntzan zentratuta dago. Ez da epaitzen.

5.- Denboraren kudeaketa

  • Gelan pasatzen den egun kopurua.
  • Puntualtasuna.
  • Klaseen denbora optimizatuta dago.
  • Ikaskuntza-irakaskuntza jardueren etenak eskasak dira (absentismoa, grebak…).
  • Denbora malgutasunez antolatzen da.
  • Ikasleak desafiatzaileko jarduerak burutzen pasatzen duen denbora da balio duena.

6.- Eskola-Komunitatearen partaidetza

  • Ikasleek, familiek, irakasleek eta beste eragileek jarduera mota anitzetan elkarrekin parte hartzen dute.
  • Komunitateko kide guztiek antolaketan, funtzionamenduan eta erabakietan parte hartzen dute.
  • Zuzendaritzak partaidetzari garrantzia ematen dio eta hori erraztearren, kanal instituzionalak daude.
  • Ingurune hurbilarekin (auzoa, herria, erakundeak…) harreman estua du.
  • Familia eta ikastetxearen artean batasun sinergiak sortzen dira (gurasoak geletan sartzen dira ikasle txikiak jasotzera, gelak bisitatzen dituzte, irakasleekin hitz egiten dute…).

7.- Irakasleen garapen profesionala

  • Irakasleek hobetzeko eta ikasten jarraitzeko interes handia dute. Gauza bera komunitateari dagokionez.
  • Berrikuntzarekiko jarrera baikorra dago.
  • Ikas Komunitate Profesionala (ikaskuntza, kolaborazioa eta babesa) bihurtzeko aurretiko joera.


8.- Espektatiba handiak

  • Espektatiba handiak daude eta hauek ikasleei eta komunitateko beste kideei komunikatzen zaizkie.
  • Zuzendaritzak irakasleekiko espektatiba handiak ditu.
  • Familiek ere espektatiba handiak dituzte irakasleekiko eta zuzendaritzarekiko.
  • Administrazioak ikastetxearekiko ere espektatiba handiak ditu.

9.- Instalazioak-baliabideak

  • Beharrezkoak diren gutxieneko baliabideak daude eta hauek egokiak eta kalitatezkoak dira.
  • IKT baliabideak erabiltzen dira.

Horraino lehen saioan azaldutakoa eta atseden labur baten ostean, bigarren saioari ekin dio. Bigarren saio honetan eskolak hobetzeko, iparra markatu, bideak erakutsi eta proposamenak zehaztu ditu.

Hasteko, eskola bat hobetzeak zer esan nahi duen argitu nahi izan du:

  • Aldaketa planifikatuta, sistematikoa, koordinatua eta asumituta da. Hau da, bilatutako aldaketa izan behar du eta eskolaren kulturaren aldatuz lortzen dena.
  • Ikastetxean fokalizatutako aldaketa izan behar du.
  • Planteamendu sistematikoa eta ikastetxearen barne-baldintzetan oinarrituta egon behar du.
  • Pertsonal osoa hartuko du bere baitan.
  • Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan eta antolaketan zentratuta.
  • Aldaketaren funtsa, eskola, ikasleen eta irakasleen kalitatea hobetzea da.
  • Ikasleek inplikatuta egon behar dute aldaketan.

Laburtuz, ikastetxeak aldatu ahal izateko, ezinbestekoa da pertsonak aldatzea. Ebaluazioa beharrezkoa bada ere, EFQM bezalako modeloek balio dute, baina ez dute bermatzen hobekuntza hori. Gainera, pertsonak “erreta” bukatzeko arrisku handia dago, batez ere, eginiko lan izugarri horren ondoren, eremu pedagogikoan aldaketa hori ikusten ez dutenean. Hori dela eta, ebaluazio “txiki” eta pertsonalizatu batzuen aldekoa dela adierazi du. Hori bai, ebaluazioak, “per se”, ez du inongo aldaketarik ezta hobekuntzarik ere bermatzen.

Berak dioenez, eskola bat aldatzea gauza samurra da. Zailena, kultura bat sortzea da non ikastetxea bere kasa etengabe aldatzen, egokitzen eta hobetzen segitzen duen.

Une honetan, hiru indar-ideia azpimarratu behar direla esan du: kolaborazioa, babesa eta ikaskuntza. Nola lortu daiteke? Bada, hiru estrategia nagusi hauek jarraituz:

1.- Ikas Komunitate Profesionala

Zer da hori? 3 ardatz dituen aldaketa estrategia bat da: Komunitate osoaren ikaskuntza (guztientzat eta guztien artean), kolaborazioaren bitartez eta elkarri babesa emanez.

Zein dira IKPen ezaugarriak?

  • Balioak konpartituta daude (ikusmira).
  • Ardura kolektiboak.
  • Ikasleen ikaskuntzan eta irakasleen hobekuntzan zentratuta.
  • Elkarlana oinarria da.
  • Profesional guztiek ikasten dute euren lanbidean hobeak izateko.
  • Irekita daude eta sare ezberdinetako kideak dira.
  • Elkarrenganako konfiantza, errespetua eta laguntza.

Eta, zein dira IKPen indar-ideiak?

  • Ikasgelak “despribatizatuta daude (inork ez du esaten hau nire gela da edo ikasle hori zurea da, denak sentitzen dira erantzule)
  • Ikastetxea norberarena dela sentitzen dute.
  • Laguntza eskatzea/eskaintzea ohiko gauza bat da.
  • Auto-konplazentzia saihesten da.
  • Irakasleak profesional duinak bezala ikusita daude.
  • Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak ez daude estandarizatuak eta, horren ondorioz, ikasle estandarraren irudia desagertuta dago. Erronka etengabea da.
  • Norbanakoaren ikaskuntza eta ikaskuntza kolektiboa sustatzen dira denbora, espazioak, baliabideak, erraztasunak… emanez.

Ikastetxeen “Kultura” gaitzat hartuta, Louise Stoll eta Dean Fink aipatzen dituzten 10 puntu eskola kulturan txertatzeko ekarri ditu gogora:

  • Helburu komunak
  • Arrakastaren ardura guztiona da
  • Talde lana
  • Etengabeko hobekuntza
  • Ikaskuntza, guztiaren oinarri eta ardatz
  • Arriskuak hartu
  • Elkarren babesa sentitu
  • Elkarren errespetua bultzatu
  • Argitasunez hitz egiten da
  • Ospakizuna eta umore ona

2.- Lidergo banatua

Zer esan nahi da horrekin? Bada, eskola ulertzeko beste era berri bat da. Ez da eginkizunen birmoldaketa hutsa, aitzitik, arestian aipatu dugun kultura horren aldaketa sakon bat da, zeinek komunitateko kide guztien konpromisoa eta inplikazioa eskatzen duen. Konpromisoa eta inplikazioa eskola kudeatzeko, funtzionamendu hobe bat bermatzeko eta kultura on hori sustatzeko. Kide guztien indarguneak erabiltzen ditu helburu komun baten mesedean jartzeko. Konfiantza hori pertsona guztiengana iristen da eta lidergoaren eragina esparru guztietan islatzen da.

Horrek, noski, derrigorrean, inplikazio zuzenak ditu indarrean jartzen den eskoletan eta zuzendariaren irudia birplanteatu egiten du. Azken finean, lidergo banatua indarrean jartzen denean, zuzendaria aldaketaren kudeatzaile bat bihurtzen da. Lidergo anitzari bultzada ematen zaio eta pertsona guztiak, modu batean edo bestean, inplikatuta sentitzen dira. Irakasleak eginkizun profesionalagoa hartzera derrigortuta sentitzen dira eta guztien trebetasunak edo indarguneak aprobetxatuta daudela sentitzen dute. Inor ez da gutxiesten edo baztertzen. ArgiƱanok esango lukeen bezala: “Hemen ez da ezer botatzen”.

3.- Ikas sareak

Sare hauek konpetibitateari erantzun bat emateko modu bat dira eta irakasleen isolamendu tradizionala haustera datoz. Konpromisoa optimizatzeko aukera bat dira eta elkarlanean oinarritutako berrikuntzarako aukera paregabeak dira. Sare hauek aukera anitz eskaintzen dituzte:

  • Ezagutza sortu eta partekatu
  • Baliabideak optimizatzen dira
  • Ikaskuntza sustatzen dute
  • Praktika onak barreiatzeko aukera paregabea
  • Partaide guztien kapital sozio-intelektuala areagotzeko aukera
  • Berrikuntzak eskaini
  • Espektatibak areagotu

Bukatzeko, ondorengo ideiak luzatu ditu:

  • Gizartea hezkuntzaren bitartez aldatzea posiblea izan ez ezik, BEHARREZKOA DA!
  • Gizarte justu baten alde eskolak kolaboratu behar du. Horretarako, EKITATEA ezinbestekoa da.
  • Berrikuntzak ezartzea urgentzia bat da. Egin ezean, nekez lortuko da ikasten duen komunitate bat, babesa ematen duen komunitatea eta kolaboratzailea den komunitatea.

Bueno, honaino, korrika eta presaka hartu ahal izan ditudan oharrak.

Baina goizak mahi-ingurua burutzeko gordeta zeukan hirugarren saioa. Hala ere, mezuak hartu duen luzera ikusita, beste baterako utziko dut mahai-inguruan jaso ditudan ohar nagusienak eta, horrela, aprobetxatuko dut nire iritzi pertsonala zuekin partekatzeko.

Argitaratzailea

Mikel Etxarri

Lehen Hezkuntzako irakaslea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.